Talentuari ongietorria
Berriki karismari buruz hizketan, politikari ezagun bati galdetu nion ea zeintzuk ziren ezaugarri, desberdintasun, genuinitate hori sortzeko osagaiak. Eta ahotan erabili zituen adjetibazio guztiak ziren efimeroak eta, batez ere, oso subjektiboak. Kualitate kontua ei da karisma, pertsona bera zintzotasunetik ezaugarritzen duten fakultateen kumulua, pilaketa, eta, noski, gainontzekoen begirada afektibo, enpatiko eta hunkigarriak baldintzatzen duena. Erabat.
Karisma norberaren izatetik natural sortzen den berezitasuna bada, talentua demostratu beharreko zerbait da. Hura ere kualitatez osatutakoa, ezbairik gabe, baina izate fisikotik askoz ere gertuago dagoena. Talentua landu egin behar da, eta bilatu. Kapazitate kontua ere bada, eta lan eskergaren ondorioa. Ze ez baita berdina jardun batean abilidadea izatea edo talentua jabetzan hartzea.
Karismarena ez da, kasu honetan, Miren Arzalluz zuzenean identifikatzen duen ezaugarria -batez ere bizitza publikotik nahiko aparteko lana egin izan duelako azken urteetan, salbuespenak salbuespen-, baina aski demostratua du, hori bai, talentuaren hizkera berea ere badela. Berriki iragarri dute orain arte Parisko Galliera Museoko zuzendaria izan denak hartuko diola erreleboa Juan Ignacio Vidarteri Guggenheim Museoaren lidergoan eta, bide batez, urte luzez atzerrian ondutako talentu hori Euskal Herrira itzuliko da. Albiste on bat.
Ez da makala, inola ere, aurretik duen erronka sorta. Edonori datorkio burura Urdaibain sortu nahi den Guggenheim berri baten proiektua. Egitasmoaren aurka herri mugimenduek hartu dute gidaritza, eta tartean sortzen ari den morokila ez da nolanahikoa. Baina ez da parean duen handicap bakarra. Guggenheimek inoizko bisita kopururik handienak erregistratu ditu azken urteetan eta kultura eskaintza ere bikaintasunaren erakusle da.
Euskal Herriko kultur arloko ikur nagusienetako bat dela ezin uka daiteke, baita proiektu museistiko anbiziotsuena ere. Ez da makala kudeatu beharreko munstrotzarra, ez eta horrek eragiten duen mugimendu ekonomikoa ere. Eta, horretarako, karismak baino gehiago, kudeaketa zentzuduna -eta batez ere arrazoitua- egingo duen talentuak nagusitu behar du. Bekiola ondo Miren Arzalluzi.