Beharrak
Beharra izan zen aurrena, bizi behar soila, eta bizitzeko beharren ase nahiak, ase beharrak, ekarri gaitu lehen hominido ginenetik gaur arte. Eta hala ere ez du ematen milaka urtetako garapenak eta jardunak asko hurbildu gaituenik, ase beharrekoak aseta, «hara, honelaxe ederki, beste ezer gabe» esatera. Areago dirudi alderantziz, beharrizan gero eta gehiago dugula alegia. Alde bateko aseak besteko gosea sortzen digu etengabean, gurarien osinak irents ez gaitzan aztarrika ari garen piztia bilakatuz.
Garapenak berak garamatza beharrizan gehiago izatera, gizakiak gero eta gehiago garelako, eta denok ezberdinak ezinbestez, bakoitza bere izaera eta gurariekin, eta labirintoa amaiezin bihurtzen da, betetasun osoa sentitzetik gero eta gehiago urrunduz. Bata asetzen duenak bestea gosetzen baitu gainera, bata mugiarazten duenak bestea gerarazten, nire motibazioa zure desmotibazioa da, honen poza horren ernegua, eta horrela ez da erraza inguruko harmonia.
Ez dakit noiz nahasi ziren bidean beharrak eta helburuak, zein bidegurutzetan trabatu ziren elkarren aztarnak zapalduz eta lokaztuz, baina lokaztu, lokaztu eta nahastu zirela iruditzen zait, eta tematuko nintzaioke horretan kontra egiten didanari. Ez dut esan nahi helburuak beharren aurretik jarri ditugunik, eta alderantzizko tesiari ere ez nioke oso setati eutsiko, baina juzgu egiten dut beharrik gabeko helburuak jartzen ditugula batzuetan, eta helburu horietara iristeko behar den guztia egiteko prestatzen garela, beharraren esentzia bera desitxuratuz.
Egia da geure zilborra hartzen dugula sarriegitan munduaren eta gizarte osoaren batez bestekoaren neurri sanotzat, eta errazegi epaitzen ditugula lagun hurkoak, haien beharrak eta helburuak geure pentsaera eta sentieraren arabera balira bezala onargarri edo gaitzesgarri. Eta hori ere igual ez da kontua; gauzek igual izan behar dute beste era batera, baina auskalo nola.
Maiatz honen hamarrean, Irunen, hamar polizia gizonezko bat hormaren kontra inguratuz, eztabaidan. Polizietako batek ukabilkada eman eta lurrera bota zuen halako batean, «isildu zaitez behingoz» eta gisakoak esanez, eta hamar poliziek alde egin zuten segidan, gizonezkoa lurrean utzita. Nola epaitu behar duzu haien zilborraren garunean jarri gabe? Ukabilkada eman zuen hominidoak ere izango ditu bere helburuak eta beharrak, eta horiek asetzeko emango zion.