7K - zazpika astekaria
LITERATURA

Ene arbaso italiar hau


XIX. mendeko Europako giro politikoa nahasia izan zen erabat. Langile borroka hasiberri bat, lur eta usadio komunalen aurkako altxamendu liberal aunitz eta haren aurkako erantzunak (gurean karlismo forma hartu zuena, adibidez), absolutismo ilustratu eta monarkia zaharkituen edota egoera ekonomikoaren okertzeen aurkako matxinaldiak izan ziren han-hemenka. Italiar hegoaldeko giroa ez zen Euskal Herrikoaz oso bertzelakoa -zerriak bietan zeuden- eta, gurean bezala, han ere zenbaitzuek alde egin behar izan zuten, zela politika kontuetan nahasteagatik, zela eskasia hutsagatik, zela gaixotasunengatik. Horretatik guztitik edan du Unai Elorriagak (Algorta, 1973) Francesco Pasquale (Sapri, 1825 - Bermeo, 1910) galdaragile familia italiar bateko semearen bizitza testuinguratzeko lanetan. Garaiko egoera soziopolitikoak, baina, ez du pisu handiena hartuko kontakizunean, Elorriagaren arbaso izandakoa baita Pasquale eta, zuen informazio apurraz baliaturik, idazle bizkaitarrak haren joan-etorriak berreraikitzeko ahalegina hobetsi baitu.

Ahulgune beharko luketen etendura eta hutsune historiko horiek, bertzenaz, indargune bihurturik aurkezten zaizkigu. Hala, lehen orritik bertatik, Mediterraneoa zeharkatu eta Kataluniara iritsita, Sapri jaioterritik Bermeo helmugara Pasqualek egindako bidean izanen dugu arreta, baita Euskal Herrian izan zituen Juana Josefa eta Isabel bere bi emazte eta haren sendian ere. Burdinaz eta lanaz, hartu ez diren erabakiez, arestiko bizitzaren iheskortasunaz eta ihesaz beraz eta maitasun apur batez hausnarrean, italiarraren urratsak, dena den, garaikide izan zituen hiru musikagileren -Wagner, Schumann eta Verdi- sormenez beteriko bizialdi tragikoek baretu eta geldiaraziko dituzte, kalderoi luze baten antzera liburuari emanen dioten amaiera musikatuaren zain-edo.

Horrez gain, ariketa literario izugarria egin du idazleak “Francesco Pasqualeren bosgarren arima” (Susa, 2024) osatzen duten 20 narrazioetan, idazle-heldutasuna behinola erdietsi zuela berretsiz bertze behin ere. Bikainki hautaturiko berba eta elipsiez gain, bereziki azpimarragarria da, alde batetik, bidean haria galdu gabe narratzaileak -lehen, bigarren eta hirugarren pertsonak erabiliz- tartekatzeko eta, bertzetik, narrazio-liburu behar zuena eleberri bihurtzeko izan duen abilezia. Istorio independente bakoitzeko hari-muturrak eta eleberri osokoak -hasierako zerri-hilketa eta amaierakoari aurkitu beharko diegu lotura- mataza-bilbe berean batzeko eta migratu behar zuen arbaso horri omenaldi ttiki hau eskaintzeko.