Bidaiari

Barbadun ibaiaren inguruko burdinola eta errotak ezagutzeko ibilaldia

Enkarterrietako Museoak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek antolatutako “Barbadun ibaiaren arroan kokatutako burdinola, errota eta torretxeetan zehar ibilaldia” urriaren 29an izango da. Helburu nagusia du industria-iraultzari eta Enkarterri zeharkatzen duen ibaiaren arroari lotutako aztarnei balioa ematea.

Pobaleko burdinola.
Pobaleko burdinola. (Marisol Ramirez | FOKU)

Batzar Nagusietatik jakitera eman dutenez, “Barbadun ibaiaren arroan kokatutako burdinola, errota eta torretxeetan zehar ibilaldia” jarduera kulturala da, Enkarterriko ondare ezezaguna azalarazi nahi duena. XV. mendetik aurrera Barbadun ibaiaren ertzetan eta ibaiadarretan eraiki ziren burdinolak nahi ditu eman ezagutzera, «Bizkaiko garapen industriala bultzatu zutenak».

Bi taldetan banatuta

Martxa Muskizetik abiatuko da bi taldetan banatuta; lehenengoa goizeko bederatzietan hasiko da eta bigarrena, ordu erdi geroago. Museoko langileak ibilbideko hainbat puntutan egongo dira, ibilbidean zehar ikusiko diren burdinola batzuei buruzko datu nagusiak modu didaktikoan azaltzeko.

Geldialdirik garrantzitsuena El Pobalen egingo da. Parte-hartzaileek Bizkaian ongien kontserbatzen den burdinola ikusi ahal izango dute. Baina ibilbidean zehar hainbat interesgune izango dira, besteak beste, oso ezagunak ez diren Barbadun arroko burdinola eta erroten aztarnak.

Burdinazko mendien Bide Berdea, Loizagako Santiago baseliza (Galdames), Loizaga Dorrearen ondoan dagoena, Enkarterrietako Museoak eta Abellanedako Juntetxeak osatzen duten monumentu multzoa ere iikusiko du ibiltariak. Artegiren magaletatik iritsiko dira bertara.

Ibilbideak bi hornidura izango ditu Galdamesko: Santiago baselizan eta museoan bertan. Bertatik autobus batek abiapuntura itzuliko ditu parte-hartzaileak.