Bidaiari

Arabako eskaintza turistikoa, Madril, Bartzelona eta Zaragozan

Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak beren eskaintza turistikoa ezagutaraziko dute egunotan Madrilen, Bartzelonan eta Zaragozan eta, horretarako, lurraldearen natura, ondare eta enogastronomiaren irudi ikusgarriak erakutsiko dituen kamioi tematizatu bat erabiliko dute.

Gasteizko irudia.
Gasteizko irudia. (gasteiz.org)

Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak beren eskaintza turistikoa ezagutarazteko erabiliko duten kamioi tematizatuak Bilbo eta Donostia bisitatuko ditu lehenik, sustapena egiteko eta hurbileko turismo baten bila dabiltzan bidaiariak erakartzeko.

Kanpainaren edukia da, arduradunen esanetan, «azken publikoa liluratzea, zuzenean ezagutzera emanda gure naturaren, ondareren eta enogastronomia ezagunaren eskaintza». «Bisita gaitzaten limurtuko ditugu, eta bidaia agentziei, bidaia antolatzaileei eta prentsa espezializatuari helmuga aurkezteko aukera ere aprobetxatuko dugu», esan dute.

Zenbait hiritan

Bada, turismo bulego ibiltaria Madrilgo Las Ventas zezen plazaren kanpoko aparkalekuan egongo da martxoaren 4 eta 5ean; 6an eta 7an, Garaipenaren Arkuaren eta Ziudadelako parkearen ondoan izango da, Bartzelonan; eta, azkenik, ostiralean, martxoaren 8an, Zaragozako Jose Antonio Labordeta parkean.

Kamioiaren atoia da kanpainaren elementu nagusia, eta Arabako baliabide nagusietako batzuen irudi ikusgarrien biniloak ditu jarrita: Santa Maria katedrala, Gasteizko harresia, Gatz Harana, Gorbeiako Parke Naturala, Arabako Errioxa, Nerbioiko ur jauzia, Erdi Aroko hiribilduak (Urizaharra, adibidez), Arabako gastronomia ezaguna eta zenbait ekitaldi, hala nola Andra Maria Zuriaren jaiak eta Gasteizko Jazzaldia.

Atoiaren barruko espazioa handitu egin daiteke aparkatu ondoren, segundo batzuetan eta sistema hidrauliko baten bidez, eta prestatuta dago komunikabideei eta bidaia agentziei helmugaren aurkezpena egiteko eta bilerak egiteko.

Halaber, kamioiaren ondoan turismoa sustatzeko gune bat jarriko da, azken publikoari zuzendua, eta bertan lurraldea eta hiriburua ezagutzeko eta gozatzeko proposamenei buruzko informazioa emango da.

Kanpaina ibiltaria udaberrian izango da Bilbon eta Donostian, eta jarraipena emango dio 2023an Espainiako hainbat hiritan zehar ibili zen autobus tematizatu baten bidez egindakoari (Santiago de Compostela, A Coruña, Oviedo, Sevilla, Malaga eta Cadiz). Gainera, sustapen ekintzak egingo dira urteko bigarren zatian Europako merkatu estrategikoetan.