Ion Garate eta Zuriñe Iglesias
Entrevista
Gorka Izagirre
Txirrindulari ohia

«Txirrindulari profesional bezala, amets bat bizi izan dut»

Txikitako ilusioari jarraiki, Gorka Izagirrek afizio eta ofizio izan du txirrindularitza azken 16 urteetan. Lasterketa handienetan lehiatu da, baita etapa garaipenak ospatu ere. Morroi edo gregario zintzoaren ezaugarriekin bat egin du pedalkadaz pedalkada, tropelean oso estimatua izan arte. Ohorezko guardiaz agurtu zuten haren azken lasterketan, Txinan.

(Endika PORTILLO | FOKU)

Gorka Izagirrek (1987, Ormaiztegi) bizikletako pedalak askatu eta hankak lurrean pausatu ditu, bizitzaren pedalei eragiteko. 16 urtez aritu da profesional mailan, talde anitzetatik igaro eta taldekide asko izan ditu alboan. Lan egiteko grinak bultzatu du hainbeste urtez, baina erretiroa hartzeko garaia iritsi zaiola ere ohartu da. Udaran aurreratu zuen azken denboraldia izan zitekeela, eta, denboraldia bukatutakoan, berretsi du txirrindularitza profesionala utziko duela, «bere osotasunean». «Lasai eta gogotsu» dago «bizitza berri honi ekiteko».

Txirrindularitzak asko eman diola, amets bat bizi izan duela baina sakrifikatu ere beste hainbeste egin duela onartu du elkarrizketa honetan. Italiako Giroan etapa bat irabazitakoa da, baita Paris-Niza lasterketan podiumera igotakoa ere. Dena dela, etxean, Ordiziako Klasikan sentitu da erosoen. Txirrindularitza profesionalean 16 urte hauetan munduan paraje askotan aritu den arren, «Euskal Herriarekin geratzen» da: «Guk hemen daukaguna baino leku hobe gutxi daude».

Zintzoa eta langilea, Izagirrek ezaugarri horiek berak eskertzen ditu taldekideengandik, bai eta taldeetan izan dituen liderrengandik ere. Lehen pedalkadak Ordizian eman zituen eta Euskaltelen hasi zuen profesional ibilbidea. Movistar -bost urtez, bi etapa ezberdinetan-, Bahrain, Astana eta Cofidisen maillotak ere defendatu ditu. Bere ibilbidearen amaiera iristen ari zela sumatu zuen Cofidisen, eta zintzotasunez hartu du erabakia. Urterik onena ez izateak -«okerrena, emaitzen aldetik»- erabakian eragina izan duela onartu duen arren, «asebeteta» askatu ditu pedalak. «Arnasa pixka bat» hartzeko beharra sentitzen du, familiarekin lasai egotekoa -hiru seme-alaba ditu-, eta txirrindularitzaren apasionatu den heinean, kirolera lotuta jarraituko duen arren, «errepide bazterrean» animatzen gehiago ikusten du bere burua beste edozein kargutan baino. «Bizitzak buelta asko ematen ditu», adierazi du. Bereak, bi gurpilen gainean, pedalkadaz pedalkada, ehunka milaka kilometro gordetzen ditu, euskal txirrindularitzaren ardatza izan da eta, alde horretatik, euskal txirrindularitzaren egoera «ona» dela ere nabarmendu nahi izan du. «Okerrago egon izan gara».

Bizitza berri honi ekiteko gogotsu zaude. Orain zertan zabiltza? Gauza handirik egiten ez nabil, egia esan. Bestela ere, garai honetan, denboraldia amaituta izango genuen, eta bizitza normal bat egiten dut. Familiarekin egon eta bestela egiten ez ditugun gauzak egiten ari naiz.

Esango zenuke erabaki zaila izan zela edo oso argi zenuen hauxe zela momentua? Bere momentuan apur bat zaila, bai, bere gorabeherekin hartzen baita erabakia. Baina buruan dabilkizunean azkenengoa izan daitekeela... Maila honetan hainbeste urte bizikleta gainean eman ondoren, garaia badela ere ikusten duzu. Azken hilabeteetan oso lasai egon naiz.

Elkarrizketetan aipatzen zenuen, Cofidis taldean azken txanpa honetan ez zarela guztiz egokitzeko gai izan. Ez dakit hau pisuzko arrazoia izan ote den erabakian. Bai, noski. Ez da izan urterik onena, eta horrek eragina dauka azken erabakia hartzeko garaian. Bizitza horrelakoa da, kirol ibilbidea ere horrelakoa da eta gauzak normaltasunez hartu behar dira.

Urte pila bat pasatu duzu txirrindularitza profesionalean eta hainbat taldetatik igaro zara. Euskaltel, Movistar, Bahrain, Astana, Cofidis... Akaso ez da galdera atsegina: zein taldetan, non sentitu zara erosoen? Movistarren. Ibilbide polita egin nuen, garaipen handiak lortu nituen eta talde bezala hor egon naiz erosoen. Mailarik onena non eman dudan erantzun beharko banu, agian Bahrain esango nuke. Urte hura eduki dudan urterik onena izan da, maila altuena han eman dut. Gehienbat bi talde horiek aipatuko nituzke.

 

Gorka Izagirreren ibilbide profesionaleko zenbait une. Ezkerrean, Jorge Azanzarekin batera, 2012an, Euskaltel-Euskadirekin Tourrera abiatu aurretik. Azpian, 2014an Ordiziako Klasika irabazita. Alboan, Urkabustaizen ospatutako Euskal Herriko Ziklokros Txapelketan. Beherago, ezkerrean, Beasaingo lasterketa batean. Eta azpiko bi irudietan, 2018an Zornotzako Klasikan garaipena ospatzen eta Elorrioko ziklokrosean (2019).  
Luis Jauregialtzo - Juan Carlos Ruiz - Jaizki Fontaneda - Marisol Ramirez - Aritz Loiola | FOKU

 

 

Gorengo mailan denbora luzez egon zara, ia 17 urte profesionaletan. Gakorik ba al dago denbora luzez gorengo mailan lehiatzen ibiltzeko? Gako bakar bat dagoenik ez nuke esango. Ni saiatu naiz gehienbat talde barruan, txirrindulari bezala, kirolari bezala, taldekideekin fidela izaten, taldearekin baita ere, lana egiteko orduan eta abar. Zorionez, lider asko izan ditut alboan, eta haientzat lanean jardun izan dut. Horrez gain, beti saiatu naiz ahalik profesionalena izaten. Beti hobetzeko grina horrekin.

Liderrak aipatu dituzula, bakarren batek markatu al zaitu bereziki? Beti aipatu izan dut Alejandro Valverde izan dela markatu nauen txirrindulari bat. Movistarrera pasa nintzenean, mundu mailako txirrindularirik onena hura zen. Gehienbat markatu zidan berak taldekideekiko edukitzen zuen jarrera; gu nola tratatzen gintuen, taldea bera nola osatzen zuen...

Fisiko aldetik taldeko indartsuena izateaz gain, lider batek izan behar duelako taldea kudeatzeko gai. Bai, hori da. Ni Euskalteletik nentorren. Han Samuel Sanchez bageneukan, baina Alejandro beste txirrindulari mota bat izan da, gehienbat taldekideekiko eta talde barruan ematen zuen giroa bestelakoa zen. Detaile txikiek asko markatzen dute. Gero ere beste batzuk izan ditut, baina haren gertutasun hori inork ez du izan.

Oro har, asebeteta zaude osatu duzun ibilbidearekin edo geratzen zaizu arantzarik? Ez, asebeteta nago. Denetarik izan dut. Kontua da txirrindularia zarenean ez zarela kontziente zer egiten ari zaren edo zer lortzen ari zaren. Baina ibilbidea amaitutakoan atzera begiratzen duzu, eta oso pozik nago egindakoarekin. Gustura.

Amaiera hobe bat edo beste aho zapore batekin bukatzea gustatuko litzaizuke? Bai, esan dut ez dela denboraldirik onena izan, emaitza aldetik ikusi besterik ez dago, okerrena ere izan daiteke. Ibilbide bat amaitzeko agian ez da modurik egokiena edo gustagarriena, baina, tira, ez da iritziz aldatzen didan zerbait. Aurten egindakoarekin ere ez nuke hori horretan utziko, baizik eta 16 urte hauetan egin dudanarekin pozik eta lasai nago.

Garaipenak lortu dituzu eta beste batzuetan taldekideentzat ere lan egin duzu. Bat aukeratzekotan, zein arlotan sentitu zara erosoen? Une asko daude, jende askorentzat lan egin dut, eta denak desberdinak izan dira. Egokitu izan zait Alejandrorentzat lan egitea, nire anaia Ionentzat ere bai, Alexentzat [Aranburu] ere. Bestalde, aipatuko nituzke Nibali bat; pasatu nintzen Movistarretik Bahrain-era eta, urtebete horretan, txirrindulari guztiz desberdin bat aurkitu nuen. Baina bere bihotz puntua ere bazeukan, nahiko ezkutuan gordeta [barrez]. Nairo Quintana ere aipatuko nuke. Beti lana egiten duzunean eta pertsona horren aldetik esker ona jasotzen duzunean, horrek betetzen zaitu eta uzten dizu asebeteta egin duzun horrekin.

Urte asko, talde asko eta lorpenak ere ez dira gutxi. Italiako Giroan etapa bat irabazitakoa zara, Paris-Nizan ere hirugarren egindakoa, Espainiako errepideko txapeldun, Ordiziako Klasika hirutan irabazita... Zein izan da zuretzat garaipenik garrantzitsu edo kutunena? Kutunena Ordiziako lasterketa, inolako zalantzarik gabe. Ordizian hasi nintzen pedalak ematen, bertako bizikleta eskolan, 11 urterekin. Errepidean ere Ordizia, Ormaiztegi inguruko errepideetan eman nituen lehen pedalkadak, Ordizian egin nituen ikasketak, jende asko ezagutzen dut eta beti izan da Goierrin daukagun profesional mailako lasterketa bakarra. Horrek goxo egiten du lasterketa hori, eta berau hirutan irabazi izanak kutun egiten du lasterketa. Horrez gain, garaipenik onena akaso 2017ko Italiako Giroko lehen etapa garaipena esango nuke.

Argazkia: Endika PORTILLO | FOKU

Lasterketarik gogokoena ere galdetu behar nizun, baina erantzundakoarekin argi dago Ordiziakoa dela, ezta? Edo Itzulia bera? Itzulia hemen Euskal Herrian daukagun lasterketa handienetako bat da, baina ez da oso kutun eduki dudana, gehienbat ibilbide aldetik. Ez naiz oso aldapa zalea eta, egia esan, korritu izan dut, baina ez da lasterketa bat beti egin izan dudana. Eta arrazoi bat ere bada ibilbidea. Ez da barrutik betetzen didan lasterketa bat. Beste lasterketa batzuk izan ditut gogokoago.

Klasikoak, akaso? Bai, Donostiako Klasika, Lizarrako lasterketa ere bai. Hemen Euskal Herri mailan esateagatik. Mundu mailan, gehiago.

Bizipen guzti hauetatik, zerekin geratzen zara? Ba, bizi izan dudanarekin. Amets bat bizi izan dut. Txirrindularia izateko haur batek eduki dezakeen ilusio horrekin hasi nintzen, eta hori lortzea eta hainbeste urtez mundu honetan bueltaka ibiltzea bizitza aurrera ateratzen, horrekin geratzen naiz. Konturatzen naiz hori dela hemendik atera behar dudana eta gehien betetzen nauena.

Aipatu duzu ez zarela mendate zalea, baina bat aukeratu beharko bazenu... Agian gaizki azaldu naiz. Azkenengo urteetan jarri izan dituzten mendate mota hauen zalea ez naiz. Ez dakit nola deskribatuko nukeen, tradizionalagoa edo... Mendateren bat aipatzeagatik, Tourmaleta aipatuko nuke. Umetatik Tourra ikustera beti joan izan gara bertara, aitarekin edo lagunartean, eta hurrengo Tourretan, ni partaide izanda eta bertatik igarotzea, berezia egiten da.

Paraje ederretatik aritzen zarete lasterketetan. Ba al duzu toki kutunik? Askotan galdetu izan digute munduan zehar asko ibiltzen garela-eta, nik beti gauza berdina esaten diet, gure Euskal Herriarekin geratzen naizela. Guk hemen daukaguna baino leku hobe gutxi daude.

Izaten al duzue tarterik inguruaz gozatzeko? Fijatzen gara, baina ez zara ohartzen oporretan egongo zinatekeen bezala. Ardura hartzen duzu paisaiak ikusten, baina kotxean doazenek, zuzendariek eta abar, guk baino gehiago erreparatuko diote.

Txirrindularitza asko aldatu da zu hasi zinenetik gaur arte. Zertan aldatu da batez ere? Lehenengo eta behin, txirrindularitza berak sistema aldatu du profesionaltasun mailan. Liga bat sartu da, lehenengo maila, bigarrena, igoerak, jaitsierak... Taldeak asko aldatu dira, aurrekontuetatik hasita. Talde guztiak lehen mailakoak izanda ere, beti bereizi izan ditut supertaldeak; hauen aurrekontuak eta duela 10 urte zeuden aurrekontuak oso desberdinak dira. Gaur egun diru asko mugitzen da. Bestalde, lan egiteko modua ere aldatu da, bai talde barruetan, bai eta txirrindulari bezala ere. Nutrizioa, entrenamendu motak eta gauza asko eboluzionatzen joan da eta eboluzionatzen ari da oraindik ere. Azkenik, materiala ere aipatuko nuke. Duela 10 urteko bizikletak edo gaur egun dauzkagunak profesional mailan asko hobetu dira.

Aldaketa hauek guztiak uste duzu onerako izan direla? Bai, bere puntu ona badu. Gauza guztiak bezala, desberdintasunak handitzea ere ekartzen du taldeen artean. Hori ere gaur eguneroko ogia da. Tourreko talde batek -ez dakit izenak aipatzea egokiena den, Wanty edo UAE batek- dauzkaten aurrekontuak guztiz ezberdinak dira. Denak World Tourrean daude, lehendabiziko mailan, baina ez dute zerikusirik.

Gazte asko dira profesionalerako jauzia egiten dutenak gazte mailatik, amateur mailatik igaro gabe. Hau belaunaldi kontua da edo gizarte/gizakiarekin eboluzioagatik da? Pixka bat izan da lehen aipatu dudan sistema horren ondorioetako bat. UCIk jada sistema aldatu zuen duela urte batzuk eta, horren ondorioz, bidea eman izan die World Tourrean zeuden txirrindulari gazteei lehen ezin ziren gauzak egiteko. Adibidez, Munduko txapelketetan lehiatu, Etorkizuneko Tourra... Gazte mailan dauden lasterketa garrantzitsuenetan, lehen World Tour bezala ezin zenuen parte hartu, igotzen zinenean lehen mailara hor zeunden eta beste bat gehiago zinen. Horrek bideratu du gazteei erraztasun apur bat gehiago ematea, gazte mailetatik asko mugitu dira, prestakuntza ere aldatu egin da... Gaur da eguna UCI sistema hori bera aldarazten hasi dena, eta datozen urtetan agian gehiago kostako zaigu azken urteetako maiztasunarekin ikustea txirrindulari gazteak World Tourrean.

Argazkia: Endika PORTILLO | FOKU

Ziklokros oso zalea zara. Bi aldiz izan zara Euskal Herriko txapelduna. Bai, zalantzarik gabe. Nire ibilbidea markatu duen diziplina bat izan da ziklokrosa. Umetatik ezagutu dut eta asko gustatu izan zait. Nahiko nuke urte batzuetan gehiago egin izatea, baina ez da horrela egokitu.

Orain errepideko txirrindularitza utzi duzula, ziklokrosean gehiago ikusiko al zaitugu? Ez, erabakia hartu dut txirrindularitza uzteko eta bere osotasunean utziko dut.

Anaia, Ion, are bereziagoa izan da zure txirrindularitza ibilbidean. Urte dezente egin duzue elkarrekin profesional mailan, talde ezberdinetan aritu zarete batera, azkena Cofidisen bertan. Ederra behar du txirrindularitza profesionalean aritzeko aukera izan eta gainera, anaiarekin egitea. Bai, anaia hor edukitzea urte guzti hauetan lagungarria izan da. Txirrindularitzak momentu onak edukitzen ditu, baina ez hain onak ere bai. Psikologikoki gogorrak izaten dira, erorketak direla, gaixotasunak... Anaia hor edukitzea urte hauetan, polita izan da.

Badago momentu konkreturik estimatu duzuna Ion alboan izatea? Anekdotarik edo? Asko edukiko ditut, baina oraintxe bertan anekdota xelebrerik ez zait okurritzen... Asko bizi izan dugu, gehienbat elkarrekin entrenatzen. Entrenamendu ordu asko igarotakoak gara eta horrek egiten dizu, anaia izateaz gain, harreman are eta estuagoa izatea.

Zure anaia Ionekin batera badaude zenbait euskal txirrindulari tropelean. Nola ikusten duzu euskal txirrindularien presentzia elitean? Nola ikusten duzu eboluzioa, kantitate eta kalitate aldetik? Kalitatea eta kantitatea badagoela esango nuke. Garai hobeak izan dira, noski. Txirrindulari hobeak, emaitza hobeak lortu izan dituztenak ere bai. Etorkizun aldetik, kantitatea badago, Euskal Herrian hiru talde badauzkagu (Caja Rural, Kern Pharma eta Euskaltel) Continental mailetan, bigarren maila batean esango genuke, eta ondo dago. Momentu okerragoak ere egon dira; hobeak ere bai, baina okerragoak ere bai. Baloratu egin behar da. Dena prozesu bat da, bere momentua eskatzen du. Oier Lazkano Caja Ruralen egon zenean, nork esango luke iritsiko zela orain ematen ari den maila honetara? Lanketa bat da. Txirrindulari oso gazteak badauzkagu: Markel Beloki bat, Igor Arrieta… punta puntakoak aipatzearren, baina gehiago ere badaude. Denbora eman behar zaie. Euskal Herrian zerbait ona baldin badaukagu da gauzak su geldoan egiten ditugula eta aterako dira.

Harrobiko lasterketekin dagoen arazoa ere ez da makala azken urte hauetan. Duela gutxi Gipuzkoako txirrindularitza federazioak egin zuen manifestazioa Donostian. Nola ikusten duzu harrobiko txirrindularitzaren etorkizuna? Ez da egoera erraza. Ni gaztea nintzenean bizi izan ez nuen egoera bat da. Ulertezina iruditzen zait nola egon litezkeen horrelako arazoak teknologia hobetu den garaian, baliabidez eta aurrekontuz onera joan den garai hauetan. Konpondu beharreko gauza bat da eta bere seriotasun puntua dauka.

Orain familiarekin egoteko aprobetxatuko duzu. Eta aurrerantzean zer plan dituzu? Lehenengo eta behin familiarekin egon nahi dut. Txirrindularitzak asko eman dit, baina profesionaltasun maila honek kendu ere hainbeste kentzen du, gehienbat familia bat daukazunean. Nire kasuan, hiru seme-alaba dauzkat eta une asko kendu dizkit. Lehendabizi burua hor jarrita daukat eta horrela igaroko dut denbora tarte txiki bat, asentatu arte. Arnasa pixka bat hartu eta aurrera egingo dut.

Bizikletatik jaitsi, hankak lurrean jarri dituzu eta oraindik berriro ere ez zara bizikleta batera igo... Etorkizunera begira, mundu honi lotuta jarraitzeko batere asmorik ba al duzu? Mundu honi lotuta egongo naiz, baina gehiago egongo naiz errepide bazterretik. Zaletu bezala gehiago ikusten dut neure burua. Bizitzak buelta asko ematen ditu, baina une honetan nahiko garbi daukat errepide bazterrean gehiago ikusten naizela.