21 JUL. 2024 GURE ITSAS KULTURAREN MEZULARI ETA ONDAREAREN ZAINDARI Entrevista Xabier Agote Albaolaren sortzaile eta presidentea «Gizateriari ozeanoak zabaldu zizkion punta-puntako herria ginen» Albaola Itsas Kultur Faktoriaren «alma mater»-a eta arduraduna da. Bere kreatura txikia du, amets baten betetasuna. Pasio batetik sortua, pasio baten zerbitzura bizitakoa. Pasioz erakusten ditu hango misterioak, bertan kondentsatuta dagoen mendeetako jakintza, munduko edozein bazterretatik bertaratzen den orori. Egurrezko itsasontziak eraikitzeko gure arbasoen teknologiak berreskuratu ditu, euskal baleazaleek erabiltzen zituzten itsasontziak eta txalupak erreplikatu ditu, gure itsas ondarearen zaindari eta itsas kulturaren propagandista handia da. (Gorka Rubio FOKU) Mikel Zubimendi Balearen eskeletoa dirudien hezurduratik hasten dira egurrezko ontziak eraikitzen. Xabier Agote (Donostia, 1964) balearen eskeletoan aterpetu, babestu eta amestu duen itsasgizona da, itsasoari maitasun infinitua diona. Pasai San Pedron, Albaola Itsas Kultur Faktorian, 1595ean Kanadan urperatutako “San Juan” baleontziaren erreplika eraikitzea da bere lanaren gailurra, baina zerbait gehiago ere bada Albaola: Agote bera eraiki du. Jarioa daukan hizlaria da; bizitasuna dario bere kontakizunari. Euskal ontziolak garaiko NASA izan zirela dio, eta espaziorantz jaurtitzen dituen suzirien modukoak ozeanoetara bidaltzen genituela euskaldunok, egurrezkoak, sekulako teknologiarekin, nabigazio transozeanikoetan mugarri izan zirenak. Irribarretsu hartu du 7K egurraren usain ederra darion bere Albaolako bulegoan, eguerdiko eguzki handiaren pean are ederrago ikusten den Pasaiako badiari begira, hitza suelto eta libre nabigatzen utziz. Zure biografiak pertsona poliedrikoa, ertz askokoa, erakusten du: nabigatzailea, berdel arrantzalea, arraunlaria, itsas arotza, itsas kulturaren ikerlaria… Donostiako portuan praka motzetan zebilen mutikoa beti soinean eraman duzulako, liluramendu hori? Amararra naiz, Amara Berrikoa, baina zorionez leihotik bertan genuen Urumeari begira bizi ginen, eta Urumeak eramaten ninduen Donostiako porturaino. Joera hori nuen, kuadrilla auzoan utzi eta bakar-bakarrik, neure kanaberarekin, portura joatekoa. Han egoten nintzen ni gustura, edozein eskaileratan jarrita, kanaberarekin, orduen joan-etorriaren konpasean. Ordukoak ez zeukan zerikusirik gaurkoarekin. 8-10 urte nituela, beste mundu bat zen: usainak, arraina, lonja, pil-pilean zegoen itsas kultura bizi bat. Badaude haurrak liluratzen direnak suhiltzaileen kamioiekin, hegazkinekin edo trenekin… Nire puntua beste bat izan zen: gure itsasontziekin harreman emozionala garatu nuen. Gero, pixka bat koxkortuta, 12-13 urterekin hasi nintzen lagun baten batelean arraunean, uraren gainean deslizatzearen sentsazioa hain ederra eta indartsua da! Pezeta batzuk lortzeko bazen batelen zerbitzua portuan eta hantxe ere ibiltzen nintzen. Eta ikusi nuen egurrezko txalupek bazutela zerbait jendeak orokorrean ikusten ez zuena. Handik gutxira txalupa guzti haiek bota zituzten, poliesterreko ontziengatik ordezkatu zituztelako. Hor konturatu nintzen galtzen ari zela kultura bat, ondare oso aberats bat, itsasoari oraindik ondare izaera aitortzen ez zitzaion garaian; ze hau oso oraingoa da, instituzionalki duela gutxi aitortua. Txalupekin harreman emozionala aipatu duzu. Bizitzan oso inportantea da utopiak izatea eta lantzea, baina zorteak, txiripak, ere asko balio du. Zure historian ere gertatu ziren, ezta? Telebista frantsesa ikusten genuen Donostian, eta hemezortzi urterekin ikusi nuen “Thalassa” izeneko programa bat, ostiralero arratsaldetan botatzen zutena. Saiatzen nintzen saio denak ikusten. Eta, halako batean, erreportaje bat erakutsi zuten AEBetako itsas museo bateko ontzigintza eskola batena, Maineko The Rockland Apprenticeshop. Bizitza aldatu zidan goitik behera. Errebelazio bat izan zen, erabatekoa. Ez nekien aukera hori zegoenik, ze garai haietan inork ez zituen egurrezko itsasontziak nahi. Hura ikustean erabaki nuen: ‘Hara joango naiz’, ‘ni izango naiz egurrezko euskal itsasontziak salbatzen saiatuko dena’ (barrez). Hemen galbidean zena AEBetan ikastera? Etxekoek, lagunek, zer esan zizuten? Plan txarra zela, etorkizun beltza zegoela. Igual zitzaidan. Pasioa nuelako, munduan leku bat eta misio bat ematen zidana. Eta gero gure izaera dago, laguntzen duena horretan; nola esan, nahiko piñoifijokoak garela. Beti garrantzi handia eman diot erabakiari. Euskarak nahiko ondo adierazten du hori, ‘erabakia’ hori baita: ‘erabateko ebakia’. Baina Mainen ez ninduten berehala hartu. Oso eskola txikia zen, urtero atzerritar bakarra hartzen zuten, itxaron zerrenda handia zeukan. Niri ia bost urte geroago tokatu zitzaidan txanda. Bitartean han-hemen bizitzen egon nintzen. 19 urterekin Londresera joan nintzen ingelesa ikastera Mainetik deitzen nindutenerako prestatzeko, beste urte bat New Yorken, eta Australian ere beste bat. Han nengoela, Mainera joateko data hurbiltzen ari zela, beste txiripa handi batek bisitatu ninduen, beste errebelazio batek. «Thalassa»-koaren ostean, bigarren errebelazioa? Bai. “National Geographic” aldizkariak “San Juan” baleontziaren aurkikuntzaren berria eman zuen alea pasa zidaten. Azalean zetorren, “Euskal baleontziak Ameriketan XVI. mendean” ingelesezko izenburuarekin. Irakurtzean konturatu nintzen Euskal Herrian ahaztuta zegoena beste toki batzuetan ez zegoela babestuta bakarrik, prestigiozko kontu bat ere bazela. Dirua duen jendeak, aspalditik, joera zuela egurrezko itsasontzi bat enkargatzeko. Ez dira museoko kontu bat, mugimendu sozial bat dago, Ingalaterra Berria eskualdean bereziki (Maine, New Hampshire, Vermont, Massachusetts, Rhode Island eta Connecticut estatuak hartzen dituena). Eta, gero, Europako beste leku batzuetakoa ere ezagutu dut, herrialderik garatuenetan, Herbehereetan, Eskandinavian, Ingalaterran, Bretainian ere asko dago. “National Geographic”-eko historia guzti hura errebelazio bat izan zen. Geure buruaz genuen irudia ez zen batere itsastarra; atunak eta antxoak egunero zetozen, baina gurea baserritarren eta artzainen kultura bat zen, nahiko herri miserable baten irudia. Baina itsasotik begiratuta, Euskal Herria ez zen herri miserablea, inondik inora ere. Aberastasun handia etorri da itsasotik, betidanik. Punta-puntako herri bat ginen, teknologia mailan pasada bat. Ez da gehiegikeria! Europako aurreratuenak ginen. Gure herriari buruzko izaeraz jaso duguna etxean aitonari entzundakoa da, eta berak bere aitonak esandakoa… Ez da egon transmisio intelektual bat, eskoletan eta akademian landutakoa. Hori dator XIX. mendea hasten zaigulako modurik txarrenean; Donostia suntsitzen dute, batez ere ingelesek eta portugaldarrek, berriki jakin dugun bezala; ze beti pentsatu genuen frantsesak izan zirela, baina donostiarrak nahiko ondo moldatzen ziren inbaditzaile frantsesekin, eta horren zigorra jaso genuen. Ondoren, bi gerra karlista izan genituen, desastre absolutua. Eta XX. mendean, ba pentsa, Iparraldean Lehen Mundu Gerra eta hemen Gerra Zibila, altxamendua eta diktadura… Inkultura erabatekoa zen, hori nahi zuten. Diktaduran nola esango zaigu Euskal Herria izan dela punta-puntakoa? Hala izan delako! Eta horren ondorio da itsasoari begiratzeari utzi eta baserria gure nortasunaren zaindari egitea? Hor bada beste kontu bat, XIX. mendea bada garai bat erromantizismoarena; bikingoei-eta adarrak jartzen zaizkie koadroetan, eta gezurra omen da, ez zituzten eramaten. Badago artzain kulturaren erromantizazio bat, Europa osoko fenomenoa da, eta itsasoak hor ez dauka ia lekurik. Hemen ere berdin. Sabino Aranak, adibidez, baserriari begiratzen dio, eta harrigarria da zeren bere aita ontzigilea zen. Nonbait, baserria bihurtzen dute leku mitikoa, eta hor hasten da zabaltzen mitoa: euskararen gordailu bakarra dela, mendeetan zehar euskara salbatu zela bailara sakonetan gordeta, isolatua egon zelako. Gezurra da. Hasteko, lehorrean Santiago bidea pasatzen delako eta hor kultur autopista bat izan dugulako, eta, gero, itsasoan, ba pentsa! Kanadarrek aitortzen digute hango indiarrek jasotako Europako lehen hizkuntza euskara dela! Gatozen Albaolara. «San Juan» baleontzia aurkitzeak eta haren erreplika eraikitzeak nola eraiki du Albaolako proiektua? Albaola 1997an sortu zen, baina ez “San Juan”-a eraikitzeko helburu bakarrarekin. Hasieran inuxente samarra nintzen, bakarrik nengoen eta ez nituen beharrezkoak ziren bazkideak. Formatu nintzen hemengo ontzigintza tekniketan, inkesta etnografikoak egiten nizkien ontzigile zaharrei, ontzien atalen hitzak… Gero saiatu nintzen itsasoarekin zerikusia duten lan ezberdinak egiten. Hendaiako arraun taldean urte pare bat egin nituen, eta beste bi Koxtapen, itsasoan arrantzan ibili nintzen, Hondarribiko lonjan itsasontziak deskargatzen, kamioiak zamatzen, arraina izotzetan jartzen, urpeko indusketa arkeologikoak ere egin nituen, eta gero ja, pixka bat desesperatuta, itsasoratu nintzen eta pasa nituen urte pare bat trabesia transozeanikoak belaontzietan egiten. Halako batean, Apprenticeshop-eko sortzaile eta zuzendari Lance Leek deitu eta kontratatu egin ninduen euskal itsasontzi bat eraikitzeko bere ikasleekin. Argi esan zidan: «Itsasontziak egiteko asmoarekin zatoz, baina nire eskolan itsasontziek egiten dituzte pertsonak». Eskola helburu humanista batekin sortu zuen, oasia zen, Vietnamgo giroan, alternatiboa… 26 urterekin iritsi nintzen bertara. Hor sortzen da «Ameriketatik» trainerua, Albaolaren beste mugarria, eraikitzeko erabakia? XIX. mendeko arrantzarako euskal traineru bat eraikitzea aukeratu nuen. “Ameriketatik” izena jarri genion eta erabaki nuen Lanceri trainerua erostea. Oso emozionatuta nengoen, nire lehen lana zen, eta ez nuen nahi museo bateko bilduma batean bukatzea. Euskal Herrira ekartzea nahi nuen. Euskal diasporari laguntza eskatu nion, inspiratu nintzen aurretik batu zirelako Nestor Basterretxearen euskal artzainari omenezko eskulturaren bueltan. Orduan batu baziren, zergatik ez “Ameriketatik” Euskal Herrira eramateko? Diasporak Euskal Herriari egin zion oparia izan zen. Gauza asko egin ditugu traineru harekin, Euskal Herriko 29 portuak 29 egunetan, egunero tripulazioa aldatuz… Hamaika itsas festibaletara joan gara gure itsas kultura zabaltzera. «San Juan»-aren erreplikaren eraikuntza zure lanaren gailurra da. Baina badira beste bi pertsona ezinbestekoak, beti aitortzen duzu horien izena eta ekarpena. Bai. Selma Huxley eta Robert Grenier. Selma kanadarra zen, lanbidez artxibista; Oñatira etorri zen duela 50 urte, eta bertako apaizak erakutsi zizkion agiri batzuk erakusten zutenak gure balea-arrantzaleen harremana Kanadarekin. Handik aurrera, bizitza eskaini zion horri. Agiri bat aurkitu zuen non azaltzen zen, detaileetan, “San Juan”-aren jatorri pasaitarra, zeinek eraiki zuen, 60 arrantzale abiatu zirela eta nola balea-koipez beteta itzultzeko ainguratuta zegoela ekaitz batek aingura puskatu, ontzia deribara bultzatu eta enkailatu zela kostaldean hamar metroko sakoneran. Funtsezkoa izan zen “San Juan”-aren berri eman eta kokapena lokalizatzeko, ze lekuak historian izan ditu izen ezberdinak, oso izen efimeroak ziren, eta gertakariaren urtean lekuari Butus deitzen zitzaion; ez dakigu zer esan nahi duen. Ur hotz haietan primeran kontserbatu zen, munduan hobetoen kontserbatua dagoen ontzi transozeanikoa da. Berak aurkitu zuen XVI. mendeko mapa bat, eta bakarra da Butus non kokatua zen erakusten zuena. Egungoekin konparatu, eta Red Bay zela ikusi zuen. Informazio hori guztia pasa zion Parks Canada erakunde publikoari, ondare material eta kulturala zaintzen duena. Urpeko arkeologo talde oso-oso on bat dauka; Robert zen burua. Selmaren informazioarekin berak aurkitu zuen “San Juan”-a, eta erabaki zuen ikertu behar zela ordura arte erabili gabeak ziren teknikekin; baleontzia piezaka lehorrera ateratzen, urteetako lana, den-denak, hiru mila pieza! Lan itzela, hondoratutako itsasontzi bati historian egin zaion ikerketa handiena. Gure itsas kulturaren enbaxadorea izan da, pertsona maitagarria. Albaolako bisitariak harritzen al dira «San Juan»-arekin, aipatu duzun ustezko eskaskeria horretatik garapen teknologiko absolutu baterako jauzia begiekin ikustean? Asko. Gure kostalde txikian, Baionatik Muskizera, linealki zer egongo dira, 100 kilometro? Geografikoki txikiak baina itsas potentzia handia ginen, aurreratuena mendeetan zehar. Euskal ontziek gizateriari ozeanoak zabaldu zizkioten. Balea ehizatu, txabolak altxatu, koipea urtu... mendeetan prozesu industrial osoa kontrolatzen zuten, monopolioa zuten. Ea noiz demontre konturatzen garen: kooperatibismoaren sorreraz, berdin zait Wikipedian edo non, XIX. mendean Ingalaterran sortu zela diote, baina guk frogatuta daukagu duela 500 urte Kanadara joaten ziren balezaleak kooperatibistak zirela. Orduan Ternuan hasi zen Euskal Herriko benetako kooperatibismoa? Nicolas Denysek, Ternuako Frantziako gobernadoreak, idatzitako liburu batean dator nazio guztien artean euskaldunak bakarrak zirela baleetan, kristoren gaitasuna zutela. Balea harrapatzea oso zaila zen, erabateko arriskua: txalupa txiki batean, arpoiarekin, lekurik zailenetan, Ternuara joan egin behar zen! Maparik gabe, beraien ausardia eta senarekin, kristoren itsasontziekin; hango itsasoa da pasada bat, oso gogorra. Groenlandiatik Ternuarako bidean parabola egin behar zen, baita gaur egun ere; nabigatu behar zuten izotzezko itsaso batean, guztiz lainotuta egoten zena askotan, bi itsas korronteek talka egiten dutelako, Artikoko hotzak eta hona datorren Golkoko beroak, eta kristoren laino itxi-itxia sortzen du. Kanadako agintariek esana digute guri: «Euskaldunek sortu zenuten Ipar Amerikako aurreneko jarduera industriala». Ostras! Eta balea-koipea, gainera, luxuzko produktua zen. Lubrifikante eta xaboi onak egiteko ere erabiltzen zen, artilea garbitzeko ere bai, eta oso inportantea zen artilea orduan. Pentsa, balea-koipearekin argiztatzen zituzten Europako jauregi eleganteenak, zeren badauzka ezaugarri oso aproposak: indar oso handia du, eta aldi berean ez du usain txarrik botatzen, ez kiratsik, ezta ke beltzik ere; ez ditu paretak zikintzen. Baina Ternuara bakailaoetara ere joaten ziren euskaldunak; ondoen kontserbatzen zen proteina zen bakailao lehorrarena eta beste nazioetakoak ere joaten ziren, Atlantikoko frantsesak, portugaldarrak eta ingelesak… Kooperatibistak euskaldunak bakarrik ziren? Nicolas Denysek, frantsesa izanda, aipatzen du denen artean euskaldunak zirela arrantzale onenak. Besteek txaluparen erdia ere bete ez zutenerako euskaldunek lanak eginak zituztela, lanerako ez zirela ezkutatzen. Zergatik? Bakarrak zirelako partearekin joaten zirenak. Hori da partea, irabaziak banatzen zituzten; gutxi gorabehera erdia, itsasontzia, janaria, tresnak ordaintzen zituen armadorearentzat eta, beste erdia, arrantzale guztien artean. Eta denak berdintsu. Eta, hori, seguruenik, andreek salduko zuten, ze gizonek pasatzen zituzten hamar hilabete itsasoan, urtean, pasada bat. Horren adierazle dira gure kostaldeko herrietako jaiak; horregatik dira neguan, baleazaleak eta bakailaozaleak herrian egoteko. Kontatzen ari zarena lupa moduko bat da, memoriaren kondentsadorea, Euskal Herriko erradiografia polita. Dena genuen bertan, haritza, burdina… Karabanak, egurgintza eta meatzaritza oso aurreratua, herri oso dinamiko bat. Abantaila handiak zituen Euskal Herriak. Itsasontziak egiteko behar zen material dena, edo nagusia, bai burdina eta bai haritza, ontzioletatik oso gertu zegoen. Hori ez da gertatzen Europako leku gehienetan; burdina inportatu behar da, edo, adibidez, frantsesen kasuan, hariztiak Frantziaren erdialdean zeuzkaten, ontzioletatik 400-500 kilometrora. Hori ordaindu egin behar zen, idiek batez beste egunean hogei kilometro egiten dituzte zamak garraiatzen. Hemen haritza oso bertan genuen, burdina ere bai, ibai eta erreka guztiak errotaz josiak, eta dinbi-danba zebiltzan burdinola guztiak lanean. Europako burdinola gehien hemen zegoen eta Europako burdinaren %10 hemen ekoizten zen. Energia genuen, urarena eta egur-ikatzarena. Testuinguru industrial-teknologikoa zen gurea betidanik; badakigu hariztiak kudeatzen zirela itsasontziak egiteko modurik optimoenean. Hortaz, gure ontzigintzak basogintza teknika bereziak eskatzen zituen? Kanadarrek jarri ziguten hipotesia mahai gainean. Kontua da egur okerrak, zurokerrak, naturan nekez aurkitzen direla. Konturatu ziren “San Juan” baleontziaren pieza bakoitza adar oso bat zela, ontzigileak behar zuen forma zehatza zutela, eta, gainera, milaka piezaz osatutako itsasontzian bi adar begi besterik ez zituzten aurkitu. Bi bakarrik! Horrek esan nahi du, haritz horiek oso zainduak eta kimatuak zeudela. Pista horri jarraituz, handik urte batzuetara, historialari batek, Alvaro Aragon oiartzuarrak, artxibategietan agiri batzuk aurkitu zituen teknika hori deskribatzen. Teknika horri, gazteleraz, euskaratik badator ere, «robles ipiñabarros» deitzen zaio. Haritz ipinabarrak itxura mugarroarena du, baina mugarroa beste kontu bat da, ikatza egiteko; ipinabarretan zuk gidatzen dituzu adarrak nahi duzun piezaren forma izan dezaten. Duela bostehun urte, Euskal Herrian bazeuzkaten baso batzuk gaurko Ikea bezalakoak; itsasontzien piezak naturak egiten zituen. Gurekin lan egiten duten historiagileek aurkitu dituzte Ataunen bi mila, lau mila, arraun egiteko kontratuak; pentsa, bada bertan Arraundegi izeneko baso eremua. Antxoa arrantzatzen edo onddoak biltzen dituztenek sekretua gorde behar dute. Balea-koipearena negozio biribila zen, ez zuten lehiakiderik. Sekretupeko unibertso horretan nola moldatzen zarete Albaolakoak? Bi historia daude; ofiziala, erregeena da bat. Elkanorena dakigu Karlos V.aren espedizioa izan zelako, erregeak bere kronistak zeuzkan, eta beren funtzioa zen idaztea ‘hau nirea da!’, aldameneko erregeek jakin zezaten. Monarkietatik sortutako kontakizun politikoa da, interesetan oinarritua. Eta euskaldunak ere hor sartuta zeuden, enpresa pribatuak zeuzkaten, bakailaoarena, balea-koipearena, burdinarena. Karlos V.aren flota, %80tik gora, Euskal Herrian eraiki zen. Baina gero badago arrantzaleen historia, ez ofiziala, beste muturrekoa: ez zuten ezer kontatu nahi, dena sekretupean gordetzen zuten. Baina ez gureek bakarrik, munduko arrantzale denek, eta gaur egun ere bai. Arrantzan ibilitakoa naiz, eta askotan gezurra esaten dute, propio gezurra! Ez zutelako nahi konpetentzia, antxoa dagoen tokira ez zituztelako besteak erakarriko, kendu edo uxatuko zizkietelako. 30 urtera bidean da Albaola; urruti geratu dira bakar-bakarrik jarduten zinen hasierakoak. Konforme egindako lanarekin, gozatzen? Orain, zorionez, 30 langile dauzkagu. 30 soldata, gehi ikasleak, gehi boluntario pila bat, eta proiektua handitzen ari da, eta handituko da! Lagunek eta lankideek maiz leporatzen didate lorpenekin ez dudala gozatzen. Proiektuak proiektatzen gozatzen dut gehiago, baina behin bukatuta dagoenean, ba ez dut hainbeste gozatzen. Hurrengo fasearekin hastean gozatzen dut. Eta proiektu pila bat dauzkagu hemen. Gure helburua da Albaola izatea, itsas kultur ondarearen aldarrikapen eta lanketarekin batera, bere lanarekin, bere jakinduria teknikoekin, munduko erreferentea. Bide onean goazela uste dut. «‘National Geographic’-ek ‘San Juan’-aren berria eman zuen alea errebelazio bat izan zen niretzat. Geure buruaz genuen irudia ez zen batere itsastarra; atunak eta antxoak egunero etortzen ziren, baina gurea baserritarren eta artzainen kultura zen, nahiko herri miserable baten irudia» «Gure kostalde txikian, Baionatik Muskizera, linealki zer egongo dira, 100 kilometro? Geografikoki txikiak baina itsas potentzia handia ginen, aurreratuena mendeetan zehar» «Gero badago arrantzaleen historia, ez ofiziala, beste muturrekoa: ez zuten ezer kontatu nahi, dena sekretupean gordetzen zuten, eta askotan gezurra esanez, propio gezurra! Ez zutelako konpetentzia nahi»