7K - zazpika astekaria
KIROLA

Barruko zein kanpoko entrenamenduak

(Getty)

Eguzkia azaltzearekin batera sugandilak bezala atera ohi gara gimnasioetatik kanpo jarduerak egitera. Artikulu honen funtsa sala barruko entrenamendu horien garrantzia azpimarratzea izango da, dosia murriztu arren hain gustuko ditugun kanpo jarduera horiek egiten jarraitzeko ezinbesteko osagaia baita.

Uda garaian, mendi bueltak, korrika saioak, mendi zein errepideko bizikleta irteerak, eskalada, patinak… eta, oro har, bizimodu aktiboagoa dira gure gizartearen kirol eta jarduera fisikoko praktika nagusiak. Baina zer gertatuko litzateke urte osoa zain eman ondoren, momentuko lesio edo ondoez batek jarduera horietatik jokoz kanpo utziko bagintu? Jarraian ondorengo gogoeta: zein gutxi baloratzen dugun gure gorputza osasuna dugunean eta gustuko jarduerak inongo limitaziorik gabe egiten ditugunean.

Hori dela eta, areto barruko lanaren garrantzia azpimarratu nahi dut, ezkutuko entrenamendu hori izango baita ondoren kanpoko lana argitaratzearen erantzulea. Dosia txikitu edo entrenamenduen helburua aldatu arren, indar entrenamendua ezinbestekoa izango da gure gihar zein artikulazioen osasuna bermatzeko eta bide batez sasoi puntua mantentzeko.

Hortaz, zein da gure gomendioa? Bada, lehenengoaz gozatzea eta bigarrenaz ez ahaztea. Horretarako, lehenengo pausoa gure gustuko kirol praktiken beharrak zeintzuk diren identifikatzea izango da. Horren ondoren, behar horiek entrenatzea, ahuleziak indartzea eta lesionatzeko aukerak murriztea izango da barruko entrenamenduen funtsa. Adibide gisa, eguraldi onarekin korrika egitera irtetea gustuko badugu, barruko saio horietan gihar-zuntzak inpaktuko lanera ohitu beharko ditugu, gorputz-enborra eta aldakako gihar tolestaile (flexor) zein hedatzaileak (extensor) kontrakzio ezberdinen arabera sendotuz. Horrela, gustuko dugun jarduera hori denbora gehiagoz praktikatzeko aukera izango dugu.

Beraz, ez utzi entrenatzeari eta gozatu garaian garaiko kirol jarduerez gorputzaren zein buruaren osasunaren hoberako!