Bidaiari

Durangoko Arte eta Historia Museoa, plan gomendagarria

Durangoko Arte eta Historia Museoa urtean zehar bisita daiteke, noski, baina urte hasiera ere egokia da familiarekin bertaratzeko. Leopoldo Zugazaren zuzendaritzapean zabaldu zituen lehen aldiz ateak 1986an.

Durangoko Museoko areto bat.
Durangoko Museoko areto bat. (DURANGOKO MUSEOA)

Etxezarreta jauregian kokatuta, Durangoko Arte eta Historia Museoak hasieran euskal arte garaikidearen bilduma bat zuen ikusgai, herriko historia eta etnografiaren inguruko bilduma. Ondoren, urteak aurrera egin ahala, gauza batzuk aldatuz joan dira gaur egun arte.

1995an, liburutegia Garai Jauregira lekualdatu zenez, aukera izan zuten aldi baterako erakuskea aretoa gehitzeko, eta, gainera, aurretik Ezkurdiko Kultura Aretoetan egiten ziren erakusketak bertan atontzen hasi ziren.

2018an lanak egin ziren eraikinaren segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzeko eta, harrez geroztik, museoak honako eraketa du: Lehen solairuan, herriko historiaren aretoa dago, non hiribilduaren historia ikus daitekeen historiaurretik gaur egunera arte. Beheko solairuan eta bigarrenean, berriz, aldi baterako erakusketa-aretoak daude. Gai artistikoak nahiz historikoak jorratzen dituzte, tokiko izaera alde batera utzi gabe. Azken urteotan Picasso, Chillida, Dalí eta Dürerren lanak izan dira ikusgai. Eta hirugarren solairuan, azkenik, euskal arte garaikidearen bilduma dago, besteak beste, Zumeta, Balerdi, Herrero eta Zubiaurre artisten obrekin.

Museoak doako eta publiko guztiarentzako tailerrak, ikastaroak, hitzaldiak, bisita gidatuak eta abar eskaintzen ditu urte osoan zehar, hezkuntzaren eta zabalkundearen aldeko apustua egin baitu azken urteotan. Helburua du kultura herritar guztiei transmititzen zaiela bermatzea.

Orain bi urte 17.681 bisitari izan zituen museoak eta gehien bisitatu den erakusketa ‘Durangoko begirada inpresionista bat’ izan zen, Dario de Regoyosena. 3.292 bisitari izan zituen.

Ordutegia

Asteartetik ostiralera: 11:00-13:30 / 16:30-20:00 
Larunbatak: 11:00-14:00 / 17:00-20:00 
Igande eta jaiegunak: 11:00-14:00. 
Astelehenak: itxita