08 SET. 2024 IRITZIA Gerrarako AMAGOIA MUJIKA Zenbatetan esan omen ziguten umetan, «ederrak zaudete zuek gerrarako». Guk orduan ez genuen ulertzen zehatz zer esan nahi ziguten, baina gutxi gorabehera harrapatzen genuen mezua: platerekoa bukatu beharra dago; egunero zer jana eta lotarako tokia izatea bera suertea da; guk oinetako pare bakarra genuen; txorakeria gutxiagorekin hazi gara gu; gu baino okerrago daudenak badira; irakasleak arrazoia izango du; isilik egoteak asko balio du; egin negar, oso ona da azalarentzat. Aitona-amonek eta gurasoek bizitzarako prestatu gintuzten, maiz, txarrenean jarrita. Jakintsuak izaki, bazekiten bidean erori egingo ginela, gauzak ez zirela guk espero bezala aterako, min emango zigutela eta min emango genuela, triskantzaren bat egingo genuela, laguntza eskatuko geniela, negar egingo genuela haien magalean. Sufritzeko prestatu gintuzten, erabat barneratuta zeukatelako bizitzak batzuetan mina ematen duela. Gerra ezagutu zutenek mina ez ezik, gosea ere ezagutu zuten beren gorputzean eta gu gosetik libratzea zen beren borroka. Platerean zer jana izan dezatela; bestelako sufrimenduak, berez etortzen dira, horietatik ezin libratu. Lehentasun kontua izango da. Gerra ezagutu zutenek gerraren miseriatik libratu nahi zituzten beren ondorengoak. Gerra ezagutu zutenen seme-alabek euskarazko eskola eman nahi zieten beren ondorengoei eta askatasun eremuak. Francoren itzalpean hazitako gazte belaunaldia zen, guraso berrien paperean. Haien seme-alabak dira gaurko gurasoak. Psikologoek mahai gainean jarri dute afera: 80ko hamarkadako gurasoak dira, informatuak, irakurriak, hezkuntzari eta hazkuntzari buruzko korronte desberdinak ezagutzen dituztenak, beren haurtzaroan bizitakoa eta gurasoek egindakoa zalantzan jartzeko premia sentitzen dutenak. Hortxe, Interneteko gidetan eta produktuetan guraso perfektua izateko bidea nondik den asmatu nahian. Ez da erraza korronte horretatik libratzea. Eta sumatzen ari den joera bat da, autoestimua altuegi duten haurrena. Autoestimu baxua izatea arazo bat dela esana du zientziak, baina artean altuegia izatearen kalteak ez zeuden jasota. Besteak goitik begiratzeko ohitura hartzen duen haurrari, besteak baino hobea sentitzen denari, nolako heldua loratuko zaio barrutik? Ez dauka itxura onik. Akaso, gauza batzuetan trebea dela esatearekin bat, beste batzuetan traketsagoa dela esan dakioke. Bestela ere konturatuko da bera, bizitza deitzen den horretan. Psikologoek mahai gainean jarri dute afera: 80ko hamarkadako gurasoak dira, informatuak, irakurriak, hezkuntzari eta hazkuntzari buruzko korronte desberdinak ezagutzen dituztenak, beren haurtzaroan bizitakoa eta gurasoek egindakoa zalantzan jartzeko premia sentitzen dutenak. Hortxe, Interneteko gidetan guraso perfektua izateko bidea nondik den asmatu nahian.