Zerrendez
S.apurgarria,
Auzoko jaiak fini, igaro dira Europako hauteskundeak (auzoko jaia da Europa?), hesitu dute entzierroaren ibilbidea (hesitutako entzierroa da Europa?), zintzurrean gora galopan nabari dituzu zure baitako piztiak (zure baitako piztia bat da Europa?), egunak baizik ez dira falta haurrek oporrak hartzeko (Europak oporrik hartzen du?), sandaliak jantzita irten zara kalera (nor ateratzen da karrikara Europan?) eta zeresanik ez daukatenean zerrendak osatzen dituztenen aurka egin nahi zenuke (zerrenda bat da Europa?).
Utzidazu zerrendatzen: Gaza, Donbas, Sudan, Kaledonia Berria... Azken hilabetean, zure sorterri inguruan, gizonezko batek andrazko bat erail du, herritar bat jipoitu ostean lurrean lagata eskapatu da polizia, etxebizitza urritik ekainera arte baizik ez ziola alokatzen oroitarazi dio etxejabeak maizterrari... Milei, Meloni, Ayuso, Le Pen, Abascal, Bolsonaro... Lau urteko ikasleei sexu-abusuak egiteagatik salatu dute ingleseko irakaslea, ikastetxeak irailetik omen zuen egoeraren berri... Gero eta jende gehiagok patrikan labana eramateak soilik zaitu beldurtzen?
Zerrendatzen segiz: bolondresak falta dira eskolako jaia montatzeko, jendea eskas da txosnetako txandak osatzeko, aspaldi ez da aurpegi berririk agertu auzo elkarteko bilerara... Kolpe zorririk jo ez eta zernahi kritikatzen dutenekin asaldatuta dabiltza guraso elkartean, TicketBAI TicketJAI bihurtzeko oztopo-lasterketan indarge doa jai-batzordea, urteroko bertso-saioa atontzeko Olinpiar jokoak antolatzeko baino txosten gehiago bete behar izan dituzte auzo-elkartekoek... Zer gertatzen da ezer ez dela gertatzen ari dirudienean?
Beste zerrenda bat? Oporretara joango zara, Ingrid Guardiolaren “El ojo y la navaja” irakurriko duzu, Flavia Biondiren komikiekin harrituko zara, ortuko tomatea jango duzu, bero-sapagatik kexatuko zara lehenik, igerilekuko ura hotzegia dagoelako gero, kanpoan bizi diren lagunekin afaltzeko geratuko zara, oporretan izan zarela kontatuko diezu... Baina alferrik gogoratuko duzu udako oporrak beste bizitza batera arte hartzen ziren sasoia. Nahi gabe irailera egiten dizu gogoak. Zuk ere ez dakizu noiz hasi zinen abiatu aurretik itzultzen. Beti gertatzen da zerbait ezer ez dela gertatzen ari dirudienean. Oharkabean, labana patrikan eraman dezakezu laster. Zeresanik ez daukazunean zerrendak egin behar zenituzke.