NEKANE AZPIAZU LEJARDI
ARKITEKTURA

Industria ondorenaren metamorfosia

Hirigune askotan zeuden eta oraindik existitzen diren lehengo industria guneak ez dira arazotzat hartu behar. Gure iraganaren parte direlako, mantentzeaz gain, arkitekturaren bidez zaharberritu daitezke eta ingurune erabilgarriak, erakargarriak eta ekologikoak izan daitezke.

Irudietan, industria ondorengo arkitektura eta ekologia berrien uztartzea. Ondare industrialaz inguratuta, mota desberdinetako ekitaldiak izaten dira Piazza Metalica deituriko bilgunean. Bunker galerien birnaturalizazioa.
Irudietan, industria ondorengo arkitektura eta ekologia berrien uztartzea. Ondare industrialaz inguratuta, mota desberdinetako ekitaldiak izaten dira Piazza Metalica deituriko bilgunean. Bunker galerien birnaturalizazioa. (Michael Latz)

Paisaiaren arkitektura eraldatzen ari da, industria osteko inguruneek dituzten erronkei eta aukerei eusteko. Antzinako fabriken arrastoek hiriak berregin ditzakete, utzitako paisaia industrialetan espazio publiko zirraragarriak sortuz, eta ez bakarrik iragana oroitaraziz, baita etorkizun jasangarriagoa presenteagoa eginez ere. Hirigune askotan industriaren gainbeherak lur eremu zabalak utzi ditu, kutsatuta, erabili ezinik, denon begitan hondamen bihurtzen. Izan ere, azalera horiek, jarduera ekonomikoko guneak izan ondoren, utzikeriaren eta hirien gainbeheraren ikur bihurtu dira.

Hala ere, leku horiek arazo gisa ikusi ordez, arkitekturaren bidez ekologia berriak lehenesteko inguruneak izan daitezke, inguruko komunitateentzat garai batean izandako balioa beste modu batera berreskuratzeko. Ildo horri jarraituz, lekuaren metamorfosia da Duisburg Nord proiektuaren eraldaketa; horretan ohikoak eta perturbatzaileak iruditu daitezkeen elementuekin diseinatu dute paisaia Latz + Partner arkitektoek, domestikoaren eta basatiaren arteko elkarrizketa mantenduz, jatorrizko ezaugarriak suntsitu gabe. Erabilera zehatzetarako arkitektura espezifikoak eraikitzea ez dela beharrezkoa erakusten digu, eta irudimenaren gain uzten du lekuaren irakurketa berria. Duisburgeko (Alemania) Rurh ibaiaren arroan zegoen industria jarduerak izandako beherakadak erabilerarik gabeko eremu handiak eta kutsatuak utzi zituen, eta Emscher Park izeneko planak horiek berreskuratu ditu. Guztira, 200 hektarea biziberritu dituzte, eskualdearen fabrika nortasuna mantenduz.

Horrelako industria ondorengo pasaiak biziberritzeko funtsezko ikuspegia dira naturan oinarrituriko soluzioak, utzikerian dauden inguruneetan prozesu naturalak jarraitzen dituzten artefaktuak garatu daitezke eta. Sistema horien aplikazioa hainbat eratakoa izan daiteke, hala nola habitatak leheneratzea, korridore ekologikoak sortzea, ura kudeatzea edo bioaniztasuna sustatzea. Dena dela, funtsezkoena kutsaturiko lurzoruak berreskuratzea da, eta hori fitorremediazio tekniken bidez lor daiteke, beste espezieen laguntzarekin; kasu honetan, zenbait landare espezifikoren gaitasunarekin lurzorutik metal astunak nahiz toxinak deusezta daitezke, apurka-apurka ingurunea garbitu eta lekuko ekosistema berrezar dadin. Landare espezieen aukeraketa garrantzitsua da; ez da nahikoa bizirautea, baizik eta baldintza zailetan aurrera egitea ere oinarrizkoa da, proiektu horiek epe luzera arrakasta izan dezaten.

Fabrika hondarren arloak hainbat jarduera biltzen ditu; besteak beste, galdategiko horma ziklopeoen erretikula alpinismo elkarteak eskalada entrenamenduetarako erabiltzen du, eta erauzketa bunkerra urpekarientzako igerileku gisa gaitu da. Antzinako siderurgiaren hondakinen artean zenbait plaza daude, hala nola Cowperplatz-eko zuhaitz saila eta Piazza Metálica-ko ikuskizunetarako agertokia. Alderdi desberdin horiek lotzeko, trenbide zaharren azpiegiturak erabili dira pasealeku gisa, esku hartze bakoitza bestearekin josteko.

Aisialdirako eskaintzatik harago, parkeek pasaia kutsatuak arazteko teknikak ekarri dituzte beraiekin, eta horietan urak funtsezko zeregina dauka. Parkeari osotasuna ematen diote hainbat banakako sistema eta esku hartzek, eta horien artean funtsezko osagaia da uraren kudeaketa. Garai batean siderurgia prozesuko hondakinak Emscher ibaira garraiatzeko zituzten; ubideek hainbat azaleretan pilaturiko euri urak daramatzate orain. Eremu horietako askok drainadura arazoak eta kutsadura hidrikoa izaten dituzte, ur-ibilgu naturaletan aldaketak eman direlako, material kutsatzaileak garraiatzearekin batera. Naturan oinarrituriko soluzioek posible egiten dute euri ura pilatzea, iragaztea eta berrerabiltzea, era berean uholde arriskua arinduz eta uraren kalitatea hobetuz.

Onura ekologikoetatik harago, industria osteko paisaiaren biziberritzeak eragin nabarmena du gizarte kohesioan eta kultura ondarean. Horiek modu egokian berreskuratzeko, beharrezkoa da lekuaren ondare historikoarekiko errespetua eta berrikuntza konbinatzea.

Azken batean, paisaiaren arkitektura aukera bat da testuinguru post-industrialetan, pertsonak naturarekin berriz konektatzeko, iragan industriala transmititzen eta etorkizun erresilientea eraikitzen den bitartean.