02 JUN. 2024 LITERATURA Haien izenak ere abestu ditzagun Jon Jimenez Abertzaletasunean aurkitu zuen Laurendiak bere lekua sendiaren baserriaz eta unibertsitateaz harago. Halako moldez uzkurtzen zitzaizkion barneak aitaren koldarkeriarekin, batetik, eta akademiaren lehiakortasun indibidualistarekin, bertzetik. «Abertzaletasuna erresistentzia zen sustut, egunero frogatzea existitzen zela, iritzi eta asmoekin. Eta erresistentzia zen egunero mundu egoistaren aitzina agertzea, behin eta berriro, aldatzea lor zitekeelakoan. Begi bistakoa gertatu zitzaion: batzuetan noren alde egon hautatzea sinplea da, are gehiago begiratu ondoan nor diren beste aldekoak». Kontraesanak, kezkak eta itaunak sortu zitzaizkion, egiazki, lehendanik. “Mesfida zaitez” erraten zion aitak ernai egon zedin bizitzaren zeinahi gorabeheraren aitzin, eta fite ikasi zuen buruzpidea politikako kontuetara egokitzen. «Erakundea. Hala erraten zen komunzki. Hasieran, Laurendiari bitxia zitzaion ikusezina zen talde hori hain presente izatea solasetan, baina plegua hartu zuen laster, onartu beharra baitzen ageri ez zena ere bazela, eta ikusten ez zenak biziak baldintza zitzakeela». Baita berea ere. Emeki-emeki segituko ditugu bere engaiamenduaren urratsak bertzelakotzen doan Baiona Ttipi batean zehar ere, bi hamarkada baino gehiago gibelerat egin eta gaurdaino. “Egin” egunkaria itxi berri zuen Garzon epaileak eta GARA sortze bidean zen, Negu Gorriakek azkenekoz dantzatuko zuen agertokietan, Boluetan zartatuak izan ziren lau kideren gorpuak askatasunari emanak... Hegoaldeko gertakizunen durundia ihesean iristen zen hego eta ipar aldeak bat egiten zuten hiri hartako giro endredatu hartatik izenik gabeko erakunde haren desegiterainoko bidea egin digu Bea Salaberrik (Donamartiri, Baxe Nafarroa, 1979) “Mesfida zaitez” (Txalaparta) nobelan. Soinu banda luzexka batez lagundurik, euskara lirain batez eta sasiak babesten zituztenen begietatik erakutsiko dizkigu mudatzen diren garaiak eta, haiekin batera, laguntzeko erak ere. Garazi Arrula editoreak «epikotasun domestiko» baten gisan deskribatu du eleberria. Eta hori izan da, hain zuzen, ETAren laguntzaileen xarma eta bidea. Isilpeko lanak egiteagatik eta, bereziki, emakumeak izateagatik. Herri xehearen, jendearen epikotasunik gabeko epikotasun bat apika, historiak edota literaturak aurpegi bat ematen ez dien artean, gure haurrek biharko ikastoletan haien izenak ere abestu ditzaten. Izaten ahal delarik fikzioan Laurendia edo, errealitatean, Graxi Etxebehere. Soinu banda luzexka batez lagundurik, euskara lirain batez eta sasiak babesten zituztenen begietatik erakutsiko dizkigu mudatzen diren garaiak eta, haiekin batera, laguntzeko erak ere.