Urriko Azken Asteleheneko Azoka, aitzakia egokia Gernika bisitatzeko
Jakina da Gernikako Urriko Azken Asteleheneko Azokak ehunka lagun biltzen dituela urtero, bai herritarrak, baita kanpokoak ere. Beraz, urriaren 30eko hitzordua aitzakia aproposa da azokaz gozatzeko, baina baita herriak eskaintzen dituen hamaika gune interesgarri bisitatzeko ere.
Urtero Gernikan egiten den Urriko Azken Asteleheneko Azokak 307 saltoki izango ditu aurten, gehienak Artekale kalean (66), baina baita beste tokitan ere, honako hauetan, besteak beste: Pasealekuan (50), Industria kalean (42), Juan Calzada kalean (30), San Juan kalean (32), Domingo Alegria kalean (20) eta Santa Ana aparkalekuan (40).
Udal arduradunek jakinarazi dutenez, 50 artisau-saltoki izango dira, eta 39 gaztagileenak. Bbisitariak honako hauek aurkituko ditu: Euskal ogia eta pastela (29), barazkiak (25), hainbat produktu (20), txakolina (18), kontserbak (12), eztia (10), makineria (9), ahatearekin egindako produktuak (7), sagardoa (7), frutak eta landareak (6), esnekiak (5) eta erroskillak (5).
Kaleak, sailkatuta
Kalez kale, Pasealekuan artisauak kokatuko dira; Industria kalean, gazta eta ogien saltokiak; Artekalen, txakolina, eztia, landareak, sagardoa, gazta eta esnekiak salgai dituztenak; Juan Calzadan, barazki, fruta eta makineriarenak; Domingo Alegrian, pate, kontserba, ezti, txokolate eta artisau garagardoarenak; San Juanen, askotariko produktuenak eta Santa Ana aparkalekuan, berriz, saltzaile ibiltariak.
Lehiaketa ere egingo da, barazki, fruta, landare apaingarri, txakolina, ezti eta gazta sailetan, eta euskal nekazaritzaren sektoreko teknikari kontrastatuek osatuko dute epaimahaia.
Antolatzaileek azaldu dutenez, ospakizun jendetsua dela eta, udalerriko kale batzuetan trafiko mozketak izango dira, eta horrek inguruko kaleetatik desbideratzea eragingo du. Horrela, San Juan kalea urriaren 27tik 31ra itxiko da, eta Artekale eta Juan Calzada kaleak, berriz, urriaren 28tik azaroaren 2ra.