Nekane Azpiazu Lejardi
ARKITEKTURA

Deseginez hasi

Artikulu honen egileak etorkizunera bidaia bat proposatzen du, non hiriak naturan integratuta dauden eta, gizakientzat ez ezik, planetako izaki bizidun guztientzat ere badiren. Gaiak hurrengo ataletan jarraituko du.

Parisko Maladrerie lorategia. Aparkalekua zena bizidun baso koloretsu bihurtuta.Argazkia: Yann Monel
Parisko Maladrerie lorategia. Aparkalekua zena bizidun baso koloretsu bihurtuta.Argazkia: Yann Monel

Igande honetan joko bat proposatu nahiko nizuke paper edo pantaila aurrean testu hau irakurtzen zauden horri. Zer diozu etorkizuneko hirietara bidaiatzen badugu? Horrela esanda ziur nago dagoeneko bururatu zaizkizula pelikuletan ageri diren hainbat hiri futurista, hegan doazen autoak eta guzti dituztenak. Alabaina, aurreratzen dizut irudi horietatik gutxi izango dutela gure bizilekuek, eta ziur orain baino askoz berdeagoak izango direla.

Mendeetan zehar jaso dugun kulturak natura deituriko hori hiriaren mugetatik kanpo kokatu izan ohi du, eta eskema bera jarraitu du gizakiaz bestelako espezieekin; hiriak pertsonen neurrira eginiko baso grisak dira, ez dago beste bizidunentzat pentsaturiko azalerarik. Hirian bizi diren animalia nahiz landareak bertara moldatzearen truke bizi dira horietan, eta bada garaia gizakiaren zentraltasuna hautsi eta natura hirian txertatzeko. Horretarako, aproposak dira hirigintza diseinuetan Naturan Oinarritutako Soluzioak (Natural Based Solutions), besteak beste, erresilientzia klimatikora iristeko eta bioaniztasuna berreskuratzeko.

Datozen testuetan, mota desberdinetako soluzioak aplikatzen dituzten proiektuen bidez joango gara hirien itxura eta funtzionamendu berria azaleratzen, mikrointerbentzioz osaturiko mosaiko berria eraikiz pausoz pauso. Hiru hilabete inguruko bidaia, hiriek behar dituzten ezaugarri berriak ezagutu arte.

Lehengoan irakurri nuen honako esaldia zeharo aproposa iruditu zitzaidan etorkizuneko hirien lelotzat: “Green where possible, gray when needed”. Hori abiapuntutzat harturik, serie honetako lehen proiektuan murgilduko gara. Izan ere, esku-hartzea aparkaleku baten zoladura desegitean datza. Autoak pilatzeko azalera hori abandonatua zegoen Parisko aldirietako Maladrerie lorategi-hirian, proiektu berri baten zain, eta atzealde zaratatsutzat nahiz interes gutxikotzat zeukaten bertako bizilagunek. Horregatik, askorentzat hondar-espazioa zena 1.600 metro karratuko lorategi harritsu erraldoi bilakatu dute Wagon Landscaping arkitektura bulegoko kideek.

Helburu nagusia kostu baxuko eta mantenu gutxiko esku-hartzea egitea zen, baina dinamika biziko berdegune eder bati uko egin gabe, zeinak inguruko bizilagunei auzoaren ikuspegi berria eskainiko zien. Hori horrela izanik, XIX. mendeko lorategi alpetarren ildoa jarraitzea erabaki zuten, kolore biziko landare basatien eta harkaitzen -kasu honetan apurturiko asfaltozko harrien- lorategia sortzea; hots, egoera edozein izanik ere, naturaren indarra lehenetsiz balio gutxiko lur eremua biodibertsitate-lorategi bihurtzea. Interbentzioa teknologia baxuko paisaia proiektua da, materialak lekuan bertan birziklatuz, lekualdatu beharrik izan gabe.

Zainketa behar berezirik ez duten 200 landare-espezie landatu ziren asfaltozko zoladura apurtu ostean, bestelako beste hainbeste bizidun erakartzeko. Lorategi eremuak landaretza espontaneoa dirudien arren, badago haren antolaketan nolabaiteko ordena bat, eta lau eremu paralelotan antolatzen da: landare zukutsuen eremua (non Sedum-ak diren nagusi), erdiko zuhaixken belardia, bisitarientzako bidea eta landaturiko ertza (etxebizitzentzat pribatutasun geruza).

Gutxirekin lekuak izan duen eraldaketa agerikoa da, aparkaleku grisa lorategi koloretsu eder bilakatu da. Zergatik ez egin hau gure hiri eta herrietako azalera iragazgaitzetan? Autoa erdigunean kokatzen duten hiri-diseinuak baino hobeak badaude, denon arteko bizikidetza atseginagoa egiten dutenak. Hirian ibilgailuak aparkatzeko milaka eta milaka metro karratu daude, birpentsatu beharrekoak, beste hainbat erabileratarako aprobetxa daitezkeenak; eta horietatik garrantzitsuena natura hirian txertatzea da, besteak beste, hirietako bero-uharte efektua gutxitzen laguntzeko eta bioaniztasuna sustatzeko. Gizakia eta bere autoa deszentralizatzea beste bizidunei lekua uzteko.

Adibidearen hasieran aipatu dudan leloa literalki gauzatzen duen esku-hartzea lehenengo pausoa da etorkizuneko hirietara begira, egokia eskalaz testu serieari hasiera emateko apurka-apurka. Segi dezagun astez aste hiriaren irudia eraldatzen.