Bidaiari

Wight uhartean, ankilosauro espezie berria

125 milioi urte dituen ankilosauro espezie berri baten hondakin fosilak identifikatu dituzte Britainia Handiko Wight uhartean. Ingalaterrako hegoaldean dagoen irla aproposa da antzinako animalien fosil eta hezurdurak topatzeko. Hondakinak 90ko hamarkadan induskatu ziren, eta orduan hasi zuten ikerketa.

‘Vectipelta barretti’ espezieko ankilosauroaren irudikapena.
‘Vectipelta barretti’ espezieko ankilosauroaren irudikapena. (tu POND)

Ingalaterra hegoaldeko kostaldearen parean dagoen uharte txikia Europako lekurik onenetakoa da antzinako animalia horien hondakinak aurkitzeko, eta denetarik dago bertan; sauropodo belarjale itzeletatik eta espinosauro harrapari erraldoietatik hasi eta orein eta harrapari txikien antzeko belarjale txikietaraino.

Baina ankilosauroa bezalako korazadun dinosauroen hondarrak nahiko apalak izan dira, eta orain arte Polacanthus izeneko espezie bakarra ageri da. Espezie berri honen aurkikuntza ‘Journal of Systematic Paleontology’-n argitaratu da.

Natural History Museumeko (NHM) dinosauroetan aditua den Paul Barrett irakaslearen omenez, deskribatu berri den ankilosauroa Vectipelta barretti deitu dute.

«90eko hamarkadaren hasieran induskatu zuten ankilosauroa, eta Dinosauroen Uharteko Museora eraman genuen, bertan hasi baikinen harekin lanean», azaldu du Stu Pondek, dinosauro berriari buruzko ikerketa zuzendu duen zientzialariak.

Ankilosauroak landarejale handiak ziren, hanka motz eta gorputz zabala zutenak. Stegosaurus motako animaliekin lotuta, hezur-armadurako plaka handiekin eta ziekin estalita zeuden, eta horrek, ziurrenik, goseak zeuden harrapariengandik defendatzen lagundu zien.

Behe Kretazeoan

Ankilosauro berria duela 125 milioi urte inguru kokatzen dute, Behe Kretazeoan. Une hartan, Europa ez zen lur masa bakar bat, baizik eta uharte sail bat, itsaso subtopiko batean sakabanatua. Uharte horietako batek Ingalaterrako hegoaldea eta Wight uhartea hartuko zituen. Klima gaur egungo Mediterraneoaren antzekoa izango zen, uhartea konifero eta iratze baso hezez estalita baitzegoen.