Sustrai Colina
Entrevista
Eva Lootz
Artista

«Hainbeste irudirekin begiak erauzi dizkigute»

Bada libre izatea posible dela sentiarazten dizun jende bat. Bada garrantzitsua eta urgentea zirimolak eraman aurretik berez-berez bereiz daitezkeela sinetsarazten dizun jende bat. Bada, baina ez da erraz topatzen.

Eva Lootz.
Eva Lootz. (Iñigo Uriz | FOKU)

Iruñeko Zitadelako banku batean, eguzkiari emana, topatu dugu Eva Lootz (Viena, 1940), artista. Hirietan parkeak ezinbestekoak direla dio, eguzki-izpiei darien indarrarekin ez dagoela elkarrizketa barruan egiterik. Argia ikusten duten erantzunak, alta, barne-elkarrizketen fruitua baizik ez dira askotan. Artea ere artistaren eta munduaren arteko etengabeko elkarrizketa bat besterik ez da.

Etenik gabeko elkarrizketa horretan, denetik egin du Eva Lootzek, 1960ko hamarkadaren erdialdean Austria utzi eta bere karrera artistikoa Estatu espainolean abiatzea erabaki zuenetik. Bere eskulturengatik famatzen badute ere, soinuarekin, lengoaiarekin eta irudiarekin ondutako lan asko plazaratu ditu 60 urteko ibilbidean zehar. Arte Plastikoen Sari Nazional espainola eman zioten 1994an. 30 urte beranduago, obra berriak sortzen eta bere arteari buruzko atzera-begirakoak egiten dihardu.

Artista izatea… Zaurgarritasuna bere ondorio guztiekin bizitzeko prest egotea da. Horretarako, inguruan gertatzen denarekiko, zure baitan dagoenarekiko, jarrera zinez irekia behar duzu. Topikoekin edo azaleko usteekin geratzen gara askotan. Irekitasunarekin egiten zaio horri aurre; zure pentsamendu eta emozioetako ateak zabaldu behar dizkiezu ñabardurei, itzalguneei zein konplexutasunari. Hori nola lortzen den? Batetik, artistaren nortasunaren ala izaeraren parte dela uste dut eta, bestetik, galdera erradikalak egitea da gakoa: zer gertatzen ari da? Zer bizitzen ari gara? Nola iritsi gara honetara? Jakin-min erradikala izateaz gain, erradikalki jotzen dut nire jakin-minarengana. Berezko kuriositatea daukat, baina horrek ez du esan nahi kuriositate hori hezi ez dudanik.

Jakin-mina dago artearen oinarrian? Jakin-mina eta askoz gauza gehiago. Artista guztiak ez gara berdinak; bakoitza gure amarena gara, gure interes eta izuetatik abiatzen gara, gure talaiatik begiratzen diogu munduari. Santutik hiltzailerainoko espektro osoa kabitzen da artistetan. Caravaggiok hilotzak utzi zituen bide bazterrean eta Fra Angelico santua zen ia. Nortasun eta jokamolde anitz kabitzen dira artean. Horregatik da hain figura antropologiko garrantzitsua.

Zure lan-ibilbidearen argazki aski zehatza eman dezaketen hiru erakusketa atondu dituzu 2024an. Materiarekiko duzun interes bizia ageri da hiruretan. Nondik datorkizu interes hori? Istorio arras luzea eta nahiko korapilatsua da baina, laburbilduz, esan liteke nire ibilbide osoko lanak bat egiten duela materiaren kontzeptu berri baten sorrerarekin. 1970eko hamarkada hasieran, ni lanean hasi nintzen sasoian, materia pasiboa zen oraindik, mugiezina, eta zerikusi handia zuen greziarren garaitik zetorren eta Descartesek hauspotzen eta berresten zuen materia eta adimenaren arteko dualismoarekin. Gure tradizioan oso errotuta dago gorputzaren eta materiaren arteko binomioa, arimaren eta materiaren artekoa. Aspaldion, dualismo horrek ez digu balio, ordea. Gaur egun, mikrobiologoei zein ikerketa matematikoei esker uste ustel asko iraultzen ari gara. Arima eta gorputza kontrajartzen dituen tradizioarekin hausten gabiltza, kontzeptu horiek berrikusten eta berrasmatzen.

Zer zentzutan? Adituek materialismo berriez hitz egiten dute orain. Jende asko, ordea, ez da konturatzen gorputza eta izpiritua kontrajartzea akats larria dela. Hori egiten den aldiro, gorputzari balorea ukatzen zaio, bere gaitasuna menosten da eta, ondorioz, materiaren debaluazioari irekitzen diogu bidea. Palazioak, elizak zein katedralak bisitatzen ditu gure gizarteak, baina inor ez da joaten meategiak ikustera. Hori gutxi ez eta, sakonduz gero, beste paralelismo interesgarri bat dago materiaren eta emakumearen debaluazioaren artean. Meategiekiko zein gorputzarekiko arreta estuki lotuta egon da emakumeen bizitzarekin, baina zer da tradizioak famatu eta betikotu nahi izan duena? Horregatik ere bada dualismo horiekin puskatu eta kontzeptuak berritzeko garaia.

Iñigo Uriz | FOKU

Material ezberdin askorekin egin duzu lan, teknika ezberdin askorekin… Kontua ez baita materia berriak bilatzea, materiaren kontzeptu berri bat aurkitzea baizik. Materia ez dadila zerbait pasiboa izan, ez dadila ahazteko zein bazter uzteko modukoa suertatu. Egun, topaketa baten gisan ulertu behar genuke materia, kondenatuta baikaude gure historia etengabe berrirakurri eta berridaztera. Esaterako, Kristobal Kolon eta enparauek Amerika konkistatu zutenean, euren ezagutzekiko erabat ezberdina zen mundu batekin egin zuten topo eta, ondorioz, derrigortuta egon ziren euren mundua beste manera batez irakurri eta kontatzera. Nire erakusketetan asko laudatzen dut soziologo zein antropologo hegoamerikarren lana, tai gabe ari baitira historiaren narrazio berriak sortzen. Eskolan irakatsi zigutena birkokatzen eta birkontatzen digute. Uste dugunaren aurka, historia ez da ur geldia, ez da urmaela, itsaso bat baizik. Bere korronte eta olatuak dauzka, gaur hondo-hondoan dagoena bihar urgaineratu daiteke eta horrek itsasoa ikusteko modua bera alda dezake.

Antzekoa esan liteke hizkuntzei buruz ere? Jakina. Horregatik diot munduan hizkuntza bat galtzen den bakoitzean, kultura bat desagertzen dela. Ez dela horrenbesterako, kulturak beti desagertu direla diote hegemoniazaleek. Nire ustez, alta, ez da gauza bera hizkuntza zein kultura batek naturalki ematea azken hatsa ala indarkeriaz edo bortxaz mapatik ezabatzea. Gaur egun, desagertzeko zorian dauden hizkuntza gehienak zapalkuntzagatik daude larri. Tragedia bat da hori. Horri gehituz gero, herri edo tribu autoktono edo primitiboetako kideak euren buruaz lotsarazteraino gutxietsi direla... Tragedia bat da denak azal zurikoak izatearekin egitea amets. Oskol eurozentrista puskatu behar dugu. Ez da kontinente zaharreko ikuspegia balio duen bakarra. Biziki aberatsa da mundua, mundua ikusteko gai diren begi eta begirada ezberdin asko daude, perspektiba are ezberdinagoak, eta denen beharra daukagu kontzeptuak zabaldu eta eraldatzeko.

Aitzitik, zure ibilbidearen hastapenetan, ez zenien zure iritzi edo esperientzia pertsonalei zure lanean sartzen utzi nahi. Zergatik? Jakitun nintzelako kontu pertsonalei sartzen utziz gero, nire hezkuntzaren bidez zainetan sartu zidaten pozoi guztia zabalduko nuela. Ez nintzen identifikatzen hezkuntza horrek eman zizkidan gauza askorekin, oinordetzan jaso nituen tradizio itxi askorekin; ez nuen arbuiatzen edo ukatzen nuena erreproduzitu nahi. Urteekin aldatzen joan naiz, gauzak ulertzen eta neure buruarekin barkaberagoa izaten ikasi dut, baina jaiotzetik erantsi zizkidaten kode zaharminduak ez hedatzeagatik prozesuekin lan egitera jo dut sarri. Garaiko modak ere izango zuen zerikusia, prozesuaren artean zein arte minimalean atzematen nuen araztasuna.

Urteekin aldatzen joan zarela diozu. Zein izan zen inflexio puntua? Hastapenean, araztasunaren izenean, elementu narratiborik ere ez nuen onartzen! Dena zen materia eta prozesua. Gizateriaren historian trukearen existentzia barneratu nuenean iritsi zitzaidan inflexio puntua. Zergatik? Materiaren beraren erabilpenaren balioa trukerako txanpon bihurtzeak aurrelengoaia baten sorrera suposatu zuelako eta, ondorioz, lengoaia ekidinezina zela konturatu nintzelako. Orain asko gustatzen zait lengoaia, kautibatu egiten nau. Beti idatzi izan dut, baina orain idatzitakoa argitaratzera ausartzen naiz. Esaterako, “Noche Decian” egitasmoaren oinarrian konstatazio bat zegoen: hizkuntza indoeuropar kasik guztietan, “gaua” eta “zortzi” hitzak hasierako N hizkiz baizik ez dira bereizten. Hala da alemanez, ingelesez, frantsesez, katalanez... Zer azaldu nahi dudan horrekin? Askotan, prozesuetan ez zaigula arrasto materialik gelditzen, baina bai aztarna linguistiko bat.

Gaur egun ere, badirudi obra bat ezin dela diskurtsorik gabe sostengatu. Bai eta ez. Gauza asko aldatu dira XX. mende hasieratik hona. Berpizkundetik XX. mendera arte perspektiba forma sinbolikotzat jotzen duen paradigma nagusi bat dago, baina teoria horren joskurak lehertzen direnean dena aldatzen da. Ikasle asko perspektiba zerbait naturala dela sinetsita etortzen zaizkit oraindik, baina ez, perspektiba asmakuntza bat da. Obrak ez, diskurtsoak irakasten dizu hori. Halaber, errepresentazioa indartu zuen kubismoak, arte abstraktua etorri zen gero eta orain 40 urte pentsaezinak ziren joerak ikusten ari gara egun. Zergatik? Etengabe mahaigaineratzen direlako kontu berriak. Adibidez, artearen historian lehen akuarela abstraktua Kandinskiri egozten zaio oraindik, baina berriki jakin dugu Hilma af Klintek lehenagotik margotzen zituela obra abstraktuak. Berriz nator etengabe gure historia berridazten ari garen ideiara eta, ezinbestez, diskurtsoaren garrantzira. Kasu konkretu honetan, berbarako, bistakoa da boterea duena dela diskurtsoaren jabe. Hilma af Klint emakumea da, suediarra, artearen historian herrialde periferiko batekoa...

Diskurtsoaz ari garela, bi sententzia ageri dira zure azken erakusketetako batean. «Zerbait ikusi nahi baduzu, azkar ibili, dena desagertzen ari da eta», dio lehendabizikoak. Paul Cezanne margolari frantsesaren esaldia da. Oso interesgarria eta esanguratsua iruditzen zait. Deigarria da, 150 urte beranduago, gaurkotasun handiko esaldia izatea, bizi dugun aldiari bete-betean erantzuten diona. Oharkabean, etengabe ari zaizkigu gauzak desagertzen. Ezagutu dugun mundu bat desagertzen ari da. Oso nabarmena da hirian. Desagertzen ari dira artisauak, ofizioak, burdindegiak, ehun sozialak... Ildo beretik, historia osoko seigarren espezie desagerpen handienaren atarian gaudela diote zientzialariek. Klima larrialdiaren ikuspegitik, basatia da gertatzen ari dena. Larrialdi horrek izurriak, katastrofe naturalak, exodoak eta irudikatu ezin ditugunak iragartzen ditu, baina guk nahiago dugu beste aldera begira jarraitu. Poloak urtzen ari dira, itsas korronteak erabat gelditzeko arriskuraino geldotzen... Gertatu arte, zientziak ezin du ezer baieztatu, baina sintomak alarmanteak dira, Damoklesen ezpata daukagu gainean. Sistemak entretenituta gauzka, ordea. Pelikula arinak eskaintzen dizkigu, telesail merkeak, liseritu dezakeguna baino informazio gehiago, kontsumora bideratutako aisialdia, ispilutzat hartzen ditugun pantailak... Jendearen begiak irekiarazteko lanean dihardu arteak, baina denok dakigu nondik jotzen duen haizeak.

Eva Lootzen «Korapilatu, zimurtu eta hariari jarraitu» erakusketako irudi batzuk bere lanekin. Donostian egon zen ikusgai, iaz. Jagoba Manterola | FOKU

Jagoba Manterola | FOKU

Jagoba Manterola | FOKU

«Ura da etorkizuneko egarriaren izena», dio bigarren sententziak. Errekurtsoak agortzen ari gara, baliabiderik gabe gelditzen. Materia amaitzen ari da, petrolioa finitzen, ura bukatzen... Halakorik inon onartu ez arren, dagoeneko uragatik egiten dira gerrak munduan. Bestalde, ezin dugu lur arraroen afera ahantzi. Ezinbestekoak dira gure aparailu elektroniko guztientzat: sakelakoentzat, ordenagailuentzat... Pentsa, ze borroka eta gatazka dagoen oinarrizko materiak eskuratzeko!

Ikusezina edo ikusgarritasun gutxikoa ikusgarri egitea da zure lanaren beste ezaugarri nagusietako bat. Gauza asko dira, arrazoi ezberdinengatik, errealitatean presente egon baina ikusten ez ditugunak. Argiarena da adibide bat. Gure egunerokoan oso presente dago, baina gutako nork jartzen dio merezi duen arreta? Argiarekin segiz, zer gertatzen da ultramoreekin? Begiratu hutsean ikusten ez ditugunak ikusarazten dizkigu. Asko dira, fisikarien ikerketa gaitasun nekagaitzari esker, existitzen direla jakin baina ikusten ez ditugunak. Logika berbera aplika diezaiokegu gure eguneroko bizitzari. Erreparatzen ez diegun gauza askoren aurretik pasatzen gara egunero. Fokua nonbait jartzen dugun aldiro ari gara beste zerbait itzalpean uzten. Horrela da emozioen munduan, pentsamenduarenean, albistegietan... Ildo beretik, “natura” deitzen diogu gure aurrean daukagunari, gure tradizio okzidentalean natura eta kultura kontrajarri direla ahantzita. Hori da deseraikitzen ari garen beste dualismoetako bat. Ez da bat ala bestea. Joskura horiek zartatzen ari gara orain.

Zer garrantzi du feminismoak zugan eta, ondorioz, zure obran? Ezinbesteko mugimendua izan da niretzat eta esango nuke historian izan duen pisua ukaezina dela jada. Feminismoaren eboluzioa bere begiz ikusi ahal izan duen belaunaldi batekoa naiz. Nire bizitzan zehar, asko aldatu da emakumearekiko kontsiderazioa, ez agian oraindik aldatu beharko lukeen bezainbat, baina bai asko. Mexiko bezalako herrialde handi bateko burua emakume bat izatea imajinaezina zen oraintsu arte. Horrek ez du kentzen emakumea angelu itsu batean egon dela 2.000 urtez eta ez berak bertan egon nahi zuelako, bertan hesitu dutelako baizik. Nik ere nozitu ditut horren ondorioak. Ez, ordea, jendeak uste duen moduan. Esaterako, orain dela gutxi erakusketa batzuk egin ziren 1960ko hamarakadaren azkenetan edo 1970eko hamarkadaren hasieran Espainiako artearen egoera islatzeko eta bi emakumezko baizik ez ginen agertzen bertan. Hala, galde dezakezu emakume gehiagorik ez ote zegoen, baina erantzuna da orduantxe hasi zela emakumea artera profesionalki dedikatu ahal izateko bidea. Horrekin zer iradoki nahi dudan? Tranpa ez dagoela hainbeste argazkian, baizik eta argazkilarian eta paisaiaren eraikuntzan. Garai hartan, gizonezkoek erabakitzen zuten zer zen garrantzitsua eta, ondorioz, gizonezkoena zen benetako artea, gizonezkoen arteari ematen zitzaion ikusgarritasuna. Hori orekatu nahian, harri azpietan emakumezko artisten bila gabiltza orain, badakigulako artearen historian beti egon direla emakumezko margolariak, konpositoreak, idazleak... Egon dira baina angelu itsuan. Orain ari gara euren lana ezagutzen, baloratzen eta, beraz, historia berridazten.

Zure historia idazteko orduan, zergatik egin zenuen zure karrera abiarazteko Espainian errotzearen alde apustu, Espainia diktadura betean zegoela jakinik? Nik Austriatik, hezi eta hazi nintzen tokitik, ihes egin nahi nuen batez ere. Ez nuen han geratu nahi, ez nintzen nire herrialdearekin identifikatuta sentitzen, mendebaldera joan nahi nuen. Iluntzero, mendebaldean, eguzkia ezkutatzen ikusten nuen trenbidearen atzean eta harantz jotzeko bulkada sentitzen nuen noiznahi. Hala, ikasketak amaitzean, barne-indar horri men egin eta mendebalderantz abiatu nintzen, Espainiara iritsi arte. Logikari erabat segi banio, Portugalen sustraitzea zatekeen normalena, baina Espainiaren artearen historiak eta arte plastikoan zeukan tradizioak erakarri ninduten. Banekien oso herrialde aberatsa zela kulturalki zein historikoki, geruza ezberdin asko zeuzkala sedimentatuta: feniziarrena, musulmanena, bisigodoena…

Gaur egunera itzulita, begi bistakoa da irudiaren gizartean bizi garela, baina ba al dakigu irudiak behar bezala interpretatzen? Irudiak irakurtzeaz hitz egiten ari gara etengabe, noiz eta adimen artifizialaren bidez zernahi faltsutzeko aukera dagoenean. Horregatik ere behar du arteak diskurtsoa. Irudiak interpretatzen ikasi behar dugu, esanahiak ulertzen, historian kokatzen eta bizi dugun aldiarekin konektatzen. Aro bakoitzak dauka irudiak irakurtzeko bere modua. Arazoa da, egun, irudiz bonbardatzen gaituztela eta arteak, nahi ala ez, horri erantzuten diola. Input bisualen saturazio bat dago eta gauza bera gertatzen da estimulu sentsorial gehienekin. Zer gertatzen da musikarekin? Isiltasuna ez da existitzen, nonahi dago hari musikal bat, edonon daude playlistak martxan. Saturazioa areagotu baizik ez da egiten pantailekin. Horren aurrean, “erne, ez ezazu zernahi irentsi!” oihukatzen dizu arteak, “subliminalki publizitatearen bidez sartu dizutena bota!”. Sistemak edo kapitalak zainetan ziztatu zaituen kontzientzia ematen dizu arteak. Hainbeste irudirekin begiak erauzi dizkigute. Lehen mundua esplikatzeko balio zuten irudiek, egiaren froga absolututzat genituen. Egun, ordea, irudiek ez dute mundua azaltzen, esplikazioak ezkutatzen dituzte, begiak itsutzen dizkigute ikusi beharrekoak ikusi ez ditzagun.

Jagoba Manterola | FOKU

Jagoba Manterola | FOKU

Jagoba Manterola | FOKU

Teknologiak gero eta pisu handiagoa duen gizartean bizi gara. Bai, eta sekulako presioa dago teknologiak jendearen arazoak konponduko dituela sinetsarazteko. Hori ez da hala, teknologiak ez du ezer konpontzen. Asko jota, gauzak errazten ditu. Teknologia tresna bat besterik ez da, lanabes zoragarri bat, ez panazea. Gainera, teknologiak bizitzeko manera aldatzen duen gisan aldatzen du artea ikusteko, pentsatzeko eta ulertzeko modua. Hori ez da gaurko kontua. Haurra nintzenean, ez zegoen telebistarik eta, ordutik hona, etengabe ari gara teknologiara egokitzen. Nire ustez, ordea, teknologiak egokitu behar luke gizakira eta ez alderantziz. Onura asko dakartzan arren, teknologia gainbaloratuta dago. Gizakiaren arazoak oso antzekoak dira teknologiarekin ala teknologiarik gabe. Ni teknologiaren alde nago, baina horrek ez du kentzen gorputz batean sortzen garela, gorputz batean bizitzen eta gorputz batean hiltzen. Datu sentsorialetara itzuliz, zentzumenak atrofiatzen gabiltza; artista batzuei interesatu ere ez zaizkie egiten jada.

Dena teknologia den sasoian, erresistentziagune bat da gorputza? Daukaguna da gorputza, oinarri-oinarrian garena. Nahi ala ez, gure gorputza da gure oinarrizko lan-tresna. Adimen artifiziala oso ongi dago, baina ez du ergelkeria naturala estaltzen. Zergatik doa legedia hain atzeratuta, bestela? Enpresa teknologikoak legeak baino azkarrago doaz. Horregatik irakatsi behar zaio jendeari begiratzen. Begiratzen dakienak asmatuko du benetakoa dena eta ez dena bereizten. Beti azpimarratzen da hezkuntzaren garrantzia, baina ez dut uste espainiar Estatuan hezkuntzaren maila behar bezalakoa denik. Irudiak irakurtzen irakatsi ezean, analfabetismo mota bat sustatzen gabiltza.

Testuinguru horretan, zein da artearen funtzioa? Egunetik egunera garrantzitsuagoa den ezinbesteko funtzio soziala du arteak. Bitartekari bat da; antropologikoki aztertuta, balbula bat. Aro guztiek dauzkate beren gatazkak, kontrasteak edo ezin-ulertuak eta, nahi ala ez, ura bere bidera ekartzen laguntzen du arteak. Artearen bisagrarik gabe, talka bakoitzean lehertuko litzateke mundua. Aldi berean, biziki interesgarria izan ohi da joskurak zartatzean gertatzen dena.

Diziplinen arteko joskurak bilatzen dituzu zuk, sistemak oso arlo zehatzetan espezializatuak nahi gaituenean.

Diziplinen arteko jarduna interesatzen zaidalako. Nire jakin-minarekin zerikusi zuzena duen hautua da. Barre egiten dut, negar ez egiteagatik, orain artistak bere marka eraiki behar duela entzuten dudan aldiro. Ze marka eta ze marka ondo! Nik preziatzen ditudan artistak pasioz egiten dute lan, jakin-mina eta ezagutza dituzte itsasargi, gertatzen eta ikusten dutenaren arabera ekiten diote... Markak merkatua esan nahi du, ez bizitza. Merkatua desktruktiboa bada, hauskorra da bizitza. Ez daukat merkatua lehenesten duen aro batean bizitzea beste erremediorik, baina niretzat dirua ez da sekula balio gorena izango. Hala, ahal dudan bezala moldatzen naiz, lan egin ahal izateko bizi beharra daukadalako eta bizi ahal izateko lan egin beharra.

Ez da talaia txarra geroari begiratzeko. Nire ustez, etorkizunik egongo bada, kolektiboa izango da. Bakardadean sortzen duen jenioaren figura zaharkituta dago, XIX. mendeko topikoa da. Ez naiz profeta, baina sortzaileak beti egongo direla uste dut. Horregatik, ahal bezain zintzoki lan egitea dagokigu eta, batez ere, bizitzea merezi duten bizitzak loratzeko aukera defendatzen segitzea. Izugarri pozten nau sortzeko manera kolektiboak han-hemenka agertzen ari direlako. Aukera, bide, leiho... asko daude aurretik, pixkanaka ireki eta probatu beharko direnak.