Bidaiari

Biodibertsitateari buruzko Konferentzia Kalin izango da aurten

«Mundua hona etorriko da erabakiak hartzera», esan du harrotasunez Gustavo Petro Kolonbiako presidenteak honako berria jakinarazi duenean: Nazio Batuen Erakundeak Calin egingo du Biodibertsitateari buruzko Konferentzia, non 190 herrialdek hartuko duten parte.

Hiriaren irudi panoramikoa.
Hiriaren irudi panoramikoa. (RAUL ARBOLEDA)

Nazio Batuen Erakundeak Calin egingo du Biodibertsitateari buruzko Konferentzia. Urriaren 21etik azaroaren 1era bitartean egingo da Kolonbiako Ozeano Bareko hiri nagusian, Gustavo Petro Kolonbiako presidenteak iragarri duenez. «Kolonbiako eskualde bioanitzenaren alde egiten dugu, Kolonbiako Pazifikoaren alde», esan du.

Susana Muhamad Ingurumen eta Garapen Iraunkorreko ministroarekin, German Umaña Merkataritza ministroarekin eta Luis Gilberto Murillo kantziler arduradunarekin batera egin zuen agerraldia Petrok berria jakitera emateko. Hitzordua berezia dela azpimarratu zuen, «munduak Kolonbian egiten duen bilera baita» eta «gaur egun gizateriaren oinarrizko gaia jorratuko delako bertan: planetako bizitza nola zaindu». «Mundua hona etorriko da erabakiak hartzera», gehitu du.

190 herrialde baino gehiago

Azken goi-bilera 2022ko abenduan egin zen Kanadan, Txinarekin batera. Aurten, 190 herrialde baino gehiago bilduko ditu, honako helburu zehatzekin: «Biodibertsitatearen galerari heltzea, ekosistemak lehengoratzea, onurak modu zuzen eta bidezkoan banatzea eta herri indigenen eskubideak babestea». Biosegurtasunari eta baliabide genetikoen erabileratik eratorritako etekinen banaketari buruzko bilerak ere egingo direla aurreratu dute.

Anitza izango da, halaber, parte-hartzea: erakunde behatzaileak, gazte-taldeak, gizarte zibila, publiko orokorra... Natura babestu eta leheneratzeak duen garrantziaz negoziatu eta eztabaidatuko dute. 2030erako 23 jomuga ezarriko dituzte eta 2050erako, berriz, lau helburu.