11 ENE. 2015 VICTOR LENORE «‘Hipsterismoa’ pijoen mutazio bat da» Yurre Ugarte Hipster, edo «betiko modernoa». Victor Lenore musika kritikari eta kazetari madrildarra halakoxea omen zen. Hipsterren munduan murgilduta urteak eman zituelarik, iraganean izandako hipsterrari astindua eman dio idatzi duen liburuan: “Indies, hipsters y gafapastas” (Capitán Swing, 2014). Bertan dioenez, hipsterrak salduta daude, merkatuaren erabat meneko dira, kontsumismoaren isla, hasierako independentziatik urrun, gainera esnobismorik hutsalena praktikatzen dute. Eztabaida piztu du Lenoreren liburuak; batzuek panfletotzat jo dute, beste batzuek, berriz, eskertu egin diote idatzi izana. Akaso inor gutxi libratu delako inoiz «kontsumituko ez balu bezala kontsumitzen duena» izatetik, hau da, hipsterra. Moderno gogaikarria al zinen? Bai, zeharo gogaikarria. Nahiz eta halakoxea zaren momentuan ez zaren ohartu ere egiten zenbaterainoko gogaikarria zaren, uste dut nahiko gogaikarri nintzela, bai. Espainian zegoen hipsterretan hipsterrena, modernoetan modernoena nintzela esaten ari naiz elkarrizketa guztietan, hala sentitzen nintzelako. Gaztaroan gustu estetikoak oso markatuak dituzunean, obsesiboa ez ezik erabat jasanezin gerta zaitezke. Nick Hornbyren “High Fidelity” eta “Juliet, naked” nobelak irakurtzen ditudanean, bi aipatzeagatik, horietan ageri den gizon mota, musikak bizitzako denbora guztia kentzen diona eta inguruko gertakizunei kasurik egiten ez diena, bada, horrelakoxea nintzen ni. Eta bi nobela horiek arrakastatsu izan badira uste dut mutil askoren bizitzaren isla direlako dela. Baita neskek nobela horietan ikusi dutelako beren mutil lagunen bizitzen deskribapen zorrotza ere, mutilen ikuspuntutik egindako liburuak baitira. Zehazki zerk eragin zuen arrakala izaera horretan? Ez zen gauza zehatz bat izan, ez zitzaidan bat-batean zerua argitu, baizik eta gertakizun eta pasadizo ezberdinak pixkanaka pilatzen joan zitzaizkidan. Esate baterako, Manu Chaok “Clandestino” diskoa kaleratu zuenean, 1998. urtean. Bertan Europako immigranteei buruz abesten du, mintzalekuetako bizitzaz ari da, maite dituzunengandik urrun egoteaz, lan eta bizi baldintza kaskarrez. Giro modernoaren baitan mespretxu handiarekin jaso zen diskoa, salbuespenak egon arren, ze bi aldizkarik urteko diskorik onena hautatu hautatu zuten. Hala ere, indie-hipster munduan, «disko hau kakatzarra besterik ez da, perroflauta eta pied noir delakoentzako musika da» eta horrelakoak entzun nituen. Ikusten nuen bai edozein militantzian zebiltzanak, bai immigranteak, bai auzo elkarteetan zebiltzanak inozotzat zituztela, ez omen ziren beraiek bezain cool, sofistikatu. Eta horrek guztiak gogaitu ninduen, urruntzen hasi nintzen. Urteetan ondutako esnobismoa zalantzan jarri zenuen... Bai, Manu Chaoren diskoa agertu eta handik gutxira hasi zen NDFren (Nazioarteko Diru Funtsa) aurkako protesta mugimendua; Naomi Kleinen “No logo” best seller bilakatu zen. Horien guztien aurrean hipsterrek hartu zuten jarrera ere halakoxea zen: «Ze inozoak diren». Iruditzen zait jarrera hori Espainian Madrilgo Movidaren garaietatik datorrela, ze Espainian 80ko hamarkadan igaro ginen militantzia antifrankistatik beste muturrera, giro eta jarrera erabat fribolo eta warholdarretara. Logikoa eta ulergarria da erreakzio hori, frankismoaren bukaera baitzen. Hiru-lau urte ahazteko, lasaitzeko, beharrezkoak ziren... Baina ez hogei urte! 80ko hamarkadatik 2000. urtera arte bertako arazo sozialez ez arduratzea, gehiegizko deritzot. «Hipster» iragan hartan zoriontsu zinen? Ez. Garai hartan nik neuk zoriontsu nintzela pentsatu arren, aldaketa zerbaitegatik gertatu zitzaidan, alegia hipsterren mundutik zerbaitegatik urrundu nintzen. Hain justu zoriontsu ez nintzelako gertatu zitzaidala sentitzen dut nik. Liburua idatzi dudanean argi ikusi dut nire insatisfakzioa. Urruntze horretan eragina izan zuen beste gauza bat “La Dinamo” aldizkaria izan zen. Bertan idazten hasi nintzela, politikatik, filosofiatik eta mugimendu sozialetatik zetozen idazleak ezagutu nituen. Ordura arte beti idatzi izan nuen aldizkari musikal modernoetan, non soilik kazetaritzatik gentozenok lan egiten genuen. “La Dinamo”-n saiatu ginen egiten eduki sozialki kontzienteak zituen aldizkari moderno bat. Hala, goizetan lan egiten nuen musika aldizkarietako giro cool eta hutsalean, eta arratsaldez “La Dinamo”-koekin elkartzen nintzen, non guztiok genituen eguneroko arazoez aritzen ginen. Kontraste esanguratsua zen. Baliagarria niretzat, alajaina! Argi geratu zitzaidan denbora zein pitokeriatan ematen nuen. Gaur egungo eskaintza kulturalak asko al dauka 90eko hamarkadako gazte alternatibo eta klase ertainekoaren paradisu kulturaletik, alegia, «hipsterren» paradisutik? Bai, bai. Edonon eta edonoiz daude primerako kontzertuak; apartekoak diren musika jaialdiak ere penintsula osoan zehar aurkitu daitezke; egunkarietako gehigarrietan artista fin-finez dihardute; supercool-enak ageri dira aldizkari guztietan. Kultura ekoizten duen industria pozez zoratuta dago hipster edota modernoekin. Eta ez da harritzekoa, hipsterren gustuak kapitalismoaren balioen isla besterik ez baitira. Zure burua oso underground eta oso modernotzat jo dezakezu, eztabaidatzailetzat nahi baduzu, baina kontsumitzaile bat besterik ez zara, bat gehiago, azken nobedadeen kontsumitzaile abila, hori bai. Badago moda berri bat lau hilero, «iraultza» berri bat, eskaintzen dizkigute proposamen estetiko «berriak» une oro, zure burua losintxatzen dutenak, esanez bezala: «musikaren, artearen gourmeta zara». Eta eskaintza kultural hauek ez dute inolako arazo sozial edo politikorik sortu inongo industriarekin edo botere politikorekin. Espainiako hipster kulturaren ezaugarrietako bat da horixe: ez dio inoiz inongo arazorik sortu botereari, ezta udaletxeetakoari ere. Punk taldeek, edota Euskal Rock Erradikalak aldiz, behin eta berriz izan zituzten arazoak. Horrek argi uzten du taldeen jarrera politikoa. Gainera, hipsterrek merkatua erabiltzen dute sozializatzeko: marka jakin batzuek megababesten duten musika jaialdia, punta-puntako inportazio diskoen denda garestiak Madrilen edo Bartzelonan, modako klubak eta abar... Beste kasuetan, sozializazio guneak izan ohi dira gizarte zentroak, irrati libreak, auzo-elkarteak, gaztetxeak... Alde handia dago. Thomas Frankek ederki azaltzen du liburuaren sarrerarako aukeratu dudan esaldian: «Aldaketa estetikoetara mugatzen diren iraultzak maite dituzte eliteek». Zure ustez, «moderno» deiturikoek kontsumitzen omen dute «kontsumituko ez balute bezala». Bai, kontsumitzea dagoen egintzarik aseptikoena da, gainera! Bat egiten dut “Consumer Republic” liburuaren egileak, Bruce Philpek, dioenarekin: hipsterrak bilatzen du lotsaren ordez harrotasuna pizten dion kontsumismoa. «Erosi dut azkeneko diskoa, ikusi dut azken azpitituludun filma, HBOko modako telesailak ikusi ditut, musika jaialdietan bikainenera joan naiz». Tira, une oro kontsumitzen duzunaz harropuztuta zabiltza. Yuppiek behintzat bazuten nolabaiteko kontzientzia, alegia, gainerakoek baino diru gehiago zutelako kontzientzia, eta gustu txarrekotzat zuten beren aberastasuna nabarmentzea. Baina hipsterrekin ez da hori gertatzen, harropuzkeria da nagusi. Eta bere burua tributzat ez daukan tribu bakarra da? Bai, hipsterrak norberaren banakotasuna ez den guztiari ezinikusia baitio. Horregatik hipsterren artean maiz esan ohi da «ni ez naiz hipsterra», diskurtso antihipster hori azaltzen da haiengan, talde soziala den edozerk alergia ematen baitie. Pijoekin gertatzen denaren antzekoa gertatzen da: inoiz ez dute beren burua pijotzat hartzen, eurak soilik ondo janzten dira, musika ona entzuten dute, eta bizitzaz gozatzen dute, auto onak, etxe onak edukitzea dute gustuko eta abar; hau da, hipsterren antzera. Hala ere, azpimarratu behar da: nork erabaki du zer den aparteko edo ez? Hipsterrek beraiek, noski. Aparteko telesailak, arropa bikaina, musika ona, zer den guay eta zer ez beraiek erabaki dute. Eta horiek guztiak pasahitz modernoak besterik ez dira, tribuaren baitako onarpen kodeak. Finean, hipsterismoa pijoen mutazio bat da. Mutazio guay bat. Hala ere, gaztediak beti jo du aurreko belaunaldiaren estetikatik bereiztera; aurreko belaunaldiaren aurka altxatzera. Baina ez zegoen modernokeria hauetaraino iristeko beharrik, 90eko hamarkadan beste modu askotan erreakzionatu zitekeen. Guk, ordea, posible zen modurik esnobenean erreakzionatu genuen. Gainera, nolabaiteko maila ekonomikoa behar zen, diskoak ez baitziren merke, eta kontzertuetarako sarrerak ere ez. Hipsterismoa eskola eta unibertsitate pribatuetan asko eman zen hasieran, eta gero, gaur egungo hedapen masibora iritsi da. Aldi berean, esan behar da Bartzelonan modernokeria militante moduan erreakzionatu zela, Madrilen, ordea, ez. 90eko hamarkadaren isla da hipster kultura: Espainia EEE Europako Ekonomia Erkidegoko partaide delarik, nazioarteko oligopolioak iritsi dira, modan jarri zen alaba-semeak atzerrira bidaltzea ingelesa ikastera eta abar. Zera, 70.-80. urteetan, erdi mailako edo langile klaseko guraso gehienek esango lukete: alaba, biziraun nahi baduzu, izena eman sindikatuan. Nire belaunaldikoon gurasoek, berriz, zera zioten: lan merkatuan biziraun nahi baduzu, izan zaitez besteak baino hobea, ingelesa ikasi, izan zaitez lehiakor. Pentsamolde aldaketa dago, eta nik uste dut kulturalki islatu zela. Alde horretatik, hemen konpromiso politiko eta sozial handiagoa izan dugu beti. Erreakzio mota desberdinak gertatu ziren... Besteak beste, gaztetxeak eta zenbait etxebizitza okupatu ziren. Euskal Herrian, bai. Gainera, Euskal Rock Erradikala zeneukaten... Modernorik ez duzu aurkituko okupazio batean, ordea, oso bitxia litzateke, ia bateraezinak baitira. Modernoak esan ahal dizu okupazioa guay dela baina inoiz ez dituzu nahastuta ikusiko, nolabaiteko alergia daukate. Okupazioak boterearen aurkako jarrera politikoa eskatzen du. Juan Goytisolok dio Espainian trantsizio kulturala ez zela egin, eta ondorioz, kulturan kanon nazional-katolikoak bere horretan dirauela. Zuk aipatzen dituzun «hipsterismoaren» ezaugarriek kanon nazional-katolikoarenekin bat egiten dute, anglofilia kenduta, alegia: klasismoa, sexismoa, esnobismoa eta arrazismo kulturala. Eta biek anatema bera dute: feminismoa. Hipsterismoak ez dio inolako arazorik sortu kanon nazional-katolikoari, egia; beraz, hor badago zerbait, zeren eroso moldatu da kanon horren baitan, anglofilia gehitu arren, noski. Aldi berean, hipsterren itxura aztertuz gero, Ipar Amerikako unibertsitateetan normatiboa dena daramate. Vampyre Weekend taldeko musikarien antzeko itxurak ez du izutuko inongo unibertsitateko errektorerik, ezta erdi mailako klaseko gurasorik ere. Guraso horiexek ez dira kezkatuko alaba-semeak hipsterrak baditu, pentsatuko baitu «begira ze ondo, atzerriko kultura jasotzen ari da». Era berean, hipsterismoak ez du gaztelaniazko terminologia berririk sortu, «postureo» izan ezik, nahiko hitz adierazgarria bide batez esanda. Gainerako hitz guztiak ingelesetik zuzenean hartutako hitzak dira. Ramoncin eta Francisco Umbralek “El tocho cheli” liburuaren hipster baliokidea egin nahi balute, ezingo zuketen, hipsterismoak gaztelaniazko terminologia berririk ez duelako sortu. Nola gertatuko da bertako hizkuntzaren sormena, Londresekoak, New Yorkekoak edota LAkoak izan nahi dute-eta! Espainiako kontrakultura postfrankista zalantzan ipini duzu. “Ajoblanco” aldizkariaren bilakaera espainiar kontrakulturari gertatu zitzaionaren adibide garbia da. Hasierako aleetan bai, gai kolektiboak tratatzen ditu, drogak, komunak, egoerak eta abar, Espainian nolabaiteko kontrakultura sartzeko saiakera bat izan zen, baina 80ko hamarkada iritsi zenean, portadetan behin eta berriz Mariscal, Maragall (hiri bateko alkatea koipetzea noiztik da kontrakultura?), Alaska eta horrelakoak ateratzen ziren. Alegia produktu kulturalak saltzen zituzten, hain justu kontrakulturaren antitesia. Egia da “Ajoblanco”-n zebiltzan Pepe Ribas, Sanchez-Drago, Albiac, Escohotado, Racionero eta abarrek kontrakultura bizi izan zutela... Dirua zeukatelako eta San Frantziskora joan ahal izan zutelako, baina gero horietariko batzuk PPrekin liluratutako neoliberalak bihurtu ziren. 80ko eta 90eko hamarkadetan, merkatuaren eskarietara egokitu zen aldizkaria, yuppientzako aldizkari bihurturik industria ustez sortzaileen menera. “El Mundo” egunkariak erosi zuen bukaeran. Pastelaren ginga izan zen hori. Ironia aipatzen duzu liburuan, «hipsterrengan» ezinbesteko omen. Halere, postmodernitatearen arlo artistiko guztietan ageri den ezaugarri edota jarrera da ironia. Zuk, berriz, zinismoaren antzekoa dela diozu, eta eguneroko bizitzan egiten ditugun hautuen gaineko ardura saihesteko balio digula. Postmodernitateak hartzen duen hipsterren forma honetan, ironi erruz erabiltzen da. Eta ironiak badauka gauza on bat: solemnitatea kentzen dizu. Bestetik, babes edo immunitate karta moduan jokatzen du. Eta bizitzan badira oso serio hartu beharreko gauzak eta egoerak. Hipsterrek esaten dute; ezer ez da serio, geure buruaz barre egin dezagun... Ezer ez denean seriotzat hartzen, ordea, bizitza maila egokia dutenek soilik pasatuko dute ondo. Egoera ahul eta zorigaitzekoetan daudenek, berriz, sufritu egingo dute. Horrela, ironiaren altzoan, oso eroso daude modernoak. Arazo sozial edo ekonomikoak aipatzen badituzu, txiste ironiko batez erantzungo dizute, edota esanez «ni neu naiz guztietan kontsumistena, petarda galant bat». Ironiaren eskutik doan beste ezaugarri bat da giza arraza analizatzen eta disekzionatzen dutela gero ondorioztatzeko: inteligentea bazara, ezin duzu gizakiarengan konfiantzarik eduki. Edo nihilismo cool-a. D.F.Wallace idazlea adibide garbia da: «Izugarria da mundua, zorigaitzekoak gu, gure sentsibilitatean murgiltzen gara munduaren izugarrikeriaz ohartzeko». Finean, jarrera horrek ekintza sozialak deuseztarazten ditu: zertarako joango naiz manifestazio edo ekitaldi horretara, dena kaka bat da-eta, ezin da ezer egin. Musikari askoren letrak daude filosofia horretan blaituak, Leonard Cohenetik hasita... Hain presente, hain bizirik ustezko modernoengan. Eta noski, nolabaiteko eduki sozialez diharduen idazle edo artistari deituko diote «zaharkitu», «astun» edo «nekagarri». Zuk seinalaturiko «hipsterrak» ez ezik, guztiok gara kontsumitzaile; nor ez dago merkatuaren barnean? Baina uste dut arriskutsua dela esatea: merkatuak jada irentsi gaitu, ezin da ezer egin. Gaur egun esperantzarako zirrikituak daude-eta. 2011ko otsailean inork ez zuen espero M15 gertatuko zenik eta begira, gertatu zen. “Financial Times” izan zen egoera aurreikusi zuen bakarra, hark esan baitzuen Espainian 68ko Maiatza bezalako zerbait gertatuko zela, zeren eta gaztediaren %50 baino gehiago langabezian dagoenean, beti gertatzen omen da. Gogoan dut lagunartean irakurri genuela artikulu hori, eta barre egin genuen, «hauek ez dute Espainia ezagutzen» esanez. Asmatu zuten baina. Esperantza beti dago: PAH, gune sozialak, badago zirrikiturik merkatuaren aurka egiteko. Era berean, egungo merkatuaren eskaintzaren parte esanguratsua den beste ezaugarri bat, hipsterrek ederki baliatu dutena, ekintzailetza da, industria kulturalak osotasunean nola PPtik hala kolore guztietako udaletxeetatik gazteak bultzatzen dituzte enpresa sortzaile izatera. Aldiz, ekintzailetza soziala sustatu nahi badugu, «aaaa... hori ez, hori beste kontu bat da», esango dizute, eta ez dute sustatuko. Enpresa sortzaile indibiduala bazara, diru laguntza bat emango dizugu, edota doako aholkularitza. Soziala bada, polizia bidaliko dizugu zu kaleratzeko, edota itxoingo dugu zuk zerbait gaizki egin arte. Madrilen oso argi dauka hori PPk, “Madrid emprende” izeneko programaren bidez ekintzailetza indibidual haztegiak sustatzen baititu; proiektu horien %28k besterik ez dute bi urte baino gehiago irauten, ordea. Ekintzailetza sozialak, aldiz, aurrera egiten du denboran, eta jende asko asebete eta laguntzen du. Ekintza sozialetarako gune bat irekitzen den leku guztietan auzokoak gustura egon ohi dira. Internet da «hipsterren» jainko berria, zuk diozunez. Baina oligopolioen eskuetan dagoen tresna horren erabiltzaileak milioika gara, ez da soilik «hipsterren» adikzioa... Kontua da asko eta asko heldu direla pentsatzera teknologia gure arazoen konponbidea dela, eta ez da hala. Bai ziberoptimismo horretaz, bai ziberfetitxismoaz Cesar Renduelesek bikain dihardu “Sociofobia” liburuan. Eta bat nator dioenean balio neoliberal eta indibidualisten mundu honetan teknologiak baldintza sozialak erreproduzitzen dituela. Ez da gizarte demokratiko eta igualitariorik etorriko irizpide kapitalistetan oinarrituta lan egiten duten enpresetatik. Ziberoptimismoa eta ziberfetitxismoa ezbaian ipintzen duen beste egile bat Evgeny Morozov da “El desengaño de internet” liburuan adibidez, eta gehiago daude. Harrigarriena da ziberoptimismo hau politikari ezkertiarrek ere gustura hartu dutela, esanez, «interneten sortuko dugu espazio bat non ezkerra eskuina baino indartsuagoa izango den», eta hori ez da hala gertatzen. Asko exajeratzen da. Siva Vaidhyanathan idazleak “La googlización de todo (y por qué deberíamos preocuparnos)” idatzi duenak, berarekin hizketan nintzela, azaldu zidan gezurra zela Udaberri Arabiarrean Twitter erabakigarria izan zelako ustea. Baieztapen hori egin zutenak, bai, Twitterren bidez izan zuten gertaeren berri eta horrexegatik iruditu zitzaien garrantzitsu izan zela Twitter, alegia, Mendebaldeko kazetari gehienak. Baina Twitter erabakigarria izan zela uste faltsua da. Benetan erabakigarri eta garrantzitsu izan omen ziren sakelako telefono zaharrak, jendeak erabili baitzituen mezuen bidez elkarretaratzeen berri emateko. Beraz, telefono linea, eta ez internet. Gainera, gizarte agitazio edo iraultza garaietan gobernu batek internet erraz moztu dezake, baina ez linea telefonikoen sarea. Bestalde, Udaberri Arabiarrean jendea izan zen garrantzitsu eta funtsezko, manifestariak, ekintzaileak, eta gehiengoak ez zuen ez telefonorik ez ezer. Oso arriskutsua iruditzen zait, beraz, esatea ziberaktibismoak salbatuko gaituela. Gero, sare sozialei buruzko beste uste faltsu bat da Facebook, Twitter eta halakoak identitatearen deuseztatzaile direla. Guztiz kontrakoa dira, hain zuzen, egiatan identitate finkatzaileak baitira; sare sozialetan idatzi edo ipintzen duzunak zure izatearen ideia bat ematen dio jendeari eta azkenean interneten sortu den irudi horren esklabo amaitzen duzu. Internet dela-eta, aipatzen duzu «hipsterrek» nahasten dituztela eskubide berdintasuna interneterako sarbide berdintasunarekin. Nahiko hedatuta dagoen nahasmena da hori. Bai, egun hedatu den beste uste faltsu horietako bat da. Liburuan Diplo DJ famatuaren kasua aipatu dut; estatubatuar zuria, zeinak faveletako gazteen musika hartu eta sanpleatzen duen. Diploren ustetan: «Nik internet daukat eta favelako mutikoak ere bai; beraz, berdinak gara». Baina errealitatea bestelakoa da: Diplo etxe batean bizi da (edo bi edo hirutan…) bere lagunak diskoetxeetan daude, publizista babesleak dauzka, pasaportea ere bai. Beraz, interneterako sarbideak ez gaitu ez sozialki ez ekonomikoki berdintzen. Internet dela-eta, oso kosmopolitak garelakoan gaude, baina nahiko «kosmopaleto» garelakoan nago ni. Uste baitugu kultura maila handia daukagula jatetxe indiarrean jateagatik, gay baten laguna izateagatik eta azken modan ibiltzeagatik, baina ez, horiek kontsumo ohiturak besterik ez dira. Berlinen urtebete igaro duzulako ere ez zara kultur maila jasoagokoa, ezta nik dakit zer talde ikusi izateagatik ere. Kultura faltsu bat da hori, egoera engainagarria da. Gainera, telebista fetitxizatu dugu. Gaur egungo telesailak hobeak dira, egia, baina “The Sopranos” ikustea ez da antzokian Shakespeare ziklo bat ikustea bezalakoa, diferentzia handia dago. Bestalde, telesailen edukia eta kalitatea edonolakoak direla ere, modako telesailen kontsumitzaile eta aditu izateak nagusitasun kulturala sorrarazten digu, eta, benetan, telebista ikusten ari zara, kulturalki ez zara inor baino gehiago. Zalantzan ipintzen ez diren dinamika kulturalak... Kezkatzekoak dira dinamika kultural hauek, ze denbora aurrera doa eta berdin-berdin erreproduzitzen dira. Hipsterismoak, hain justu kultura matxista, zuria, aberaskume-pijoen kultura erreproduzitzen du. Hipsterren kanon literarioan adibidez denak dira gizonak, zuriak eta anglosaxoiak; Franzen, Wallace... Espainian, Vila-Matas... Tira, kultura askotarikoa da, baina hipsterismoak kulturaren ideia zabaldu beharrean gehiago murriztu eta mugatu du. Kultur aldizkarietako langile gehienak kulturaren inguruan ideia eta jarrera berdintsuak dituzten gizonak dira. Nik bizitako hipster munduan, musika jaialdietan, diskoetxeetan, argitaletxeetan eta abar idazkaria eta promozio arduraduna emakumeak ziren; zuzendaritza postuetakoak, diru asko irabazten zutenak, beti denak gizonak. Inoiz ez zen sistema hori zalantzan jartzen. Harrigarria da. Egungo Mendebaldeko gizartearen ezaugarrietako bat da klase sortzailearen hedapena eta artea sortzeko bitartekoen demokratizazioa. Hori guztia ospatu beharrekoa da, zure ustez, baina ez horrek ekarri duen «ni-neu-nirea» epidemia. Alabaina, ez al du sortzaile orok sortzeko horrelako «ni-neu» dosirik behar? Gainera, Mendebaldeko artearen arlo guztien historia ofiziala zerbait bada, hain zuzen ere, talentu edo jenio indibidual eta maskulinoaren historia da. Bai, hala da, baina nik uste dut zalantzan ipini behar dela talentu indibidualaren ideia hori. Banakako talentu batek aurrera egiten du baldintza egokiak daudelako talentu hori ontzeko, lantzeko eta azaleratzeko. Ez da modu isolatuan nabarmentzen. Egitura eta baldintzek «ikusarazi» edo bultzatzen dute talentua. Gainera, eredu erromantikoaren araberako banakako jenioaren ideia horretatik dator gero nartzisismo kulturala, hipsterren munduaren beste oinarria. «Espainiako ‘hipster’ kulturaren ezaugarrietako bat da ez diola inoiz inongo arazorik sortu botereari. Punk taldeek, edota Euskal Rock Erradikalak aldiz, behin eta berriz izan zituzten arazoak» «Gazteak bultzatzen dituzte enpresa sortzaile izatera. Aldiz, ekintzailetza soziala sustatu nahi baduzu: «aaaa... hori beste kontu bat da» «Harrigarriena da ziberoptimismo hau politikari ezkertiarrek ere gustura hartu dutela, esanez ‘interneten sortuko dugu espazio bat non ezkerra eskuina baina indartsuago izango den’. Asko exajeratzen da»