Berlingo Juduen Museoa: Lerroen artean
Berlingo Juduen Museoa Europako museo judu handienetakoa da. Eraikina Daniel Libeskind poloniar arkitektoak diseinatua da. Azkenengo bi mila urteetan Alemanian bizi izandako juduen historia biltzen du lekuak.
Berlingo Juduen Museoak Alemaniako juduen historia sozial, politiko eta kulturala erakusten du, IV. mendetik hasi eta gaur egun arte. Museoaren eraikina, Daniel Libeskind arkitektoak 1988an gauzaturiko nazioarteko lehiaketan proposamen irabazlea izan zen.
Diseinua hiru kontzeptutan oinarritzen zuen. Lehena, juduek historian eginiko ekarpen intelektual, kultural eta ekonomikoa ulertaraztea. Bigarrena, Holokaustoaren esanahia fisikoki eta espiritualki kontzientzian eta memorian integratzeko beharra. Hirugarrena, judu-bizitzaren ezabaketa eta hutsunea aitortuz eta txertatuz soilik izan dezakeela Europako historiak giza etorkizuna.
Bere hitzetan, eraikina bi pentsamendu, antolaketa eta harreman-ildo artean aurkitzen da. Bata lerro zuzen bat da, baina zati askotan hautsia, eta bestea lerro bihurritu bat, baina mugarik gabe jarraitzen duena. Eraikinaren forma arrazoi historiko eta poetiko horietan guztietan oinarrituta dago.
Oin-planta libre bat irabazteko, horma guztiak hormigoi armatuzkoak dira. Apustu honek egituraren eta fatxadako irekiduren arteko koordinazio zehatza eskatu zuen, baita hormigoia isurtzeko momentuan sistema berritzaileen erabilera ere. Fatxaden itxitura- sistema ere berritzailea izan zen. Zinkezko panelak juntura bertikaleko standing seam sistemaz kokatu ziren, piezen teilakatzearekin lerro diagonalak marraztuz. Keinu horrek hormak lurrarekiko perpendikular ez diren inpresioa sortzen du, arkitektura monolitiko eta disjuntiboa sortuz.
Abstrakzio horretan, Libeskind-en interbentzioak ez du kaletik sarrerarik, museoko ibilbidea alboko Kollegienhaus eraikin barrokoan hasten da. Eraikin hau, itxuraz berriarekin erlaziorik ez duena, 1960an Juduen Museoa jasotzeko berreraikia izan zen. Handipenarekin batera, eraikin zaharraren lurrean zulo erraldoi bat ireki zen, beheranzko eskailera bat jasotzen duena eta bi eraikinak konektatzen dituen lurpeko tunel batera garamatzana. Puntu honetan, material, forma eta argiaren erabileraren bidez kontraste sentsazio handi bat lortzen da, judaismo alemanaren iragan deserosoan murgiltzen laguntzen diguna.
Lehenengo ardatzaren amaieran ate beltz bat dago, “Holokaustoaren dorre”-ra garamatzana, desagerrarazitako biktimen oroimenean egina
Ibilbidea “Hiru ardatzak” izeneko sotoko erakusketa-espazioan hasten da, judaismo alemanaren esperientzia nagusiak irudikatzen dituena. Lehenengo biak, “Holokaustoa” eta “Erbestea” norabide ezberdinetara irekitako amaiera-gabeko bi korridore dira, aldapan gora eta pixkanaka estutzen doazenak, bisitariarengan deserosotasun sentsazioa sortuz. Hirugarren ardatza, “Jarraitutasuna” irudikatzen duena, hauekiko perpendikular aurkitzen da, eta ihes-puntu bat ahalbidetzen du, hiriak bere iragan lazgarritik aurrera egiteko saiakera sinbolizatuz.
Lehenengo ardatzaren amaieran ate beltz bat dago, “Holokaustoaren dorre”-ra garamatzana, desagerrarazitako biktimen oroimenean egina. Hau altuera handiko oin desitxuratuko espazio gordin, huts, hotz eta ilun bat da, goialdeko irekidura txiki batetik soilik argiztatua.
Bigarren ardatzaren amaieran beirazko ate bat dago, “Erbestearen eta emigrazioaren lorategi”-ra ematen duena, eta Alemaniatik ihesi joan ziren juduen askatasun sentsazio faltsua irudikatzen duena. Erretikulu batean 49 loreontzi-zutabe jasotzen dira, goialdean zuhaitzekin apainduak. Bisitariak lorategi hau beheko labirinto desatseginetik begiratzen du, irteera bakarra atzerapauso bat eman eta espazio deserosoetara itzuli beharra dela ulertuz.
Azken ardatzaren amaieran argia ikusten da, “Jarraitutasunaren eskailera”, sotoko espazio ilun, gogor eta deserosotik ihes egiteko bidea. Pixkanaka gorantz bidaiatuko dugu, espazio zabal eta naturalki argiztatuetara, kanpora irekitzen diren perspektiba berriekin. Tarteka hormigoizko zutabe batzuek espazioa gurutzatzen dute, zanpatuko gaituzten elementuak balira bezala. Eskailera honetatik museoko erakusketa iraunkorreko espaziotara joango gara, aretoetan zehar sigi-saga mugituz.
Espazio bihurritu hauen artean lerro batean antolatutako barne-hutsuneak daude, teilatuko argi-zuloetatik argiztatuak eta eraikinean zehar ikuspegi gurutzatuak sortzen dituztenak. Aipagarriena “Memory Void” da, Menashe Kadishman-en “Shalechet” instalazio finkoa jasotzen duena. Bertako zorua burdinazko milaka aurpegiz estalia dago, eta bisitariak horien gainetik oinez igarotzera behartuak daude, klink soinuak eratuz, hutsunean oihartzun eginez eta sentsazio benetan beldurgarria sortuz.
Proiektu honetan arkitekturaren barnean formen eta kontakizunaren arteko uztarketa fisikoa materialtasunaren bidez irakurtzeko beste modu bat ikusten da, Libeskind-en kontzeptu poetikoa bere obraren alderdi eta xehetasun guztietan agertzen delarik.