Bidaiari

New Yorken, 50 mural Hip-Hoparen mende erdia ospatzeko

Hip Hop mugimenduak aurten 50 urte betetzen dituela eta, New York-eko agintariek erabaki dute ospakizuna era berezian egitea, zehazki, kaleak margotuz. Hiru hilabete iraungo du egitasmo koloretsuak.

Hip Hop mugimenduak aurten 50 urte bete ditu.
Hip Hop mugimenduak aurten 50 urte bete ditu. (GETTY)

New Yorkeko Udalak iragarri du hiri osoan zehar 50 mural berri sortzeko proiektua, hip-hoparen jaiotzaren mende erdia ospatzeko. LISA Project irabazi-asmorik gabeko erakunde artistikoak dagoeneko aukeratuko ditu artistak eta lanak uztaila eta iraila bitartean margotuko dira. Beraz, hiru hilabetez arituko dira kaleko paretak margotzen.

«Graffitiaren artearen berezitasunaren bidez, gure helburua da, batez ere, hip-hoparen aitzindariei omenaldia egitea, omenaldi berezia; gainera, ikusten dituzten guztien bihotzetan eta buruetan inpaktu iraunkorra uzten duten esperientzia murgiltzaileak sortuko ditugu, edo hori da behintzat gure asmoa», azaldu du Wayne Rada LISA Projecteko zuzendari exekutiboak.

Undergroundetik herri kulturaren erdigunera

New Yorkek hip-hoparen 50. urteurrena ospatzen du aurten. Jakina denez, hirian –zehazki, Bronx-en– jaiotako musika estiloa eta mugimendua da, undergroundetik herri kulturaren erdigunera arrakastaz igaro dena.

«Hip-hopa Bronxeko hegoaldean jaio zenean, ahotsa eman zien ez zutenei», adierazi du Eric Adams alkateak, eta gogoratu du, jarraian, ahots horrek ez zuela soilik erritmo eta errimen forma hartu, baita kaleko arte batena ere, «New York apaindu eta inspiratu zuena», hain zuzen ere.

Egitasmo koloretsu eta alaian parte hartuko duten artisten artean John “Crash” Matos grafitigile newyorktarra eta Marie Flageul arte mota honetan aditua daude, besteak beste. Hala ere, hamaika dira hiriko kaleak apaintzeko aukeratutako artistak, mota, adin eta jatorri askotarikoak.