Bidaiari

Durforteko mamutaren eskeletoa, zaharberrituta

Durforteko mamutaren hezurdura, duela milioi bat urte inguru desagertutako espezie baten ale aparta, Parisko Natur Historiaren Museoan (MNHN) dago ikusgai, zaharberritze prozesu luze baten ondoren.

Durforteko mamutaren hezurdura.
Durforteko mamutaren hezurdura. (G. VAN DER HASSELT | AFP)

Paleontologia eta Anatomia Konparatuaren Galeriako lurrean, fosil handi eta txikiei eskainitako aretoan, mamuta da nagusi Parisko Natur Historiaren Museoan (MNHN). Burdin beltzezko kortse handi batek eutsita, ongietorria ematen dio bisitariari.

Hantxe dago 1869an bi lagunek Durfortetik gertu aurkitutako pieza baliagarria. Gard-eko bidetik zihoazen gurdi gainean eta zanga batean hodi zatia ikusi zuten. Hortz eho bat zen. 1870eko Gerraren ondorioz, indusketak eten eta eskeletoa bi urtez egon zen bertan.

Piezaren azken istorioa museoan egin zuen egonaldiaren garaikoa da. 1898an jendaurrean aurkeztu zuten, baina kutsadurak, ikatz-berokuntzak eta bisitarien jarrera desegokiek eskeletoa hondatu zuten. Egoera tamalgarria ikusita, “salbatzea” erabaki zuten eta, gainera, zaharberritzeak sorpresa batzuk izan zituen, kontatu du Bruno Davidek.

«Aberrazio anatomikoak»

Zenbait hamarkadatan zehar, igeltsua eta egurra, argizariak eta bernizak erabili dira era desegokian, zaharberritzeko proiektuaz arduratzen den Catherine Crocq adituaren ustetan.

«Gure lanbidea ikusezina da eta gure lanaren emaitzak ikusezinak izan behar dute», aitortu du Davidek, zeinak egurrezko saihets batzuk mantendu arren, aurreko zaharberritze prozesuetan egindako “aberrazio anatomikoak” zuzentzea erabaki duen, hala nola lepoaren neurria (luzeegia) edo buztanaren kurbadura.

Hiru urtez lanean aritu ziren teknikariek mamutaren jatorria ere aztertu zuten. Duela 800.000 eta 1,2 milioi urte artean bizi izan zela baino ez dakigu, ekarri du gogora Rodolis Debruyn MNHNko paleogenetikoak.

Orain, esan bezala, Durforteko mamutaren hezurdura Parisko Natur Historiaren Museoan dago, bisitarien gozamenerako.