Bidaiari

‘Katalina Erauso, Moja alfereza’ artelana, São Pauloko Biurtekoan

‘Katalina Erausoren erretratua, Moja alfereza’ artelana “Choreographies of the imposible” izenburupean São Paulon ospatzen ari den Biurtekoan parte hartzen ari da, Etxepare Euskal Institutuak bultzatutako Zabal programari esker.

Katalina Erauso.
Katalina Erauso. (Euskal Museoa)

«Amerikako kontinenteko eta munduko biurtekorik garrantzitsuenean hartuko du parte artelanak», adierazi du, pozik, Etxeparek, ‘Katalina Erausoren erretratua, Moja alfereza’ artelana izango baita euskal ordezkaria Sao Pauloko Biurtekoan.

Topaketen 35. edizioko lau komisarioetatik hiruk –Manuel Borja-Villel, Diane Lima eta Hélio Menezes– Juan van der Hamen artistaren obra ezagutu ahal izan zuten iaz, Zabal programaren barruan Euskal Herrira egindako bisitan.

“Ahots bat Erausorentzat”

“Ahots bat Erausorentzat. Trans garai baterako epilogoa” erakusketaren parte zen erretratua. Cabello/Carceller talde artistikoaren (Helena Cabello eta Ana Carceller) lana erakusten zuen Bilboko-Alhondigan, Paul B. Preciadoren komisariotzapean.

Juan van der Hamenek 1625 eta 1628 urte bitartean egin zion erretratua Catalina de Erausori, Espainiako Itsas Armadako alferez gisa jantzita. Gaur gaur Kutxa Fundazioko bildumaren lan erreferentzialenetako bat da. Bilduma horrek 5.500 lan baino gehiago biltzen ditu, eta Gipuzkoako lurraldearekin zerikusirik duten artea eta artistak kontserbatu, ikertu eta zabaltzea du helburu.

Etxepare Institututik gogorarazi dutenez, Erauso Donostian jaio zen 1592an, emakumezkoen sexua eman zioten eta izena, berriz, Katalina. Sarritan, “Moja alfereza” bezala ezagunagoa da, neurri batean bere autobiografiari esker. Bertan komentutik “gizon gisa jantzita” ihes egin zuen neska gazte baten abenturak kontatu zituen, gero soldadu eta merkatari gisa Espainiako inperioak kolonizatutako lurretan ibili zena, Txiletik Mexikoraino.

Zabal ekimenaren emaitzak

Katalina Erausoren erretratuaren artelana São Pauloko Bienalean egotea Zabal ekimenaren bidez egindako lanaren emaitza da. 2022an June Crespo gonbidatu zuten Veneziako Bienalean parte hartzera, eta Consonni, Bilboko argitaletxe eta kultur gune independentea, Kasselen-go Documenta 15 nazioarteko erakusketan egon zen.

Etxepare Euskal Institutuak 2019an jarri zuen abian Zabal ekimena, euskal kulturaren eta euskal artisten nazioarteko proiekzioa bultzatzeko helburuarekin.