Jokin Urain
IRITZIA

Geroan

Etorkizun ertain edo urrunekoari jaramon handirik egin gabe ere, bizitzak hamaika kezka eta buruhauste eragiten digu egunerokoan; goiza ez da beti nahieran hasten eta iluntzerako nahiko denbora badago etsiak jotzeko, biharamunerako itxaropen handiren bat ez baduzu behintzat. Mundua nola eta norantz doan ikusita, bekatuetan handiena igual izango da itxaropena aipatzea, baina apustu egingo nuke horixe dela mundutar inkontziente gehienoi eragiten diguna, edo hondoratzetik libratzen gaituena.

Batzuek biharkoan dute itxaropena, beste batzuek datorren urterako aurreikuspenean, edo mundu hobe batean, eta gehienek mundu honetaz haragoko gorabeheretan agian. Itxaropena, penetan itxarotea da berez; izaera gorabeheratsua ohi du, eta erraz zapuzten da batzuetan, eta zapuzten denean bide bazterrean uzten gaitu, zutitu ezinik. Baina, bere aspekturik zekenenera eramanda, sinismen bihurtzera iristen da. Lurtar gehienak omen gara sinestun; sineskera ugari egoteak asko laguntzen du horretan, jakina.

Sinesmen gehienen funtsa izan daiteke iraun nahia, bizitza hau bukatu eta gero ere hementxe jarraitu nahia; geroan irautea eta mundu honetatik ez joatea guztiz. Bizi garen eta bizi dugun inguru hau geroan zer izango den, ondorengoek zer norabide hartuko duten, beste berrehun urte barru herri honek zer itxura izango duen galdetzen diogu tarteka geure buruari, baina erantzun ezin, usteetatik harago. Hinduismoa eta beste sineskera batzuen arabera heriotzaren ondoren beste bizitza bat dago, trakets samar esanda; hil ondoren beste izakiren batengan berriz hasten gara bizitzen. Konponbide ona iruditzen zait mundu honetako itolarrientzat; hil ondorengo bizitza hori gehienentzat oraingoa baino hobea izatea ez legoke gaizki, bestalde. Zentzuzkoa iruditzen baitzait, behin bigarren bizitza baten aukera etorrita, lehenengoa baino hobea nahi izatea hala behar duenak, bazter guztietan hazten diren masokak salbuetsita betiere.

Egia da nahi baino sarriago itxura deserosoa hartzen duela munduak, eta, bertaratzeko baino, beste norabait ihes egiteko gogoa ematen du batzuetan. Ehun edo berrehun urte barru, berriz, igual ez da gozoagoa izango, eta lurreratu aurretik distantzia apur batetik begiratuko nioke aurrena. Horretarako aukeratuko nuke hurrengo bizitzan putrea izatea, goi-goitik hegan eginez begiratzeko.