Amagoia Mujika
IRITZIA

Irriñoak eta mingainak

Umetan, auzoko dendariak batzuetan bueltak lacasitotan ematen zizkigun, parte bat behintzat. Pezetak beharrean, lacasitoak, koloretako txokolatezko txanpon txiki modukoak. Gu, pozik, berriz ere enkarguak egitera joateko gogoz. Marketin estrategia izugarria zen. Gure amak, ez hain pozik. Lacasito-pezeta trukean dendaria irabazten ateratzen omen zen. Harrigarria iruditzen zitzaigun, amen esajerazioa; nola aterako zen bera irabazten, txokolatezko txanpon horiek guk jaten bagenituen? Etxera igotzerako irensten genituen noski, anai-arrebekin ez partekatzeko. Abantailaren bat izan behar zuen egun horretan dendara joan zenak, ezta? Gurasoei baimenik eskatu gabe ematen zizkigun txokolatinak. Uste dut bere buruan ez zegoela gurasoei gaizki irudituko zitzaien aukera bera ere. Beste garai batzuk ziren, agian.

Dendariek orain ere mimatzen dituzte inguruko haurrak; okinak ogi txirula bat, arropa dendakoak gozoki bat, harakinak gazta xerra moztu berria; tabernariak gailetatxo bat... Normalean gehienek aurretik baimena eskatzen diete gurasoei. Eman diezaioket? Ondo iruditzen zaizu?

Zerbait aldatu da, eta ez du zertan txarrerako izan. Gure gurasoek ere eskertuko zuketen, auzoko dendariak txokolatinak emateko baimena eskatu izan balie.

Baina beldur naiz ‘aldaketa’ hori ez ote den haragoxeagokoa. Aurrekoan sare sozialetan irakurri nion emakume bati zer pentsatua eman zidan gertaera bat: zebra-bide batean semaforoaren zain zegoela, ondoan zeukan haurrari kasu egin zion eta mingaina atera. Haurrak keinu berdinarekin eta irriz erantzun zion. Ondoan zeukan ama haserretu egin zen, haurra ezagutzen ote zuen galdetu zion. Ezetz, hark. Eta orduan ea zergatik egin zion kasu. Uzteko bere haurra bakean.

Kalean gora noa ni eta kalean behera zatoz zu, salto txikiak eginez. Hiru urte inguru, begi handi-handiak, mundu oso bat kabitzeko adina handi. Begira-begira geratu zara. Ez zaitut ezagutzen, baina maitekorra zara eta begirada eutsi dizut, irri txiki bat egin (pixka bat larrituta nago, irakurri berri dudalako beste emakume hari gertatutakoa). Zure esku txikiak kopetaren alde banatan jarri eta mingaina atera didazu, pozik, bihurri, graziaz. Zuk zure bidetik jarraitu duzu eta nik, niretik. Konturatu gabe, barremurria daramat jantzita. Ez naiz zure ama, baina nire txitoentzat horrelako mundua nahi dut, kalean irriñoak eta mingainak oparitzen dituen jendez osatua, ezezagunak izan arren elkar ikusten duten pertsonez osatutako herria, behinola kantatu genuenez, jende zoriontsua herri libre batean.