08 SET. 2024 LITERATURA Detaile xumez eraikitako okupazioa JON JIMENEZ Detaile ustez xume eta garrantzirik gabekoez eraiki du puzzle ttiki hau Adania Shibli (Galilea, 1974) idazle palestinarrak. Bi atal ezberdinez osaturik, liburuaren estreinakoan 1949ko arabiar-israeldar gerran parte hartu zuen ofizial israeldar baten inguruko kontakizuna abiatzen da. Militarraren egunerokoa egiten saiatu da idazlea, intsektu batek eman dion ziztada nola puzten eta zornatzen doan, nola garbitzen den egunero, nola egiten dituen errondak… eta tartean nola akabatuko duen beduino talde bat, eta bahitu, bortxatu eta erail ile kizkurdun neska bat. Begiradak, gasolina usaina, isiluneak eta zakurren zaunkek barreiatzen duten ezintasuna, etengabe eta sarkor errepikatzen diren errutinak edo basamortuan luze jotzen duten egunen beroak azalduko zaizkigu, ekidinez narraziotik parte biolentoenak. Bigarren pasartean, ostera, detaile xume batek, emakume palestinar baten jaiotze-data eta bortxatutako neskaren erailketarena, lotuko ditu 25 urteko aldea duten bi istorio ezberdin, artikulu batetik tiraka lurralde okupatuetatik zehar road movie moduko batean egiaren bila abiatu den ikerlariarena eta neskarena berarena. Mehatxu, kontrol eta amaigabeko salbuespen egoeren bidez kolonizazioak txertatu du protagonistarengan -Shibli berarengan?- etengabeko zalantza, mugak zeintzuk diren jakiteko edo ongi eta gaizki dagoenaren artean bereizteko gaitasun gabezia eta, batik bat, muturreko indarkeria ekintzen gaineko ezikusiarena egiteko beharra. Urteetan hedatu den biolentzia egoera normaldu baten errelatoa nola egin behar den gogoetatzeko parada ematen digu «esfortzu guztiak bizirik irautera bideratuak dituen» narratzaileak, azalduz zer dela eta albo batean utzi dituen detaile batzuk eta bertze batzuk goratu: «arreta guztia detailerik xumeenetan jartzea modu bakarra baita egiara eta haren existentziaren behin betiko frogara iristeko», eta posible baita «inoiz ikusi gabeko zerbaiten itxura imajinatzea edo sekula bizi gabeko gertakari bat berreraikitzea beste guztiek hutsaltzat jotzen dituzten zenbait detaile txikiri erreparatze hutsarekin». Poeta, musikari eta historialariei zuzenduta den “Playa Girón” kantan, Silvio Rodriguez abeslari kubatarrak hau guzi hau ederki laburbildu zuen: «Kontuan hartuta zein errukigabe behar duen izan egiak, galdetu nahi nuke -hainbesteraino premiatzen bainau- zer esan behar dudan, zein muga errespetatu. Noraino praktikatu behar ditugu egiak? Noraino jakin dezakegu? Idatz dezatela, bada, historia, beren historia, Playa Girón-goek». Baita, Shiblik bezala, palestinarrek ere. Urteetan hedatu den biolentzia egoera normaldu baten errelatoa nola egin behar den gogoetatzeko parada ematen digu «esfortzu guztiak bizirik irautera bideratuak dituen» narratzaileak.