Bidaiari

Eiffela, jatorrizkoarekin batera Parisen

Eiffel dorrearen erreplika bat, jatorrizko modeloa baino hamar aldiz txikiagoa, Parisko Marteren Zelaietan jarri zen larunbat honetan. Eiffela apirilaren 10era arte egongo da ikusgai.

33 metroko altuera eta 32 tonako pisua du Eiffelak.
33 metroko altuera eta 32 tonako pisua du Eiffelak. (Stephane DE SAKUTIN | AFP)

Apirilaren 1etik aurrera, Parisera doan edonork Eiffel dorre biren ondoan argazkiak atera ahal izango ditu. Estatu frantsesko hiriburuko sinboloaren erreplika bat, jatorrizko modeloa baino hamar aldiz txikiagoa, Parisko Marteren Zelaietan jarri zuten larunbat honetan.

Ahizpa gazteagoa da, baina ez hainbeste: 33 metroko altuera eta 32 tonako pisua du, eta Eiffela da aukeratu duten izena Parisko dorre ospetsuaren antzera sortutako eraikin honetarako.

Larunbatean, jatorrizkoaren inguruan instalatu zutela iragarri zuen Pariseko Udalak Twitterren, mezu honekin: «Ez kezkatu, ondo ikusten ari zarete».

Egitura Philippe Maindron ekitaldi-agentziako zuzendariaren ideia batetik abiatuta sortu zen, eta enpresak 32 tonako erreplika hau eraikitzeko Paris hiriaren beharrezko baimen guztiak lortu ditu.

Normalean, enpresak mintegietarako eta bestelako jaialdietarako alokatzen die egitura enpresei. Duela urte batzuk Vendée-n Eiffel minitorre hau eraiki zenetik, agentziaren jabeak burdinazko dama paristar handiaren oinetan instalatzea zuen amets. Orain lortu du. Eiffel dorrearen kopia apirilaren 10era arte egongo da ikusgai, ‘Le Parisien’ egunkariaren arabera.

Hala ere, bere instalazioa ez da mundu guztiaren gustukoa izan, batez ere Marteren Zelaiaren Lagunen elkarteko kideentzat, bertan kultur, kirol eta bestelako ekitaldiak egiten direla ikusten baitute. «Azken egun hauetan hasi dira parkeko kalexkak hartu dituzten kamioiak sartzen. Aberrazio berri bat da berez hauskorrak diren kalezulo hauentzat», azaldu dio AFP agentziari Jean-Sébastien Baschetek, elkarteko kideak.