Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Itun bat eta hainbat itaun

(Oskar Matxin Edesa | FOKU)

Imanol Pradalesek kanpainan egin zuen promesa izan zen Osakidetza sendatuko zuela. Abiapuntu egokia ezarri zuen, bere aurrekoaren jarrera harroputz eta negazionista eten baitzuen, osasun zerbitzu publikoa ondo ez zegoela onartuta. Egia esateko, ez zitzaion beste aukerarik gelditzen: herritarrek egiaztatu zuten, dute, itxaronaldiak luzatu direla, profesionalak falta direla, eta, antza, Iñigo Urkullu lehendakariak eta bere hurkoak, beste inork ez zuen sinisten Osakidetza osasuntsu zegoela. Akats puntual eta salbuespenezkorik aipatzekotan, pandemiari egozten zion, dirudienez iraungitzen ez den komodinari. Ez zen horrela: gobernantza eredu baten porrotak eraman du zerbitzua gainbeherara eta langileek, eragin ez dituzten zuloak estaliz, bultzatu dute gurpila.

Lehendakari berriaren «lehentasun behinena» zen herritarren kezkak eta kexak pilatzen ari zen zerbitzua bere onera ekartzea, baina... Osakidetzara bideratutako aurrekontuaren %4ko igoera, itxuraz, ez dator bat Pradalesek kanpainan erakutsitako anbizioarekin eta, hara, zaharrak berri: Etengabeko Arreta Guneetako (PAC) txanden %10 medikurik gabe, udako hilabeteetan. Ados, halako aldaketa bat ez da egun batetik bestera gauzatzen, eta martxan da egoerari aterabide adostu bat eman asmo dion Osasun Itunaren Mahaia.

Bada, itxura ona zuen hasieran, baina hasi dira mahaiaren hankak kili-kolo jartzen. Akordiorik gabe bukatu du urtea, ELA eta ESK sindikatuek mahaia utzi dute eta herritarrak, Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformetan (OPA) antolatuta, mesfidati dira, aurrekariek ez baitute kontrako jarrera izaten laguntzen. Egiturazko konponbideak behar direla aldarrikatzen dute eta, momentuz, Osasun Itunaren Mahaitik ez da halako proposamenik jasotzen duen dokumenturik atera.

Itunaren faltan, hainbat itaun: nola iritsi da egoera honetara Osakidetza? Nola lortu herritarrek konfiantza berreskuratu dezaten? Nola da posible zerbitzu publiko bat sendatzeko konpromisoa hartzea pribatizazioaren bidezidor arriskutsua jarraitzeari uko egiten ez bazaio?