05 MAY. 2024 KIROLA Entrenamendu ikusezina Aitor Maiza Apezetxea - Salto Training Jarduera fisikoaren eta kirolaren mundua gero eta arlo gehiagotara zabaltzen ari da; eta aldi berean, gero eta arlo gehiago dira jarduera fisikoaren eta kirolaren munduan euren lekua aurkitu dutenak. Azken finean, bai errendimenduaren munduan, baita osasunaren munduan ere, norbanakoarengan eragiten duten faktoreak arlo askotakoak direla ohartzen ari gara eta arlo bakoitzari dagokion garrantzia ematea ezinbestekoa da. Izan ere, entrenamenduaz gain, elikadurak, atsedenak, psikologiak, bizitza sozialak eta lan-kargak eragin zuzena dute gure garapenean, eta ezinbestekoa da bakoitzak duen pisuaz kontziente izan eta hura zaintzea. Entrenamendu orduez gain, asteko 168 orduetan egiten dugunak eta egiten ez dugunak ere bere pisua izango du gure prozesuan: zer, noiz eta nola jan eta edaten dugun; zenbat ordu eskaintzen dizkiogun loari eta atsedenari; zenbaterainoko presioa sentitzen dugun edota zein ikuspuntu dugun prozesuarekiko; gure bizitza sozialak eta familiarrak asebetetzen gaituen ala ez; lanagatik jasan beharreko estresa zenbaterainokoa den eta beste hainbat eta hainbat faktore. Alor horiek goi-errendimenduan duten pisua gero eta handiagoa den arren, mundu amateurrean dagoen kontzientzia-maila ez da behar lukeena bezainbestekoa (Sancho, Juan & Arufe-Giraldez, 2019). Edo, agian, entrenamendu ikusezin hau gauzatzeko garaian, okerreko praktika asko egiten ditugu gutariko askok: batzuek, ezjakintasunagatik, eta beste batzuek, hirugarren pertsona batzuei entzun edo ikusi diegulako. Adibide zehatzetara joanda: zenbatek hartzen ditugu elikadura-osagarriak gure errendimendua edo osasuna hobetzeko helburuarekin, ondoren gure oinarrizko dieta zaindu gabe? Edota zertarako behar ditut hanketako neketik errekuperatzeko presoterapiako bota berezi batzuk, ondoren ez badiot loari behar duen garrantzia ematen? Beraz, ziur aski, entrenamendua inguratzen duten beste zenbait arlotan egin ahal ditugun aldaketatxo txikiak eginda gure eboluzioa hobetzeko aukera izango genuke, bai errendimenduari begira, bai errehabilitazio prozesu batean, baita osasun orokorra hobetzea helburutzat duen edonork ere.