05 MAY. 2024 IRITZIA Gauza sinpleak Amagoia Mujika Auzoaren, herri txikiaren, kolorea gustatzen zait. Nirea izan edo ez. Toki bizigarriak iruditzen zaizkit. Nirea ez den auzo bateko supermerkatu txiki batean sartu naiz. Parean daukat eta presaka nabil. Ni ez beste guztiak beren izenez agurtu ditu harakinak. Aurrekoan eramandako xerra oso samurra zegoela esan dio ilea urdindutako emakumeak. Berak beti haragi ona ematen diola, harakinak. Saltzaile ona badela behintzat, emakumeak. Biak irri bihurriz. Beste aldetik, gizonezko bat platanoa zenbatean dagoen galdezka. Garesti dagoela, joan den astean merkexeago ez ote zegoen. Ordaintzeko ilaran, aurretik senar-emazte batzuk ditut, orga beteta. 70 urtetik gora dituzte. Supermerkatuko langileak sekulako mimoz antolatu dizkie poltsak. Gauza pisutsuak beheran; hausteko arriskua dutenak, goran. Bere denbora hartu du. Gazteleraz ari zaie, Latinoamerikako doinuz, eta beren izenez deitzen ditu. Kontua emateko orduan, «laurogeita hiru euro eta hamazazpi zentimo», euskara garbi-garbian. Harritu egin da emakumea: «Hara! Euskara ikasten ari al zara?». «Zenbakiak bai, para cobrar», erantzun dio barrez. Ez dut ezer esan, baina begietan sumatu dit elkarrizketan erabat sartuta nagoela. Kontatu du bezeroak ‘irakurtzen’ ikasten aritzen dela, euskaraz zeini egin eta zeini ez asmatzeko. Berak uste zuela sinpleagoak zirela gauzak, euskaraz ikasi eta egin, bezeroen artean ‘ikerketa’ hori egin beharrik gabe. Nik esan diot lasai asko euskaraz egiteko beti, ulertzen ez duenak esango diola. Esan dit ez dela hain erraza, bizpahiru aldiz arazoak izan dituela, zenbatekoa euskaraz esan eta bezeroak gaizki hartu duelako. Aurrekoan batek «herri honetako hizkuntza» ez zela euskara eta ea zertan zebilen esan omen zion. «Y era de aquí, del barrio». «Bada zuk euskaraz egin lasai, herri honetako hizkuntza euskara da-eta», bota diot animoak eman nahian, tonu nahiko ‘panfletarioan’. Euskaraz ikasten ari den latinoamerikarrak irri egin dit. Aldiz, nire aurretik dagoen 70 urtetik gorako emakumea -euskal hiztuna- aztoratu egin da nire hitzekin. Haserretu. Ez du ezer esan, beti erakutsi diotelako isilik egoten eta neurritsua izaten. Baina seguru nago pentsatu duela ea zer nezesidade neukan euskararen aldeko horrelako aldarri bat egiteko, langilea nahasten ari nintzela ‘politika’ kontuetan. «Hogeita hamabi euro eta berrogei zentimo». Eskertu egin diot euskaraz esan izana. Agurtu eta nire baitan arrazoia eman diot, gure herria den auzo txiki honetan gauzak ez dira sinpleak, nahi baino korapilo gehiago ditugu askatzeko. Zenbakiak euskaraz esaten ikasi duen supermerkatuko langile latinoamerikarrak uste zuen gauzak sinpleagoak zirela. Euskaraz esan eta kito. Baina bezeroak ‘irakurtzen’ aritzen da, zeini egin euskaraz eta zeini ez. Zergatik? Bezero batzuek gaizki hartzen dutelako euskaraz zuzentzen zaienean. Ez, gauzak ez dira hain sinpleak