7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Selekzioa


Eurokopa atzean utzi dugun honetan, inoiz baino ume gehiago ikusi ditut Espainiako selekzioko kamiseta jantzita, “vamos España” oihuka. Audientziek ere erakutsi dute euskaldun askok jarraitu dutela txapelketa, eta bihotzak min egin dit hori ikusita.

Zur eta lur geratu nintzen, Londres-Bilbo hegaldian. Hegazkina ateratzen zen ordu berean, Espainiako selekzioa Alemaniaren kontra ari zen jokatzen. Ondoan nituen guztiak mugikorrarekin partida ikusten ari ziren. Eta ez pentsa ingelesak zirenik. Ez. Horrenbesteko jarraipena ikusita, Espainiak gola sartu zuen momentuan, tripulatzaileek bozgorailutik jarri zuten partida eta txaloka hasi zen hegazkin erdi baino gehiago.

Eurokopa hasi zenean semeak galdetu zidan: “Ama, nor animatuko dut?”. Eta ez nuen jakin zer erantzun. Mundiala izan balitz, Estatu Batuak animatzeko esango nion bere bizitza erdia baino gehiago bertan igaro duelako. Oraingoan, baina, erantzunik barik geratu nintzen. Pena ematen dit txapelketa handietan semeak kamiseta berdea daraman gure selekzioa animatu ezin izateak. Pena ematen dit Eurokopan, mundialetan eta Olinpiadetan ereserkiaren unean harro ez sentitzeak. Inbidia ematen didate selekzioaren garaipen handiak ospatzen dituztenek. Inbidia ematen didate porrotaren aurrean negar egiten dutenek ere, guk hori ere ezin baitugu egin.

Alemaniako Eurokopan, Arabako bi jokalari, Bizkaiko bat, Gipuzkoako bi eta Nafarroako beste bi egon dira. Baita Lapurdiko selekzionatzailea ere. Euskal Herria, ordea, ez da ordezkatuta egon eta hurrengo Eurokopan ere ez da egongo.

Guk badugu gure selekzioa eta ondo harro gaude euskal selekzioaz. Baina ez da bidezkoa selekzioaren papera lagun arteko partidetara mugatuta egotea. Ez da bidezkoa euskal herritar sentitzen diren jokalariek euren nazioa ordezkatu ezin izatea. Ez da bidezkoa gure kirolariek lortzen dituzten dominak beste herrialde batzuenak direla esatea. Ez da bidezkoa. Ederra litzateke gure selekzioa munduko herrialde guztien kontra jokatzen ikustea. Ederra litzateke Euskal Herriaren garaipen handiak ospatu ahal izatea. Eta ederragoa litzateke futboleko mundialeko finalean Frantziari edota Espainiari penaltietan irabaztea!