Bidaiari

43 marrazo-espezie bereizteko gida

‘Ekuadorko arrantza-tokiei lotutako marrazoen hortzak, enborrak eta hegatsak identifikatzeko gida’ agitaratu berri dute. Andeetako herrialdean erregistratutako 64 espezieetatik 43ri buruzko informazioa eskaintzen du.

Ekuadorren erregistratutako 64 espezieetatik 43ri buruzko informazioa ematen du gidak.
Ekuadorren erregistratutako 64 espezieetatik 43ri buruzko informazioa ematen du gidak. (Getty Images)

Argitalpenak balio zientifiko handia du, 6 urte baino gehiagoko lanaren emaitza da, eta Ekuadorko Marrazoak Kontserbatzeko eta Maneiatzeko Ekintza Plan Nazionalaren kontrol- eta monitorizazio-ahaleginen parte da.

Herrialdean erregistratutako 64 marrazo-espezieetatik 43ri buruzko informazio zehatza eskaintzen du, ezaugarri biologikoak, banaketa geografikoa, gako dikotomikoak eta kontserbazio-egoera nabarmenduz.

Argitalpenaren aurkezpena Ekoizpen, Kanpo Merkataritza, Inbertsio eta Arrantza Ministerioak egin du, WWF Ecuador, MigraMar eta Estatu Batuetako Nazioarteko Garapenerako Agentziarekin elkarlanean.

«Arrantzako, aduanako eta ingurumeneko kontrolaren agenteek gorpuak, hegatsak eta hortzak (marrazoenak) aurkitu ohi dituzte, eta, beraz, marrazoen morfologiari eta taxonomiari buruzko ezagutza handia behar dute espezieak behar bezala identifikatu ahal izateko», adierazi du Andres Arens Ekuadorko Akultura eta Arrantza ministrordeak.

Gida honek arrantzaleen, hondartzako prozesadoreen eta merkatarien laguntza izan du, laginak lortzea erraztu baitute.

Krisi globala

Arrain kartilaginosoek krisi global bati egin behar diote aurre, habitataren degradazioaren eta gehiegizko arrantzaren ondorioz. Izan ere, 1970az geroztik, ugaritasun globala gutxienez %71 jaitsi da.

Munduan 167 marrazo espezie daude desagertzeko arriskuan, Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunaren arabera.

Marrazoak espezie migratzaileak dira, eta Galapagoak Itsas Erreserbaren barruan (Ekuador) espezie babestu izendatu zituzten 1989an.