7K - zazpika astekaria
Entrevista
JUNE CRESPO
Artista

«Egiten dudanak nire puntu anatomiko zehatz baten oihartzuna du gehienetan»

Noiztik ez zara museo batean izan? Eta zure herriko museo batean? Noiztik ez diozu eskultura bati erreparatu? Noiztik ez diozu eskultura bati zuri begiratzen utzi? Zu ere, museora sartu baino lehen, benetan merezi duen bisitatu beharreko obra zein den badakizulako harritzen zara? Noiz erauzi zenuen artea zure eguneroko bizitzatik? Nork esan zuen artearen bizitza eta bizitzaren artea bereizi behar zirela?

(Jon Urbe FOKU)

Donostiako Tabakaleran elkartu gara June Crespo (Iruñea, 1982) eskultorearekin. Gaur arte “Larruak eta izurrak” izeneko erakusketa kolektiboan parte hartu du bertan. Aldi berean, bere lanak Bilboko Guggenheimen ikus daitezke azken hilabeteotan. Honetaz eta hartaz galdetu ostean, galdera berrietara garamatzaten erantzunekin egin dugu buelta. Artea bera horixe ez ote den...

«Baskularra» izeneko bakarkako erakusketa Bilboko Guggenheimen, «Larruak eta izurrak» deritzon erakusketa kolektiboa Donostiako Tabakaleran... Aro gozoan zaudela dirudi. Kanpora begirako une gozo bezain intentso batean nagoela ematen du baina, aldi berean, hurrengo urteetarako hitzartuta dauzkadan lanei ekiten ari naiz. Horregatik, aro gozo hau ez dut helmuga bezala bizi, bidean emandako urrats bat gehiago bezala baizik. Lanean ari naizen bitartean agertzen diren erronkak eta esperimentatzeko pistak esploratzeko aukera ematen dit nire lanak erakusteak. Guggenheimek, ikusgarritasun handiagoaz gain, beste eskala batean lan egiteko modua eskaini dit, areto eta espazio handiagoekin jolas egiteko aukera. Tabakalerako erakusketa, aldiz, lehendik eginda neuzkan pieza batzuekin elkarrizketa bat zabaltzeko erabili dut. Guztiz itxita zeuden lanak berriz ireki ditut, erakusketan bertan egin dut lan, aspaldi izandako desiretan arakatu ahal izan dut berriz.

Aspaldiko desiretan arakatzea, hurrengo lanei ekitea... Nola bizi duzu zurrunbilo hori? Ez dut dikotomia bezala bizi: ez ditut zaharra eta berria hainbeste bereizten. Ez dut proiektuka lan egiten, lan-ildoka baizik eta, horri esker, orain bost-hamar urte utzi nuena berriz har dezaket egun. Continuum bat bezala ulertzen dut nire praktika, ildoak utzi eta berrartzen ditut, distantziak ematen didan perspektibarekin jokatzen dut eta, ondorioz, denborarekiko nire jarrera beti da egunerokoa. Hala, erakusketek nire praktika ulertzeko balio didate. Urteetako lana areto batean biltzen dudanean, ildoen bilakaera eta koherentzia aztertzen saiatzen naiz, garai ezberdinetako lanen arteko oihartzunak entzuten, oraindik burutzeko daukadana intuitzen... Lan batean zentratuta nagoenean, bete-betean konprometitzen naiz lan horrekin eta, egiten ari naizenaren kontzientzia izan arren, ikuspegi orokorra galtzen dut batzuetan.

Garrantzitsua da norbere lana narratiba batean biltzea? Ez nuke narratiba baten bila nabilenik esango, baina bai koherentzia, joera edo egiteko modu baten atzetik ibiltzen naizela. Adibidez, datorren urterako lanak prestatzeari ekin diot eta orain erakusten ari naizenaren jarraipena izango direla uste dut.

Zer da arrakasta artista batentzat? Batetik, zure lana burutu ahal izatea da arrakasta. Bestetik, lan hori burutu ahal izateko baldintza egokiak izatea. Niretzat ezinbestekoa da lanak aurrera eraman ahal izateko denbora eta baliabideak edukitzea. Ez dakit hori kudeatu ahal izatea den arrakasta, baina bai dela nire desira. Sekula ez lan gehiegi, inoiz ez lan gutxiegi. Nola lortzen den hori? Egunero ikasten zoazen ikasgaia da. Inoiz ez duzu kontrolatzen noiz datorren lana. Erauntsi bat gainera erortzen zaizunean ezetz esaten asmatu behar duzu, baiezkoa emanda askoz gehiago galtzen duzula zure buruari oroitaraziz. Bai, batzuetan, ahaztu egiten zaigu baietz esanda ere galdu egiten dugula, zer esanik ez lan horri baldintza egokietan erantzun ezin badiogu. Norbere buruaz gain, lana ere zaindu behar da. Finean, etengabe aukera gehiago bilatzea edo beti ikusgai egotea zure lanaren aurka itzul daiteke. Zer ikasi handia dago hor. Baina, askotan, ez daukagu ziurtasunik ezezkorik emateko; aukera galdutzat dauzkagu ezezkoak. Horregatik, batzuetan lan gehiegi hartuz, besteetan gutxiegirekin geratuz, bakoitzak deskubritu behar du zein den bere neurria, bere oreka.

Publikoak beti aurreko diskoa eskatzen diolako kexatzen da musikaria. Artistari zer eskatzen zaio? Gurean merkatuaren zirkuituetan gerta daiteke hori, ez erakusketa batean. Gerta daiteke, feria baterako, galeria batek halako edo bestelako lanetan demanda handia dagoela iradokitzea, baina erakusketetan, komisarioek edo instituzioek zerbait konkretua bilatu badezakete ere, ez da tankerako eskaerarik egoten. Nik beti sentitu dut erakusketan landuko dudanari elkarlanean eta elkarrizketan forma emateko askatasuna. Batzuetan, aurreko lanei jarraipena emateko beharra sentitzen badut ere, erakusketa batetik bestera jauzi handiak eginzalea naiz. Zergatik? Normalean erakusketa eskatzen dizunak hurrengo pausoa ere nahi izaten duela ohartu naizelako. Ondorioz, ez duzu zertan zutaz espero dena egin, hurrengo urratsa ere berdin-berdin eskatuko zaizulako. Egin nahi duzunarekiko fidela bazara, publikoak ere zurekin batera hartzen du forma. Gustua ere zizelkatzen da. Horregatik, ez dut beti zerbait berria egin behar dudala sentitzen baina ezta orain arte egindakoa behin eta berriz kontentatzen ibili behar naizenik ere. Nire interesa beti berdina izan arren, nire desira forma aldatzea bada, desirari jarraitzen diot. Berrikuntza horietan espero ez duen zerbait topatzen duenean, are interes handiagoa pizten zaio publikoari.

Ze paper dauka ikusleak zure lanean? Lana burutzen ari naizen bitartean, ikuslea ez dut sobera gogoan izaten. Mamu andana bat daukat nigan eta horiek bai direla garrantzitsuak nire lan egiteko moduan. Mamu horiek kanpora proiektatzen dituzun epaileak izan daitezke eta, ondorioz, asko eragin dezakete zure lanean. Horregatik gero eta ziurtasun handiagoz lan egiten tematzen naiz eta mamu horiek aldentzen. Lanean ari naizenean, ikusleari baino leku handiagoa egiten diet nire ikuspuntuari, altuerari edo gorputzari, horrela ikusleen gorputzek, memoriak eta esperientziek garrantzia hartuko dutela jakinik. Nire lanaren ehuneko handi bat dago ikuslearen esku, berak biziko du lanak proposatuko dion esperientzia hori. Aitzitik, lanaren eta ikuslearen arteko topaketa hori nolakoa izango den ezin dudanez jakin, elkar topatzeko ate bat zabaltzen dut nik.

Berdin ikusten ote da eskultura bat norbera geldi egonda ala mugimenduan? Ezetz uste dut. Niretzat oso garrantzitsua da zirkulazio hori, bai lan bakoitzarekiko, bai espazioa konpartitzen duen lan multzoarekiko. Lanen eta espazioaren arteko harremanean tarteko hutsuneak aktibatuta egon behar dira. Hori da bederen nire nahia. Koreografia moduko baterako espazioa uzten saiatzen naiz. Plazer handia ematen dit, ikuspuntu guztiak kontuan hartuz, gauzak gainjartzen edo erdi ezkutatzen direnean.

Berdin ikusten da zure obra bat Donostian, Bilbon, Parisen, Mexikon edo New Yorken? Ez dakit. Argi dago testuingurua garrantzitsua dela. Lanarekiko hurbilpenean, geruza edo erreferentzia ezberdinek zeharkatu beharreko belo gisako bat ehuntzen dute baina, behin lanarekin topo eginda, lan hori ikusten ari zaren tokiak ez luke horrenbeste inporta behar. Hala ere, ziur naiz ezberdintasun bat edo beste badagoela publikoak egin ditzakeen lotura eta irakurketetan. Dena den, testuingurua ez du herrialdeak bakarrik markatzen. Ez da gauza bera Guggenheimen, kultur etxe batean edo artistek antolatzen duten espazio batean erakustea zure lana. Erakusketaren atzean dagoenak ere eragiten du lanean.

Zure lanek topaketa baterako atea zabaltzen dutela diozu. Gero eta elkargune gutxiago ditugun gizartean; uste duzu eskultura topagune izan daitekeela oraindik? Begi bistakoa da gero eta zailtasun handiagoak ditugula elkar topatzeko. Gero eta zailagoa da norbaitekin topo egitea, gero eta zailagoa da norbere buruarekin topatzea. Nik topaketak gertarazteko desioz egiten dut lan. Gertatzen diren ala ez, beste kontu bat da. Dena den, gauzei arreta eskaintzeko aukera landu behar dugu, dagoeneko ez baita berez-berez datorren zerbait eta, ezinbestez, gero eta zailagoa da horretarako patxada lortzea. ‘Patxada’-z ari naizenean ez naiz ‘isiltasuna’-z mintzo, norbere buruarekin eta inguruarekin topo egiteko aukera ematen duen egoteko modu batez baizik. Niretzat eskultura edo artelan batek zure aurrean dagoen presentzia bati esker zure izatearen eta gorputzaren kontzientzia ematen dizu. Horregatik, edozer lantzen ari naizela ere, topaketa bat gertatzeko espazio bat proposatzea da dena biltzen duen desira.

Askotan aipatzen duzu desira. Hortik abiatzen zara? Desiratik, intuiziotik, ezjakintasunetik... Lanean ari naizenean, nik ere bizi nahi dut topaketa bat, nik ere jarraitu nahi diot sen bati. Normalean, motor-ideiak izaten ditut, ekintzara bultzatzen nautenak baina, aldi berean, berehala alboratzen ditudanak, benetan interesatzen zaidana zerbait aurkitzea delako. Gerta liteke hasieratik izatea gogo bat, baina gehien-gehienetan beranduago bidean aurkitzen dut benetako gogo hori. Eskulturak berak markatzen dizkizun pautek gidatzen dute bilaketa hori. Horregatik jarri behar zaio arreta artean gertatzen denari; horren arabera hartu behar dira erabakiak. Egia da askotan ez dela erraza horrelako prozesu bat abiatzea, aurreikuspen batzuk izan behar direla, baina prozesuaren desioa ere bada nirea.

Hasieran buruan duzunetik azken emaitzara bide luzea egoten da, beraz. Batzuetan, bide zuzen eta laburra egoten da hasieratik amaierara, baina ez da gehienetan gertatzen dena, ezta gehien asetzen nauena ere. Ez bada itu-ituan jotzen duelako, mesfidatia izan ohi naiz erraz edo azkar agertzen denarekiko. Normalean, istripuetan edo kalkulu akatsetan suertatzen dira norabide aldaketak. Kasualitateak izaten dira askotan, baina hor egon behar zara zu, erne, arrazoizkoa ez dena harrapatu, balioetsi eta hortik abiatuta beste zerbait egin ahal izateko.

Zure sormenaren bidean, zer leku dute beste artisten lanek? Artista asko ditut nire baitako artxiboan. Batzuetan artxibo horretatik beraiek ateratzen zaizkit bidera eta, beste batzuetan, ni naiz beraiengana aktiboki jotzen duena. Abiapuntu kontziente bat izan daiteke norbaiti omenaldi bat egin nahi izatea. Era berean, gerta daiteke lanari ekin ahala deskubritzea beste artista baten oihartzuna. Halakoetan, hori ukatzea edo ezabatzea baino nahiago izaten dut bisita hori besarkatzea. Askotan, bakarrik egiten dut lan, baina ez nago inoiz bakarrik.

Ze harreman dago sormenaren eta diruaren artean? Ze eragin du horrek zure lanean? Erabili nahi duzun materialaren edo abiarazi nahi duzun prozesuaren arabera, merkeagoa ala garestiagoa izango da aurrekontua. Lan egiteko, baliabideen prezioak ez du zertan oztopo izan, baina diruak eragina izango du materialaren aukeraketan edo inorengana jotzeko orduan. Norberak aztertu behar du hautu horien atzean dagoen benetako motibazioa. Nik ez dut brontzea erabiltzen garestia, noblea edo iraunkorra delako, baizik eta denborarekin material horren potentzialitatea ikustea lortu eta nire lengoaiaren parte bihurtu dudalako. Brontzea erabili ahal izateko baliabideak behar ditut, eskala handiagoan lantzeak are zailtasun gehiago sortuko lizkidake, baina horrek ez du esan nahi baliabide horien faltan sortzeari utziko niokeenik. Ez daukat arazorik brontzezko eskultura baten ostean paperezko bat egiteko. Material, produkzio eta proposamen bakoitzaren izaera eta beharrekiko ekitea da gakoa.

Ze leku du arteak gizartean? Ze leku beharko luke? Azkenaldi aski luzean, ikuskizunaren eremurantz lerratzen ari da artea. Niretzat arazo bat suposatzen du horrek, gizarte gisa birpentsatu behar genukeen zerbait. Desiragarria litzateke entretenimendu eta espektakulutik harago joan eta arteak eragin handiagoa izatea gure eguneroko bizitzan. Bestelako kontua litzateke, gure egunerokoan, ikusle izan beharrean egile bagina. Erakusketetan bizitakoak, sentitutakoak edo ulertutakoak gure eguneroko bizitzara eraman behar genituzke, esperientzia horiek gure burua ezagutzeko eta konprenitzeko erabili. Gizarte moduan, konplexu handiz hurbiltzen gara erakusketetara. Agente izateko lasaitasun edo ziurtasuna behar genuke. Artea den topaketan, denok izan dezakegu esperientzia estetiko bat, gauzei erreparatzeko modu berezi bat; denok daukagu iritzi bat eta bizipenak edukitzeko gaitasuna. Arazoa da, konplexu horien erruz, kontra egiten diogula arteari, erresistentziak garatzen ditugula eta burla egiten ari zaizkigula sinesten amaitzen dugula. Ez dugu behar besteko irekitasunik garatzen.

Marko ideologiko jakina daukagulako gugan txertatuta? Zure lehen lana saltzen duzunean, lehen bekak eta sariak eskuratzen dituzunean, oihartzuna lortzen duzunean, orduan hasten da jendea zure bidea lanbide seriotzat hartzen. Ordura arte, beti noiznahi ateratzen da ‘zergatik ez irakasle?’ galdera. Egia da ez dela ofizio erraza; zorte handia izateaz gain, lan eskerga eskatzen du. Horregatik ez zait iruditzen lanbidea serioski hartzen ez denik, errealitatea konplikatua dela baizik. Nik ere, urteak igaro ahala, lanbide bezala ikusten dut nirea. Oreka bat egon behar da, ordea. Profesioak ezin du zure lana hil eta, alderantziz, ezin zara guztiz erromantikoa izan.

Klaseak ematen ere bazabiltza. Aberasgarria da niretzat. Jende gazteagoarekin tratua eduki eta ikasteko bide bat da. Bizirik mantentzen nau. Gainera, beharrezkoa iruditzen zait artista aktiboaren eredua transmititzea unibertsitatean. Artista izan nahi duenarentzat ere garrantzitsuak dira ereduak eta erreferentziak. Gero errealitateak erakusten du fakultatetik ateratzen diren gehienak direla artista eta beste zerbait. Nekeza da artista gisa ogia irabaztea, nekezagoa luzaz irabazi ahal izatea. Batzuetan, ezinbestekoa da bestelako diru-sarrerak tartekatzea. Zure ekiteko gogoa ez galtzen eta elikatzen asmatu behar duzu etengabe.

Agintariek ez al dute artearen instrumentalizazioa elikatzen? Asko kostatzen zait hori digeritzea. Zeharkatzen zaituen indar bat jartzen duzu zure obran, zure izatearen zati bat uzten duzu bertan, eta, batzuetan, zure lanak non eta zertarako amaitzen duen ikustea etsigarria da. Zenbaitetan hain da bortitza zure nahiaren eta azken erabileraren arteko talka… Ez dakit aldatzen, ez dakit nola irauli nezakeen egoera, nola egin behar niokeen arazoari aurre eta, ziurrenik, askotan ez diot horri begiratu nahi izaten. Horren aurrean, hortik kanpo mugitzen diren proposamenak onartzen eta gauzatzen tematzen naiz. Kutsatuta ez dagoen mundu batekin konektatzen laguntzen dit eta konfiantzaz betetzen nau. Proposamen horiei esker ez naiz hain gaizki sentitzen.

Instrumentalizazio hori kritikatzen dugunok ere, atzerriko museoak bisitatzen ditugu oporretan; ez, ordea, gure herri eta hirietakoak. Ez da artearekin gertatzen dena bakarrik, joera orokorra da. Turismorako obsesio hori, hiria deskubritu ahala gentrifikatzekoa, dena hankaz gora jartzekoa... Ez dira lokalismoak, arazo globalak dira eta gu ere ez gaude dinamika horietatik salbu. Hasieran nioenera joko dut berriz. Lekuetan egoteko moduak birpentsatu behar genituzke, gauzak deskubritzeko bideak arakatu, arreta zertan jartzen dugun gogoetatu, gure jarrerak zalantzan jarri. Hiri kosmopolitenetako museorako zein etxepeko tabernako kontzerturako balio duten hausnarketak dira. Gure jarrera eta joerak eraldatuz, zainduz eta elikatuz bakarrik gauza asko alda ditzakegulakoan nago. Oporretan museo bat bisitatzea ez dago gaizki. Hori nola egiten dugun da arazoa. Izan ere, zer gertatzen da dena masifikatzen denean? Joera orokorretatik kanpo mugitzen ikasi behar genuke edo, gutxienez, korronteari segika goazenean, zer eragiten dugun eta erabakiak nork hartzen dituen kontziente izaten.

Bisitatu ditzagun, beraz, zure erakusketak. Material ezberdinekin egiten duzu jolas. Zer asmorekin? Izaera ezberdineko material eta testurak interakzioan jartzeak harridurara eramaten nau sarri. Guztiaren arteko artikulazioan datza auzia: material batek nola besarkatzen duen bestea, nola eusten dion batek besteari, bien artean nola mantentzen duten tentsioa... Hor sortzen dira gauza esanguratsuak. Kontua ez da nik esan nahi dudana, baizik eta material ezberdinen arteko harremanak ala zatien eta osotasunaren arteko tentsioak transmititzen dutena. Hor sentitzen ditut, egile bezala, nire azal eta giharren oihartzunak. Hortik iristen naiz gorputza, sentsazioak, memoria edo dena delakoa piztera. Asko erakartzen nau material ezberdinen arteko kontrastez jositako harremanak fisikoki esanguratsu nola bihurtzen diren lantzeak.

Gorputzetik sortzen duzu? Askotan jotzen dut fisikoki bizitako sentsazioetara. Itzulpen modu bat da sormena. Ez da nigan dudan sentsazio bat errepresentatzeko nahia. Sentsazio horrek inguratzen nau, berarekin bizi naiz eta horrek, ezinbestean, eragina du nire lanean, nahiz eta, askotan, lana egin ahala edo bukatu ostean identifikatzen dudan sentsazio hori. Azken finean, horixe da nire imajinarioa. Nire imajinariorik gabe, beste norbaitek nik ikusten dudana ikus dezake ala beste zerbait eta, ondorioz, beste era batez harremanduko da obrarekin. Niretzat, ordea, egiten dudanak nire puntu anatomiko zehatz baten oihartzuna du gehienetan.

Eguneroko objektuek ere oihartzun handia dute zure lanean. Eguneroko objektuak, materialak eta irudiak tailerrean biltzen joaten naiz. Erakarmen batetik ekiten diot lanari. Ezagutzen dudan forma bati begiratu eta galdezka hasten natzaio baina, aldi berean, berari ere uzten diot niri begiratzen. Ezezagun bezala, arroztasun batetik begiratu nahi izaten diet eguneroko bizitzako objektuei. Jolas bat dago hor. Oso erraz identifikatu daitezkeen objektuei, tratamenduan ez bada, ikuspuntuan zerbait egiten saiatzen naiz, testuingurutik atera eta beste zerbait iradokitzeko aukera emateko. Arropak sartzen ditut askotan. Niretzako afektuak, memoria eta esperientziak txertatzeko modua da. Horregatik eransten diot nire lanari kolorea textilaren bidez eta ez pinturaren bitartez. Badakit nire obretan ageri direnak nire arropak direla baina, era berean, guztiok daukagula harreman bat arropekin, gortinekin ala alfonbrekin. Gure bizipenak proiektatu ditzakegun elementuak dira, ukimenari loturikoak, ez soilik bisualak. Gustuko dut afektu eta bizipen horiek hormigoia bezalako material industrialekin kontrastean jartzea.

Oinarrian hain kontu biszeralak egonik, ze leku behar luke diskurtsoak artean? Nik, nahita, ez dut diskurtsoa gehiegi garatzen, lana egiten saiatzen naiz eta lan horri munduan existitzen laguntzen diot. Beste izaki bat balitz bezala sentitzen dut eskultura bat. Ez diot eskatuko bizirik zergatik dagoen azaltzeko, berarekin egongo naiz hizketan, nola eragiten didan eta nola zeharkatzen nauen ikusiko dut. Ez dut lana kanpotik esplika diezadaten behar. Niri dagokit lan baten aurrean jarri eta nola begiratzen didan, nola mugitzen nauen eta zer pizten didan aztertzea. Ez dut beste inork nire lana egiterik nahi. Ikusleak egin behar du lan hori, berari dagokio. Berak atzeman behar du lana nola inguratu, ze distantziatik erreparatu... Ardura hori ikuslearena da, ez diskurtsoarena.