7K - zazpika astekaria
LUMA BERRIEN AZTARNAK

Negarrak paradisuan

Kristina Fernandez

Martxoaren 22 batean erditu zen, basoan, zerumugako izarren distiraren argipean, pago handiaren babesean, gaueko hegazti eta animalien doinuek musikatutako udaberri goiztiarrean. Makurtuta, minak erdibituta, bakarrik, barrenetik zetorkion umea esku hutsez helduta kanpo aldera bultzatuz joan zen, poliki, kontuz, maitekiro. Azkenean, haurraren gorputz osoa kanpoan zegoenean, zilbor-hestea moztu berri, eskuetatik irristatu eta lurrera erori zitzaion jaioberria. Haurraren negarrak iluntasuna isildu zuen, basoa etorri berri haren atsekabeari adi-adi balego bezala. Amak ere susto galanta hartu zuen, umeak kalte handirik ba ote zuen ziurtatu, eta emeki bularreko berotasunean batu zuen.

Behin neskato jaioberria kontsolatu zenean, bi-biak zorionekoak zirela pentsatu zuen amak. Sukha izena jartzea otu zitzaion, “zoriona” sanskritoz. Orduan, eskerrak emateko zerura begiratu eta Aries konstelazioa ikusi zuen, garbi, diamanteak bailiran brillante. Seinale ezin hobeek eman zioten ongietorria mundu honetara Sukha txikiari, zeruko eta lurreko energia guzti-guztiak alde zeuzkan. Lasaitasunez eta orekaz beteriko bizitza izango zuela erakusten zuten udaberri gau hartako ikur kosmikoek.

Baziren bost urte paseak abandonatutako herri hartara iritsi zirenetik, bera eta beste zortzi bat lagun. Bizimodu hiritar ustezko modernotik ihesi, komuna bat sortu zuten bizitza bere osotasunean sentitzeko, norberaren txakra puntuetako energia isuriak naturarekin konektatzeko. Meditazioari ekin aurretik, ordea, harriak pilatzean, zementua egitean eta egurra moztean botatako izerdiarekin egin zuten bat izadiarekin. Otzandu egin behar izan zituzten leihoetatik kanpora hazitako zuhaixkak, teilatuetan errotutako bedarrak, sasiak jandako bazter guztiak. Batzuek ilusioz eraikinak atontzeko lanabesak erabili zituzten bitartean, beste batzuek pozez aitzurrarekin baratzeari ekin zioten, ama lurrak jakiak opa ziezazkien. Behin bizilekua eta elikadura ziurtatuta, meditazioa eta yoga gailendu ziren eskuekin altxatutako harmonia hartako arratsaldeetan. Komunan, isiltasuna, xuxurlak, basoan soinu, doinu disonanteak.

Ingurune honetara jaio zen Sukha, komunan jaiotako lehen haurra. Pozarren hartu zuten denek, eta komunero guztiak apur bat guraso sentitu ziren. Komuna-kideen artean heztea adostuta, ardurak partekatzea zen beren asmoa, alegia, heziketa komunitarioa eta alternatiboa abian jartzea pentsatu zuten, modu kapitalista burgesak alde batera utzita.

Baina neskatila negartia zen oso eta amaren besoetan bakarrik uzten zion mainak egiteari. Zaintza komunitarioaren asmo ideala alde batera uzten joan ziren, agian konturatu gabe. Izan ere, Sukharen marraskak komunaren bakea desegiten zuen bakoitzean, azkar batean eraman ohi zuten umea amarengana.

Urte bat bete zuen neskatoak, eta negarrak zirela eta ez zirela, ez zegoen komunan atarramenturik. Ahalegindu eta bururatutako proba den-denak egin zituzten Sukha lasaitzeko, zaila egiten baitzitzaien komuneroei euren amestutako bizitza baketsuarekin aurrera egitea.

Arduratuta eta neurri berberean aztoratuta, ume haren negarrak zerk eragin zitzakeen aztertzeko, komunako asanbleara deitu zuten arazoa eztabaidatzeko eta irtenbideren bat aurkitzeko gai ordenarekin. Teoria ugari, adostasun eskasa eta irtenbiderik batere ez. Batzuek zioten amari umea erori zitzaionetik jaioberritan, gaixoak trauma gainditu gabe zuelako ezinezkoa zitzaiola amagandik urruntzea; beste batzuek, aldiz, negarrak egonezin mistikoa adierazten zuela, energien arteko gatazkaren batekin lotutakoa. Hainbat eta hainbat argudio entzun ziren, ia kideak bezainbeste. Norbaitek ama-alabak komuna utzi eta aldi baterako urrun zitezen ere proposatu zuen. Amak denak entzun zituen mutu eta burumakur, kide bakoitzak bere iritzia ematen bukatu arte.

Denak isildu zirenean, burua jaso eta arranguraz bere umea zela-eta sortutako egoera tamalgarria deitoratu zuen, erabat errudun sentitzen zen energiak apurtzeagatik edo umea erortzen utzi izanagatik; baina tarteka meditazioa egin arren, ia Nirvanara iritsita, hala eta guztiz ere erantzun kosmikorik ez zuela lortu. Edonola, ez zegoela prest alde egiteko komunatik, ez baitzuen uste denon artean eraikitako paradisu hura jantzi eta erantzi zitekeen zerbait zenik.

Gauzak horrela, soluziobideren bat aurkitu beharra zegoela eta denen artean aho batez erabaki bat hartu arte asanbleak bere horretan jarraitu behar zuela proposatu zuen batek. Beste kide batek hori txorakeria galanta zela-eta kontra egin zion. Zer txorakeria eta txorakeria ondoko! Herraz egin zion oihu. Sutan zeuden biak, bata besteari mokoka. Hirugarren batek bakea jarri nahi izan zuen bi hauen artean, giroa asaldatzen hasita zegoen-eta, komunako helburu espiritualak kolokan jartzen, alegia.

Azkenean, gaia ondo aztertzeko eta asanblea behar barik gehiegi ez luzatzeko, batzorde bat eratzea erabaki zuten, batzuek benetako konponbidea aurkitu zutelakoan, beste batzuek handik ospa egiteko aitzakia ona zelakoan.

Batzordearen betebeharra txosten batean islatu behar zen, gutxienez 25 orrikoa, Arial letra motan eta biko tartea utzita lerro artean. Lehenik umeen negarren arrazoien teoriak batu behar zituzten, galdeketak ere egin behar zizkieten jakitunei, eta azkenik, arazoaren inguruko hiru proposamen ezberdinekin bukatu behar zen txostena.

Txostena bukatu zutenerako, Sukhak 6 urte zituen, negarraldiak aspaldi atzean utzita. Beste umerik ez zen izan komunan.