7K - zazpika astekaria
AMATASUNEN POLIEDRIKOTASUNA
Entrevista
JUNE FERNANDEZ
Kazetaria eta idazlea

«Ezinezkoa da haurdunaldi subrogatuaren praktika nazioarte mailan debekatzea»

Zer datorkizu burura, kazetari bat irudikatzeko eskatzen badizut? Kamerari alboz begiratzen dion eta segurtasun txalekoa jantzita daraman gerra-korrespontsala? Gerritik gora soilik ezagutzen duzun albistegietako aurkezlea? Kirol balentriak herri oso batentzat hil ala biziko epikaz eta pasioz kontatzen dituen irrati-esataria? Kaiera eta bolaluma eskuan, alde egiten azkena izateko asmoz, gertakariaren gunera lehendabizikoa heltzen dena? Zer da kazetari izatea orain eta hemen?

(Iñigo Uriz FOKU)

June Fernandezek (Bilbo, 1984) asko daki kazetaritzaz. “Pikara Magazine”-n sustatzaile eta koordinatzailea izan da 2010etik 2020ra bitartean. Gaur egun, “Pikara”-n bertan eta “Argia”-n argitaratzen ditu bere lanik gehienak. Elkarrizketa eta erreportajeez gain, hiru liburu eman ditu argitara azken hiru urteotan: “La tribu de las amatxus bollo” (Histeria, 2022), Amaia Alvarez Uriarekin batera idatzitako “Mariokerrak, nola esan/izan bollera euskaraz” (Txalaparta, 2023) eta “Aingeruak eta neskameak, haurdunaldi subrogatuei buruzko analisi feministak” (Susa, Lisipe, 2024).

«La tribu de las amatxus bollo» (Histeria) argitaratu zenuen 2022an. Amatasun bolloak aipatzen dituzu bertan, ez amatasun lesbikoak. Neurri batean, gizarte mailan, sexu identitate ez-normatiboak onartu direla dirudi. Horren aurrean, nire belaunaldiko aktibistek bereizi egiten dituzte lesbiana eta bollera izatea. Lehenengoa, besterik gabe, orientazio sexuala da eta, bigarrena, orientazio sexual horretatik eratortzen den identitate politikoa. Hala, izan zaitezke orientazioz bisexuala baina hautu politikoz bollera, zeure egiten duzulako hetero-araua desafiatzearen gatazka, iraina apropiatzearena... Nik ez dakit nolakoak diren lesbianen gurasotasun praktikak; bollerenak, aktibista queer eta feministenak ezagutzen ditut nik. Hor jartzen da dena zalantzan.

Ama izateko desira izan duzuen bollerak linbo batean bezala sentitu zaretela diozu. Alde batetik, jendartean oraintsu arte ez zen halakorik irudikatzen. Gure aitari aurrerantzean ez nuela mutil-lagunik izango eta emakumeekin harremantzen ari nintzela kontatu nionean, “ez naiz aitita izango!” atera zitzaion barrutik. Bollerak antzuak ginela zirudien. Azken boladan, beste muturreko klixeraino aldatu da hori. “Intimidad” bezalako telesailetan edo “Peppa Pig”-en tankerako marrazki-bizidunetan bi ama sartzen dituzte orain; primeran geratzen da, baina beti dira oso ama feminizatuak, oso bizimodu heterokonbentzionalak erreproduzitzen dituztenak. Bestetik, gure amatasun desira onartzeko orduan, deseroso sentitzera eraman gaituen beharrezko kritika egin zaio amatasunari esparru feminista, queer eta bolloetatik. Hala, osasun sisteman, hezkuntzan edo parkean lesbofobia agertzen zaigunean, gure lagun heteroek ez gaituzte ulertzen eta amatasunaz ezer jakin nahi ez duten gure lagun bolloei kontu arrotz eta aspergarriak iruditzen zaizkie. Ez da aipatzen, eskolako patioan, autodefentsa feminista eta bolloa egin beharra, aita hetero batek eraso diezagukeelako. Ez-leku batean sentitzen gara.

Amatasuna eta feminismoa gatazkara kondenatuta daude? Oso gatazka zaharra da, ez dugu ezer deskubritu. Askotan gomendatzen dut Adrienne Richen “Emakumeagandik jaioa” (Txalaparta) liburua. Ordurako, bigarren olatuko hainbat feministak ulertzen zuten amatasuna esperientzia alienante bat bezala, zapalkuntza metodotzat zeukaten eta emakumeak hortik emantzipatu beharra aldarrikatzen zuten. Adrienne Richek, aldiz, luze-zabal dihardu amatasunaren esperientziaz, bere konplexutasun osoan. Hala ere, uste dut, azken urteotan, mugimendu feministaren baitan, antiamatasuna oso presente egon dela. Oso ohikoa da, ordutegi eta kontziliazio arazoengatik, ama izan eta militantziatik ezkutatzea. Egia da PETRA bezalako ama feministen mugimenduak sortzen ari direla, baina gehienek denok enkajatzen ez dugun amatasunaren irudi existentzialista bat sustatzen dute.

(Ez)amatasunei buruzko jardunaldi feministak antolatu zituen orain ez asko Emaginek. Eta begi bistakoa izan zen gatazka; baina oso positiboa da bai gatazka onartzea, bai gure artean hitz egiteko gai izatea. Hala ere, egia da amatasunaren esperientziak, lehen urteetan batez ere, oso modu zaurgarrian zeharkatzen gaituela eta, zenbait unetan, ezin direla diskurtso edo gatazka batzuk kudeatu. Adibidez, indarkeria obstetrikoa bizi izan duenak ikusten badu, amen kontua delako, gaia ez dela sekula agenda feministan sartzen, bere burua ez-leku batean sentitzen du, espazio segurua behar lukeena esparru arrotza bilakatzen zaio. Nahia Alkortak, orain gutxi egindako elkarrizketan, eztabaida politiko eta filosofikoa ezinbestekoa izan arren, amek indarkeriak bizi dituztenean mugimenduak erreakzionatu behar zuela ondorioztatzen zuen. Amatasunak halako alergia bat pizten duelako, “nire gorputza nire erabakia” printzipioa defendatzeari utziko diogu? Ez.

Intseminazio-prozesuak heterosexualentzat diseinatuta daudela diozu liburuan. Azken urteotan hobekuntzak egon badira ere, beti bideratzen gaituzte aukera medikalizatu eta garestienera. Hala, hormonazio-ziklo berdinak proposatzen dituzte 28 urteko lesbiana baten ala ugalkortasun arazoak dituen 40 urteko bikote hetero baten kasuan. Gero, ROPA metodoa dago. Bi emakumek osatutako bikote batean, batek obuluak jartzea eta besteak ernaltzea suposatzen du horrek. Egoeraren arabera, estrategia eta aukera ona izan daiteke, baina industriak biak “benetako” ama izateko formula magiko moduan saltzen du. Bestelako kasuetan, bi amak ez al dira zinezko amak? Azkenik, hori etxean egin nahi badugu, lagun baten edo koinatuaren semenarekin, modu autogestionatuan, nahikoa da semena jarri duen gizonak bere aitatasuna aldarrikatzea, legeari begira ama ez-haurduna amatasun estatusik gabe uzteko. Patriarkatuak inposatu nahi duen ereduarekin zerikusi zuzena duten halako errealitate asko daude ezkutuan.

«Mariokerrak, nola esan/izan bollera euskaraz» (Txalaparta, 2023) liburuan ere hitzek erakusten eta ezkutatzen dutena sumatzen da. Amaia Alvarez Uriak eta biok ondu dugu liburua eta Amaiak berak Dimako topaketa bollo-feminista batzuetan luzatutako galderatik abiatzen da: nola esan “bollera” euskaraz? Une hartan Amaiak, militantziakide batekin batera, “soropila” hitza proposatu zuen. Hitz horrek ibilbidetxo bat egin zuen, “Euskal Herriko Soropilak” kamisetak atera zituzten Iruñean, norbaitek soropilak zelaia esan nahi zuela ohartarazi zuen arte. Mugimenduan beti egon da norbere identitateaz eta kulturaz hitz egiteko hainbeste mailegu erabili behar izateari buruzko kezka. Ana Jakak azpimarratzen du autodeterminazio ariketa bat ere badela hitz propioak sortu edo bilatzea.

Esan eta izan oso lotuta doaz askotan. Jakina. Horregatik amaitu genuen biak lantzen. Oso hausnarketa sakon eta interesgarriak agertu ziren hor. Adibidez, 40 urtetik gorakoek kontatzen zuten ez-leku batean sentitu zirela, urte luzez LGTBI mugimendu edo mundua oso erdalduna izan zelako eta euskal mundutxoa oso heteronormatiboa. Aldi berean, LGTBI identitateak asko lotzen dira sexualitatearekin eta identitate pertsonalekin, baina guk aldarrikatu nahi dugu sexu disidentzia ez dela bakarrik nor maite dudan, norekin oheratzen naizen ala nolako gorputza izan nahi dudan; kultura, erresistentzia eta komunitatea oinarrian dituen mundu ikuskera eta posizionamendu politiko bat da. Horregatik aztertu dugu euskal kulturan ze erreferente, ze errepresentazio eta ze sorkuntza bollo dagoen.

Hitzek bilakaera bat islatzen dute, halaber. Hastapenean, oso hitz gutxi daude «marimutil» eta «tortillera»-z harago. Askotan egozten zaio lesbianismoari ikusezintasuna. Memoriara pasatzeko orduan, ez da erregistratzen. Aitor Aranaren gay hiztegiarekiko kontrastea nabarmena da. Gay hiztegian hitz andanak daukate sexu praktikekin zerikusia edo lotura esplizitua. Gu, aldiz, hitz bila hasi eta apenas topatzen genuen sexu-jolasei lotutakorik. Prozesu polita izan da lagun taldeetan esapideak nola sortzen diren ikustea: soropila, piper-opila, gremiokoa izatea, kofradiakoa izatea... Gipuzkoan “kuku” erabili izan da. Itxaro Bordaren liburuak heldu arte, halabeharrez egon gara AEBetara begira, euskal kulturan ez genuelako erreferenterik.

Sexilioak ondorio linguistikoak ere utzi ditu. Oso bidezkoa ez den zerbait gertatzen da hor. Esparru oso euskaldunetatik eremu erdaldunetara sexiliatu garenok gure burua egurtzen dugu euskaraz egiteko erraztasuna galdu dugulako, baina euskararentzat arnasgune izan dena askotan itogunea izan da LGTBIontzat. Eskerrak hori aldatzen ari den. Altxa Lilikoen apustua da iruditegi horrekin apurtzea: hiriak ez du zertan askatasun espazio kosmopolita eta irekia izan, ezta herriak kontrol sozialaren gune kontserbadorea ere. Baina, erreparazioaren ikuspegitik, hausnartu beharrekoa iruditzen zait zenbat jendek galdu duen euskara, euskal kulturarekiko atxikimendua, aske izateko oso urrun joan beharra sentitu zuelako.

Egun, aldiz, mugimendu lesbofeminista oso euskalduna da gazteen artean. Zeri zor zaio bilakaera? Alde batetik, soziolinguistikoki, gizartearen isla da: gazteak D ereduan alfabetatzen dira gehienbat. Bestetik, mugimendu feministan lanketa sakon bat egin da, hizkuntza nagusia euskara izan dadin. Halaber, Lorea Agirrek, Idurre Eskisabelek edo Mari Luz Estebanek oso ondo azaldu dute indarkeria patriarkalaren eta zapalkuntza linguistikoaren artean dagoen lotura eta liburuan elkarrizketatu ditugun askorentzat oso zentzuzkoa da identitate disidente bat hizkuntza disidente batean bizitzea eta borrokatzea.

Hitzak asmatzea izate bat erregistratzeko modua da? Bai, baina memoria historikoaren ikuspegitik aztertu behar dira hitzak. Esaterako, lehen “ulertzen” oso tipikoa zen, baina badirudi egungo gazteek ez dutela erabiltzen. Era berean, orain bollera hitzari lesbianak ez duen pisu politikoa aitortzen bazaio ere, lesbiana feminista nagusiek lesbiana berba disidentea dela aldarrikatzen dute, beraientzat tabu handia haustea izan zela “ni lesbiana naiz” ahoskatzea. Hala, ezinbestekoa iruditzen zait memoria garela ulertzea, ez garela soilik gure bizimodu pertsonalak aldarrikatzen ari.

Aldarri oso polarizatuak sortzen ditu haurdunaldi subrogatuaren gaiak. Polarizazio horretatik ihes egin nahian argitaratu berri duzu «Aingeruak eta neskameak» (Susa, Lisipe, 2024) liburua. Mugimendu feministan gaiari buruz asko eta sakon eztabaidatu bada ere, jendartean ikusgai dauden diskurtsoak oso muturrekoak eta sinplistak dira, nire ustez. Haurdunaldi subrogatuaren aldekoek ugalketa teknika bat besterik ez dela diote, emakumeek adostasuna ematen dutela, dena oso zientifikoa dela, AEBetan aspalditik dagoela errotuta, baina ez dituzte gaiaren atzean dauden konplexutasuna eta dinamika neoliberalak aintzat hartzen. Beste muturrean, kontrakoen bandoan, emakumeak biktimak dira, esplotatuak daude eta umeen salerosketaz hitz egiten ari gara. Hala, nik barne-eztabaida itzelak izan baditut ere, emakumeei agentzia onartzeko beharra sentitzen nuen. Prostituzioarekin gertatzen zaidan bezala, ez dut uste testuinguru horretan umedun geratzen diren guztiak biktimak direnik. Umeen ikuspuntutik ere milaka duda ditut. Horregatik erakutsi nahi nuen, muturreko diskurtso horien artean, jende asko gaudela zalantza gehiagorekin. Bestelako diskurtsoak plazaratzeko eta diziplina ezberdinetatik gaiari erreparatzeko premia sentitzen nuen. Oso ondorio ezberdinak ateratzen dira gaiari filosofiatik, ekonomiatik, antikolonialismotik ala ikuspegi perinataletik helduz gero.

Zergatik da hain gai deserosoa, tabua batzuetan, gehienok inguruan halako errealitateak ezagutzen baditugu? Liburuan hipotesi ezberdinak ageri dira. Aldekoek, elkarteek zein gurasoek, abolizionismoari egozten diote errua, eman den iruditeria oso iluna delako: emakumeen etxaldeak, ume esleituak, dena oso modu hotzean antolatua... Hori existitu da eta bada gaiaren aurpegi bat. Hala ere, Elixabete Imaz antropologoaren ustez, amatasunaren, erditzeen eta haurdunaldien irudi oso negatiboa daukagu eta, ondorioz, ez dugu posible ikusten norbaitek lan hori borondatez egitea, alienantea iruditzen zaigu, esklaboa. Berak, ordea, argi eta garbi dio egon dela haurdun eta lan asko direla haurdun egotea baino desatseginagoak. Bestalde, umeak erdian egoteak zalaparta eta ezinegon nahiko logiko bat sortzen du, baina hori baino zerbait sakonagoa da: espainiar Estatuan, Atzerritarren Legearen ondorioz, ume andana geratzen da familiarik gabe eta inor ez da horrekin hainbeste asaldatzen. Azkenik, ezin dugu ahaztu gaiaren osagai distopikoa. Josebe Iturriozek ondo baino hobeto azaltzen duen legez, gizateria erditzeko modua jartzen da zalantzan, bizitza ekoizteko modua aldatzen du.

Denok baloratzen ditugu gauzak balio-sistema baten arabera, baina nola da posible batzuentzat onartezina dena besteentzat arazo ez izatea? Abortua edo eutanasia ere oso polemikoak dira, baina gai horietan aurrerakoiak garenok argi dugu eskubide horiek existitu behar dutela eta nahikoa dela kontra daudenek uko egin eta ez erabiltzea. Haurdunaldi subrogatuaren kasuan, ordea, ez dugu logika bera erabiltzen. Elixabete Imazek azpimarratzen du Europako herrialde askotan obodonazioa debekatuta dagoela eta, bitartean, Espainia dela ugalketa industriaren mundu mailako bigarren potentzia, hain zuzen ere obodonazioa asko errazten duelako. Zer esan nahi duen horrek? Askorentzat “sakratuagoa” dela zure DNA ematea, zure karga genetikoa lagatzea, ume bat zure gorputzean ernaltzea baino eta, ohartzerako, praktika globalizatua dela. Hala, ez da harritzekoa industria hau AEBetan loratu izana. Zuzenbide pribatuak pisu handia du bertan eta zuk askatasun osoa daukazu zure gorputzarekin zuk nahi duzuna egiteko. Gure sozialdemokrazietan, aldiz, estatuak gauza asko kontrolatu behar dituela dirudi. Oso esanguratsua da kulturen arteko ezberdintasunetik enfokatzea gaia. Adibidez, Euskal Herriko ijitoek ozen errepikatzen didate kristauak direnez beraientzat haurdunaldi subrogatua onartezina dela. Aldi berean, Israel izan da horren aldeko legedia zehatza ezarri zuen lehenengoetarikoa, judutasunaren izenean, natalitate sionista indartzeko neurri gisa.

Baina, hala ere, «zergatik hainbeste zalaparta?» galdetzen du Elixabete Imaz antropologoak liburuan. Esaterako, badakigu galtza bakeroetan modan dauden zulotxoek jostunen birikak hondatzen dituztela, badakigu Carrefourrek Israelekin kolaboratzen duela... Baina zergatik ez gara arlo horietan haurdunaldi subrogatuarekin bezain zorrotz eta kritikoak? Sara Lafuente Funez soziologo feministari irakurri nion oso baliagarria zaidan etxeko langile egoiliarrekin egiten zuen paralelismoa. Zergatik ez digute halako deserosotasunik eragiten familian ala lagunartean ezagutzen ditugun etxeko langile egoiliarren kasuek? Etxeko langile egoiliarrekin, teorian baditugu adostasun batzuk baina gero praktikan... Jabetzen gara zaintza-sistema jasanezina dela gure jendartean, komunitatea oso ahul dagoela, zaintza sareek ez dutela funtzionatzen eta, halako arazoen aurrean, neoliberalismoak irtenbide pribatu eta merkantilizatuak jartzen dituela eskura. Horregatik da paralelismoa pertinentea. Horregatik pentsatu behar ditugu zahartzaroa bizitzeko zein ugaltzeko beste eredu batzuk epe luzera begira.

Topiko andana desegiten duzu liburuan, soluzioa adopzioa erraztea dela dioenarengandik hasita. Adopzioaren topikoa obsesioa izan da niretzat. Gehien entzuten dena da, PSOE zein Podemosek beraien egitarauetan aldarrikatu duten konponbidea... Aspalditik daukat mugimendu antirrazistarekin harremana eta badakit guraso bati haurra kentzearen atzean dauden irizpideek zantzu arrazistak, klasistak eta sexistak dituztela salatzen dutela. Agerikoa da nire amatasunaren inguruan ez dagoela kontrol publikorik, nigandik urrun daudela gizarte zerbitzuak. Emakume etorkinek, ijitoek ala sexu langileek, aldiz, halabeharrez izango dute kontaktu estuagoa gizarte zerbitzuekin. Gainera, nazioarteko adopzioei dagokienez, egia da haurdunaldi subrogatua igo den heinean jaitsi direla, baina etikoki bat bidezkoa eta bestea onartezina dela dirudien arren, suertatzen diren klase dinamikak zein dinamika antikolonialak antzekoak dira. Horregatik, soluzioa ez da adopzioa erraztea. Kontrakoa, umeen eta komunitateen giza eskubideak bermatzeko zorroztu dira adopzio prozesuetako baldintzak. Halaber, adopzioaren interpelazioa egitekotan, gizarte osoari egin behar zaio, ez bakarrik LGTBIoi ala antzutasun arazoak dituztenei. Zergatik ez diegu pertsona guztiei exijitzen adopzioa izatea beraien lehen aukera?

Desegiten duzun beste topiko bat: haurdunaldi subrogatura jotzen duten gurasoak aberatsak dira. Haurdunaldi subrogatua pertsona ospetsu eta aberatsek abiatu eta popularizatu zutenez eta prozesuak oso garestiak direnez, gurea ez den klase sozial bati egozten diogun praktika izan ohi da. Baina, jakina, prozesuak garestiak diren bezala, dira garestiak autoak ala etxebizitzak. Hala, nork dauzka 100.000euro? Nik ez, baina horregatik daukat mailegu bat etxea erosteko. Beraz, Euskal Herrian, batzuk oso egoera ekonomiko onean daude, baina beste batzuk erizain laguntzaileak dira eta zorpetzen dira ala gurasoei Laredoko apartamentua saltzeko eskatzen diete... Hori ere errealitatea da. Aldi berean, praktika horren barruan haurdun geratzen diren emakumeen karikaturizazio handia egiten dela uste dut. Indiako etxaldeen irudi horrekin geratu gara, Indiak atzerritarrentzat ateak aspaldi itxi zituen arren. Egun, Euskal Herritik, iparraldean dauden herrialdeetara jotzen du jendeak gehienbat. Oso polo industrializatuak eta neoliberalak dira normalean. Haurdunaldi subrogatua arautua dagoen herrialde askotan, emakumeak ezin dira txiroak izan, ezin dute dirulaguntza publikorik jaso eta interesgarria da profilak aztertzea. Esaterako, AEBetan, haurdunaldi subrogatuaren baitan umedun geratzen diren emakumeen laurden bat militarren emazteak dira. Zergatik? Militarren soldatak aski xumeak direlako, andre horiek kontserbadoreak direlako, nahiago dutelako etxekoandre izan eta euren amatasunarekin bateragarria den diru-sarrera bat bezala ikusten dutelako haurdunaldi subrogatua. Kontziliazio estrategia bat da beraientzat.

Gurean, gizarte bezala, orain ari gara haurdunaldi subrogatuaren eztabaidari heltzen. AEBetan, ordea, 40 urtetik gora daramatza praktika horrek errotuta. Zer ondorio dakar horrek? Lehenik eta behin, ezinezkoa da praktika nazioarte mailan debekatzea. Are gehiago, umetoki artifizialen prototipoek funtzionatzen omen dute jada eta guk haurdunaldi subrogatuan kateatuta jarraitzen dugu. Oso zentzuzkoa eta ulergarria iruditzen zait Itziar Alkortaren posizioa. Giza eskubideen perspektibatik haurdunaldi subrogatuaren nahiko kontrakoa bada ere, argi du AEBek ordenatzen dutela mundua, praktika erabat globalizatuta eta errotuta dagoela, oso zaila dela kontrolatzea eta, zenbait inkesta publikoren arabera gurean %60 legeztatzearen alde dagoenez, hobe dela jarrera erregulazionista bat, etengabe beste aldera begiratzea baino. Era berean, haurdunaldi subrogatua legeztatzeak ere baditu bere arrisku eta bere tranpak. Praktika legitimizatzea litzateke, normalizatzea. Hala, Oihana Etxebarrietak agian ez dela haurdunaldi subrogatua legeztatzeko momentu politiko egokia dio eta, aurrez, beste gai batzuk soluzionatu behar genituzkeela. Esaterako, ume batek bi guraso baino gehiago izateko aukera. Nire ustez, familia eredu askorentzat estrategikoa eta baliagarria izan daiteke hori.