Bidaiari

‘World Cheese Awards’ txapelketan, Idiazabal Jatorri Izendapeneko gaztandegik 23 domina

Idiazabal Jatorri Izendapeneko gaztandegiek urrezko lau domina, zilarrezko bederatzi eta brontzezko hamar lortu dituzte, Norvegian ospatutako ‘World Cheese Awards’-eko 35. edizioan. Guztira, 23 gaztandegi saritu dituzte, Idiazabal Jatorri Deiturak iragarri duenez.

Idiziabal gazta.
Idiziabal gazta. (Maialen Andres | FOKU)

«Nazioarteko arrakasta izugarria lortu dute» mundu mailan izen handia duen ‘World Cheese Awards’ sarietan Idiazabal Jatorri Izendapeneko gaztandegiek, guztira, 23 domina lortuz. Albiste ona izan da, Idiazabal Jatorri Deiturak argitaratutako oharraren arabera, «haien kalitate handia egiaztatu eta nazioartean gure gazten izen ona eta prestigioa zabaltzen lagunduko duelako».

Idiazabal Jatorri Deiturako bulegoak azaldu duenez, urriaren 27 eta 28an ospatu zen Norvegian mundu mailako gazta lehiaketa ezaguna. Bertan biltzen dira «mundu osoko gaztagileak, minoristak, erosleak eta komentarista gastronomikoak». 4.000 gazta aurkezten dira, 40 herrialdetakoak.

«Hainbat herrialdetako dastatzaileek hartu zuten erabakia, epaimahaia munduko hainbat tokitako adituez osatuta baitago. Haiek aukeratzen dute urteko gaztarik onena. «Horien artean, gure 23 saridunak nabarmendu dira, eta horrek are garrantzi handiagoa ematen dio sariari», azpimarratu du Idiazabal Jatorri Deiturak.

Kalitate handikoak

«Aurten ere, Idiazabal JIBko gaztak munduko onenen artean sarituak izan dira, haien kalitate handia egiaztatuz eta nazioartean gure gazten izen ona eta prestigioa zabaltzen lagunduz», gaineratu du.

Honako hauek dira urrezko domina lortu duten Idiazabal Jatorri Izendapeneko gaztandegien izenak: Buruaga Arditegia, Jose Inazio Ugartemendia, La Leze eta Xabier Azumendi.