Bidaiari

Duela 2.600 milioi urteko CRISPR edizio genetikoko tresnaren arbasoak berpiztu dituzte

Nature Microbiology zientzia-aldizkari ospetsuak Nazioarteko ikerketa-talde baten ikerketaren emaitza grantzitsuen berri eman du. Euren ustetan, emaitza horiek «edizio genetikorako bide berriak irekitzen dituzte».  

Duela 2.600 milioi urteko CRISPR edizio genetikoko tresnaren arbasoak berpiztu dituzte
Duela 2.600 milioi urteko CRISPR edizio genetikoko tresnaren arbasoak berpiztu dituzte (nanoGUNE)

Nazioarteko ikerketa-talde batek CRISPR-Cas sistema ezagunaren duela 2.600 milioi urteko arbasoak berreraiki ditu lehen aldiz, eta denboran zehar izan duten bilakaera aztertu du. Emaitzen arabera, biziberritutako sistemek funtzionatu egiten dute, eta, gainera, egungo bertsioak baino moldakorragoak dira eta aplikazio iraultzaileak izan ditzakete. Nature Microbiology zientzia-aldizkari ospetsuak ikerketa horren emaitzen berri eman du; ikertzaile-taldearen iritziz, emaitza horiek «edizio genetikorako bide berriak irekitzen dituzte».  

Proiektua CIC nanoGUNEko Ikerbasque ikertzaile Rául Pérez-Jimenezek zuzendu du, eta beste erakunde batzuetako zenbait taldek ere parte hartu dute, hala nola Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusia, Alacanteko Unibertsitatea, Gaixotasun Arraroen Sareko Ikerketa Biomedikoaren Zentroa (CIBERER), Ramón y Cajal-IRYCIS Ospitalea eta estatuko eta nazioarteko beste erakunde batzuk.

CRISPR akronimoa bakterioen eta arkeoen (organismo prokariotoak) DNAn dauden sekuentzia errepikakor batzuen izena da. Mikroorganismo horiek beren arbasoak infektatu dituzten birusen material genetikoaren zatiak gordetzen dituzte errepikapenen artean, eta, horri esker, infekzioa errepikatzen bada, inbaditzailea ezagutzeko eta hartatik defendatzeko aukera dute, errepikapen horiekin lotutako Cas proteinen bidez inbaditzaileen DNA ebakiz.

DNA editatzeko erabil daiteke

Defentsa antibiralaren mekanismo bat da (CRISPR-Cas sistema). DNA-sekuentziak ezagutzeko gaitasun hori da bere erabilgarritasunaren oinarria, guraize molekular bat balitz bezala jarduten baitu. CRISPR-Cas teknologiaren bidez, gaur egun material genetikoaren zatiak ebaki eta itsats daitezke edozein zelulatan, eta, beraz, teknologia hori DNA editatzeko erabil daiteke.

Gaur egungo ikerketaren helburu nagusia da CRISPR-Cas sistemen bertsio berriak aurkitzea, propietate desberdinekoak, planetako lekurik ezkutuenetan. Horretarako, muturreko inguruneetan bizi diren hainbat espezieren sistemak aztertzen dira, edo horiek aldatzeko diseinu molekularreko teknikak aplikatzen dira. Baina bada sistema berriak aurkitzeko modu erabat desberdina: iraganean bilatzea; eta hori da, hain zuzen ere, ikerketa honen oinarria.