Bidaiari

Uraren Museoa, espazio interaktiboa

Arabako hego mendebaldean, Sobron herrian, Uraren Museoa dago. Proiektu berritzailea da, teknologia modernoek eta simulazioek aldi berean ikastea eta dibertitzea ahalbidetzen duten espazio interaktibo gisa sortua.

Museoaren sarrera.
Museoaren sarrera. (Ur Museoa)

Uraren Museoak haurrak eta adinekoak hezteko eta sentsibilizatzeko tresna baliotsua izan nahi du, baliabide naturalak kontserbatzeko, ingurumena hobetzeko eta ura arduraz kontsumitzeko.

Erakusketa gunea ingurune natural pribilegiatu batean dago kokatuta, zeinaren historia urak markatzen duen. Ebro ibaiaren hurbiltasunak eragina izan du, zalantzarik gabe, bere izaera eta orografiarengan. Eta ezin ahaztu, gainera, bertako bainuetxe zaharreko ur sendagarrien propietateak. Vichy espainiarra bezala ezagutua, oso preziatua izan zen XIX. mendean zehar eta XX. mendearen hasieran.

“Ur bizia”,“Sendatzen duen ura”...

Uraren Museoak bost arlo tematiko eskaintzen dizkie bisitariei. Lehena “Ur bizia” da, uraren munduan sartzera gonbidatzen duena, uraren egoera desberdinekin lotutako ikusmen- eta entzumen-sentsazio harrigarrien bidez. Bigarrena “Uraren zientzia” espazioa da, zeinean bisitariak era errazean ulertzen duen uraren eta bizitzaren arteko lotura estua, haren jatorria, osaera, portaera eta ezaugarriak.

“Sendatzen duen ura” da hirugarren gaia. Historian zehar urari egotzitako funtzio terapeutikoak eta erlijio ezberdinetan izan duen garrantzia deskubritzen dira espazio honetan. Laugarren arloa, berriz, “Ura eta ingurumena’ da. Ingurumenaren errespetua oinarritzat duen filosofiarekin bat etorriz, planetarekin jasanberak diren garapen-ereduek eta uraren kontsumoa aurrezteko eta murrizteko praktikek leku berezia dute. Gune honen amaieran, bisitaria tunel batean sartu ahal izango da uraren zikloa sentitzeko.

Eta, azkenik, “Pentsatzen duen ura” espazioa dago. Bisitaria giza buru   erraldoi batean sartu ahal izango da eta buru horren barruan proiektatuko dira urak oinarrizko funtzio biologikoetan duen garrantziari buruzko irudi eta mezuak.