Bidaiari

Tolosa, babarrunzaleen topagune

Babarrunaren Festa ospatuko da Tolosan, azaroaren 18an. Aurten ere, hitzordu gastronomikoaren helburu nagusia izango da ekoizleen lana balioan jartzea eta, jakina, ospakizuna jai giroan igarotzea.

Babarrunak izango dira protagonista nagusi Tolosan.
Babarrunak izango dira protagonista nagusi Tolosan. (Idoia Zabaleta | FOKU)

Babarrunaren Festak eta Euskal Jaiak bat egingo dute Tolosan, azaroaren 18an, Tolosako Udalak, Eliker Zentroak, Tolosako Babarruna Elkarteak, Tolosako Babarrun Kofradiak eta Gure Kaiola elkarte gastronomikoak elkarlanean antolatuta.

Ekoizleen lana balioan jartzea da ospakizun honen helburu nagusia, festa gozatzearekin batera, eta hori nabarmendu nahi izan dute Udaletxetik: «Kontsumo ohiturak azkar aldatuz doazen honetan, gero eta beharrezkoagoa dugu gure kultura gastronomikoaren eta identitatearen parte den Tolosako babarruna, eta honekin batera dastatzen ditugun bertako produktuak aldarrikatzea eta etxe guztietan presentzia izan dezaten eragitea».

«Baina baita produktu horiek gure mahaietara iristea ahalbidetzen duten ekoizleen lana azpimarratzea eta euren lana balioan jartzea ere. Gozatu dezagun eguna festa giroan, mahaiaren bueltan, familian eta lagun artean, eta tartea utzi hausnarketari ere», gaineratu dute.

Hain zuzen, Euskal Jaiaren eta Babarrunaren Festaren uztarketa izango da azokaren ezaugarririk bereizgarriena segurueniki, bi jaiek bat egingo baitute Tolosako kaleetan barrena.

Horrela, babarruna izango da larunbateko festa herrikoiaren ardatz eta protagonista, eta haren bueltakoak izango dira egitarauko hitzordu nagusiak. 15 saltoki izango dira Triangulo plazan 09:00etatik 14:00etara, eta goizean zehar bi lehiaketa egingo dira.

Tolosako Babarrunaren 28. Ekoizleen Lehiaketarekin hasiko da eguna, 06:30ean, ordu horretan piztuko baitituzte suak ekoizleen lehiaketako babarrunak prestatzeaz arduratuko diren sukaldariek. Eskualdeko ekoizle ugarik parte hartu ohi du txapelketan, eta inguruko sukaldariek patroi bera jarraituz prestatuko dituzte babarrunak Triangulo plazan.

Aurtengo ale onenaren ekoizlearen izena 12:45ean jakinaraziko dute Tolosako Babarrunaren Kofradiako kide Miriam Arandiak, Ilargi jatetxeko Mireia Carcellerrek, Bailara jatetxeko Enrique Fleischmannek eta gonbidatu batek osatutako epaimahaiak.

Halaber, Gure Kaiola elkarteak antolatuta, Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoaren 35. edizioa ere egingo da. Aurten San Frantzisko pasealekuan egingo da lehen aldiz, Tolosako babarrunik onenak zein bikotek sukaldatuko ebatzi nahian.

Guztira, 21 bikotek hartuko dute parte, eta 08:30ean hasiko dira babarrunak pixkanaka prestatzen. Ekoizleen Lehiaketako azken irabazle Joxe Mari Aranbururen babarrunak sukaldatuko dituzte denek, eta AMAko Javi Rivero, Xare, Karela eta Talkako Gema Garmendia, Danon Txokoako Itxaso Calviño, Martinez Jatetxeko Xabier Martinez eta Tolosako Zentro Sozio Kulturaleko Iñaki Etxeberria sukaldariek osatuko dute epaimahaia. Ebazpena 13:30ak aldera emango dute ezagutzera, ekoizleen lehiaketako sari banaketaren ondoren, San Frantzisko pasealekuan bertan.

Bestalde, babarrunaren aurtengo uzta dastatzeko aukera ere izango da, Babarrunaren Kofradiak dozenaka platertxo banatuko baititu 12:00etan Triangulo plazan. Ohiko bihurtu den moduan, bazkalorduan, herriko elkarte eta tabernetan babarrun jateak ere egingo dira.

Euskal Jaia

Jatekoaz gain, egun osoan zehar eta goizaldera arte musikaz eta dantzaz gozatzeko aukera ere izango da Tolosan Euskal Jaiarekin, kultur talde ugariren eskutik.

Besteak beste, Tolosako Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa, Udaberri dantza taldea, Kalean txaranga, Itzal musika taldea eta Jainekin txarangak jarriko diote erritmoa larunbateko festari.

Euskal Jaia izanik, soinean euskal jantziak eramateko deia egin dute jaiaren antolaketan aritu den Babarrunaren Kofradiak eta parte hartuko duten gainerako eragileek