“Euskal Irudigileak 20 urte” erakusketa Mexikon ere izango da ikusgai
“Euskal Irudigileak 20 urte”. Horixe da Euskal Irudigileak elkarteak bete berri dituen 20 urteak ospatzeko antolatu duen erakusketa. Lehen parada Bizkaiko Batzar Nagusietan izango da eta, ondoren, Donostian eta Mexikon ikusi ahal izango dira Euskadiko Ilustratzaileen Elkarteko kideen artelanak.
Euskal Irudigileak elkarteak 20 urte bete ditu eta, urtemuga ospatzeko, “Euskal Irudigileak 20 urte” izango da ikusgai irailaren 7tik 28ra, Bizkaiko Batzar Nagusietan, Bilbon. Euskadiko Ilustratzaileen Elkarteko kideek egindako 173 artelan bilduko ditu, horietako ia 50 jatorrizkoak.
Erakusketak Euskal Irudigileak elkarteko kide bakoitzaren lan bat biltzen du, azken bi hamarkadetan profesional horiek beren lana egin duten arloen begirada orokorra eskainiz.
Antolatzaileek aurkezpen agerraldian azaldu dutenez, aurten eta datorren urtean Donostiara, Guadalajarara (Mexiko), Gasteizera eta Iruñera eramango den erakusketa ibiltariaren helburuak dira euskal ilustratzaileen lana ezagutaraztea, artisten belaunaldi desberdinentzako topagune izatea eta sektorearen indarra azpimarratzea toki eta nazioarte mailan.
«Ahotsen aniztasuna»
Gainera, sektorea osatzen duten «ahotsen aniztasuna» erakutsi nahi du erakusketak, «protagonistak anonimotasunetik kanporatuz eta euren sorkuntza lanen inguruan egokitzen ari diren sormen eremuak azalduz». Horren bidez, elkarteak bere 20 urteetan izan dituen mugarriak eta sektoreak bizi izan dituen aldaketa nagusiak azaldu nahi dira.
Azkenik, Euskal Irudigileak elkartearen 20. urteurrena dela eta, elkarteko presidente guztiek kolektiboaren historia errepasatzen duen liburua argitaratu da, eta protagonisten iritziak ezagutarazteko hiru saiotan banatutako podcasta egin da.