Guggenheim bisitatzeko beste aitzakia: Yayoi Kusamaren erakusketa
Guggenheim museoak bertakoen zein kanpokoen bisitak jasoko ditu udan zehar, ikusmin handia eragin baitu ekainaren bukaeran zabaldutako erakusketak, Yayoi Kusamaren “1945etik gaurdaino” izenekoak, alegia.
Yayoi Kusama artista japoniarraren margolanak, marrazkiak, eskulturak, instalazioak eta bere performanceen inguruko hedabideen artxiboak urriaren 8ra arte izango dira ikusgai Bilboko Guggenheim Museoan.
Hong Kongeko M+ museoarekin lankidetzan Bilboko museoak antolatutako erakusketa gaika banatuta dago, lehenengo aldiz. Honako hauek dira landutako gaiak: infinitua, metaketa, konektibitate erradikala, alderdi biokosmikoa, heriotza eta bizitzaren energia; bakoitza areto batean bereiztuta.
Barne gatazkak
XX. eta XXI. mendeetan zeresan handia eman duen artista da Yayoi Kusama; etengabe sortzen aritu da zazpi hamarkadetan zehar, sentimenduak eta barne gatazkak adierazteko bide berriak bilatuz.
Erakusketaren bidez artistaren ibilbidea bete betean islatzen saiatu dira antolatzaileak. Komisarioa Lucia Aguirre izan da, zeinak aurkezpen ekitaldian aitortu zuen asko pozten dela «benetako Kusama» erakusteko aukera izan duelako. Askotan isilarazten saiatu diren arren, Kusama bere artea defendatzen aritu da etengabe eta gelditu gabe sortzen jarraitu du, artea «sendagaia» dela adierazi nahian beti.
Kusamaren artea «paregabea» dela azpimarratu nahi izan dute, oso modu trebean lotzen dituelako bere barne gatazkak, izandako bizipenak eta bere «unibertso infinitua».
Yayoi Kusamarena M+ Museoarekin egindako lehenengo lankidetza izan da. Guggeneheimeko zuzendari Juan Ignacio Vidarteren hitzetan, horrelako artista baten lanak jasotzea plazer bat izan da, baita Hong Kongeko museoarekin elkarlanean aritzea ere.
Gainera, erakusketa hirian ezagutzera emateko, museoaren urmaelean Kusamaren orban gorriak ikus daitezke; artistaren ezaugarri nabarienetakoa, alegia.