Bidaiari

Udazkeneko Mendi Tour zirkuitua, 16 saiorekin

Urnietako Sarobe Arte Eszenikoen Gunean abiatuko da udazkeneko Mendi Tour zirkuitua irailaren 21ean eta, orotara, 17 emanaldi eskainiko ditu azaroaren 18ra bitarte. Ondoren, abenduan, BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldiaren 16. edizioa izango da.

Urnietako hitzorduaren kartela.
Urnietako hitzorduaren kartela. (Mendi Tour)

Urnietaren ondoren, Bilbo-Basurto, Teruel, Getaria, Madril, Leon, Salamanca, Sopela, Santa Brigida eta Markina-Xemeinera helduko da Mendi Tour urrian, eta Elgoibar, Santander, Torrelavega, Basauri, Palencia, Errenteria eta Potesera azaroan.

Azken saioaren ondoren helduko da BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldiaren 16. edizioa, abenduaren 8tik 17ra, eta bertan aurkeztuko eta estreinatuko diren filmekin osatuko da Mendi Tour zirkuituaren denboraldi berriaren katalogoa.

Gauzak horrela, mendia, abentura, muturreko kirolak eta natura gaiak jorratzen dituen zinemagintzarik onenaren eskaintza Espainia osora zabaltzen da Euskal Herritik abiatuta», nabarmendu dute.

Mendia protagonista duten zein bestelako istorioak kontatzeko aitzakia eta testuingurutzat erabiltzen duten nazioarteko proiektu bikainenak biltzen ditu Bilbok urtero abenduko lehen hamabostaldian, eta haien egile zein bultzatzaileentzat topagune ezin aproposagoa bilakatu da Bizkaiko hiriburua, emanaldiez gain, hitzaldiak, eztabaidak eta orotariko ekitaldiak antolatzen baitituzte.

Abenduaren 9tik 18ra bitartean ospatu zuten 2022ko BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldia, hamabosgarrena, eta ohi bezala, mendiarekin erlazionatuta dauden gaiak jorratu dituzten filmak jarri zituzten lehian.  Bada, urtero legez, behin festibala bukatuta, Mendi Filmen ikusgai izan diren lan onenak herriz herri ari dira erakusten urte osoan zehar. 2023ko Mendi Tour ziklo ibiltaria abian da urtarrilaz geroztik, eta dagoeneko 34 geldialdi egin ditu, 10.800 ikus-entzule inguru batuz.

Udazkeneko hitzorduak

Lehen seihilekoa pasata, emanaldi andana dituzte udazkenerako hitzartuta:

    Irailak 21: Urnieta (Gipuzkoa)
    Urriak 4: Basurto (Bilbo, Bizkaia)
    Urriak 15: Getaria (Gipuzkoa
    Urriak 16-17-18-19: Madril (Madril)
    Urriak 17-19: Salamanca (Gaztela eta Leon)
    Urriak 20: Sopela eta Santa Brígida (Kanaria Handia)
    Urriak 29: Markina-Xemein (Bizkaia)
    Azaroak 3: Elgoibar (Gipuzkoa)
    Azaroak 6-7: Santander (Kantabria)
    Azaroak 9-10: Errenteria (Gipuzkoa)
    Azaroak 14: Torrelavega (Kantabria)
    Azaroak 14: Basauri (Bizkaia)
    Azaroak 16: Palentzia (Gaztela eta Leon)
    Azaroak 17-18: Potes (Kantabria)