Bidaiari

Lurzoruaren degradazioa urtean 50.000 milioi euro kostatzen zaio Europar Batasunari

Lurzoruaren degradazioa urtean 112 euro kostatzen zaio europar bakoitzari. Nekazaritzaren Nazioarteko Eguneko datua da, Lurzorua Salba Dezagun elkarteak emana. Gaur egun eskala handian egiten den nekazaritzak «ondorio ikaragarriak» ditu planetarentzat, «neurririk gabe erabiltzen baititu kimikoak».

Puy Saint Martin herriko eguzki-loreak, beroaren ondorioz kaltetuta.
Puy Saint Martin herriko eguzki-loreak, beroaren ondorioz kaltetuta. (Jeff PACHOUD | AFP)

Europar bakoitzak 112 euro ordaindu behar ditu urtero lurzoruaren degradazioaren eraginez. Orotara, 50.000 milioi euro dira Europar Batasunean. Lurzorua Salba Dezagun (Save Soil) antolakundeak eman du datua, Nekazaritzaren Nazioarteko Egunaren harira.

Praveena Sridhar elkarteko zuzendariak azaldu duenez, lurzorua degradatzeko «arrazoi nagusia biziduna dela ez ohartzea da». Elikadura segurtasuna lortzeko saiakeran, «landareak dituen bitarteko bizigabe gisa tratatu da lurzorua».

Esplikatu duenez, eskala handiko nekazaritzak neurririk gabe erabiltzen dituen substantzia kimikoek lurzorua pobretzen dute. Gainera, elikagaietan eragiten dute eta, beraz, «pertsonen osasunean arazo larri eta ikusezinak» sortzen dituzte.

Lurzoru degradatu eta urriek mantenugaietan eragiten dute, eta «nutriente eskaseko landareak ekoizten dituzte». Horiek osasun arazo larriak ekartzen dituzte, «gose ezkutua» bezala ezagutzen direnak, FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundearen arabera.

Lurzorua Salba Dezagun mundu mailako mugimenduak azaldu duenez, lurzoruaren higadurak eta materia organiko faltak bioaniztasuna, ura, hezetasuna eta elikagaiak galtzea dakar, baita milioika pertsonaren bizibidea ere.

Klima larrialdiak egoera hori okertzen du, laborantza kolpatzen baitu idorte luzeekin eta ohiz kanpoko uholdeekin.

Konponbiderako proposamenak

Sridharren iritziz, hamarkadatan degradatutako lurzoruari bizia itzultzeko konponbidea «kudeaketa jasangarria» lortzea da. Horretarako oinarriak sinpleak dira, hala nola, lurzorua eguzkiaren edo elurraren eraginpean zuzenean ez jartzea.

«Lurra itzalpean eduki» behar da, hau da, landareen hostoen azpian edo zuhaizpean. «Landare eta animalien hondakinak lurrera itzultzea» ere funtsezkoa da. Azken hauek lurzoru degradatuek galdua izan dezaketen mikrobio-flora ematen dute. Landare hondarrak, aldiz, mikrobio-florak bizitzeko behar duen elikagaia dira.

Bestalde, lurzoruaren kapen esposizioa gutxitu behar da, «laborantza gutxituz».

Adituak defendatu duenez, aipatutako lau printzipioak aplikatuz, lurzoruaren materia organikoa handituko litzateke eta horrek bizitzara itzultzeko bidea emanen luke, lurzoru-elikadura prozesua berriro hasiz.

Materia organikoaren %3-6 berreskuratzeko xedea

Nekazal lurretan materia organikoa hobetzeko lan eginez, Europar Batasunak nekazal sektorearen produkzioa handitu dezakeela azpimarratu du Sridharrek.  Gainera, ongarrietan gutxiago gastatuko luke, «EBri 50.000 milioi euroko dirutza kostatzen baitzaio urtero degratatutako lurzorua».

Lurzoruaren erosioaren ondorioz, nekazal lurren ekoizpena urtero 1,25 bilioi euro murrizten dela erantsi du. Horregatik, materia organikoaren %3-6 berreskuratzeak kostu horiek gutxitzea ekarriko luke.

Lurzorua leheneratzeko beharko den denboran aldagai ugarik du zerikusia, lurzoru motak eta bertan egin den lanak kasu. Baina lurzoruak «azkar» erantzuten duela eta urtebetean hobekuntza sumatzen dela baieztatu du aditu honek.