Bidaiari

XII. Umorezko Antzerki Erakusketa, aitzakia paregabea Errekaldera hurbiltzeko

Teatro Indigesto talde zaragozarrak eskainitako ‘Secuestrados’ lanarekin abiatuko da, otsailaren 29an, Errekaldeko Umorezko Antzerki Erakusketa. Eta martxoaren 19an bukatuko da, Las Couchers talde valentziarraren ‘Charlas de aazucarillo’ antzezlanarekin. Aitzakia paregabea izan liteke auzora hurbiltzeko eta, bide batez, antzerkiaz gozatzeko.

Aurtengo edizioko kartelaren irudia.
Aurtengo edizioko kartelaren irudia. (Bilbao.eus)

Beste behin ere, urtero bezala, Bilboko Udalak Errekaldeko Umorezko Antzerki Erakusketa antolatu du. Aurtengoa XII. edizioa izango da eta otsailaren 29an hasi eta martxoaren 19an bukatuko da.

Prestatutako egitarauari dagokionez, honako talde hauek ikuskizun bana eskainiko dute: Teatro Indigesto, A Vela Circo, Koilara Teatro eta Las Couchers.

Antolatutako ikuskizunetara joatea doakoa izango da, Errekaldeko udaltegiko aretoa bete arte. Edonola ere, gonbidapena ordubete lehenagotik jaso beharko da udaltegian, eta pertsona bakoitzak gehienez bi har ditzake.

Teatro Indigesto talde zaragozarrak emango die hasiera jardunaldiei ‘Secuestrados’ lanarekin, otsailaren 29an; astebete geroago, martxoaren 5ean, A Vela Circo euskal-galiziar konpainiaren txanda izango da, ‘El último que apague la luz’ izeneko antzezlanarekin.

‘Espejismo-Metamorfosis de una cucharilla’

Martxoaren 12an, berriz, Koilara Teatro euskal-katalan taldeak ‘Espejismo-Metamorfosis de una cucharilla’ lana aurkeztuko du, eta erakusketaren aurtengo edizioa bukatzeko, martxoaren 19an, Las Couchers talde valentziarrak ‘Charlas de aazucarillo’ taularatuko du. Emanaldi guztiak 19:00etan hasiko dira.

Aurreko edizioetan izandako erantzuna kontutan izanik, aurten ere, antolatzaileen ustetan, Errekaldeko Umorezko Antzerki Erakusketak arrakasta izango du. Egia esan, aitzakia paregabea da Bilboko auzora hurbiltzeko eta, bide batez, antzerkiaz gozatzeko.