Bidaiari

«Naturaren edertasun liluragarrira», Suncine Ingurumeneko Zinema jaialdian

Ingurumen, sozioekonomia eta kultura arloetan Planetak bizi duen egoerari buruzko «gerturatze errealista, konprometitua eta kritikoa» eskainiko du aurten Suncine Ingurumeneko Zinema Nazioarteko Jaialdiak Gasteizen.

Bost film luze, hiru labur eta animazioko bost lan labur eskainiko ditu jaialdiak.
Bost film luze, hiru labur eta animazioko bost lan labur eskainiko ditu jaialdiak. (gasteiz.org)

Suncine Ingurumeneko Zinema Nazioarteko Jaialdiaren 20. edizioa ospatuko da martxoaren 11tik 22ra Gasteizen, Aldabe gizarte etxean.

Bost film luze, hiru labur eta animazioko bost lan labur eskainiko ditu jaialdiak. Gainera, tokiko dokumentalek ere tokia izango dute, ‘Zure platerean hasten da mundua’ lanarekin; Suncine jaialditik kanpo egindako lana da, tokiko produkzio egiturari eta agroekologiari balioa ematen diena.

Gure ingurunearekiko konpromisoa

Suncine jaialdiaren zuzendari Jaume Gilek adierazi du «jaialdi bat baino askoz ere gehiago» dela. «Gure ingurunearekiko konpromisoa izateko, aldaketa positiborako gogoeta egiteko eta gure espeziearen eta planetaren etorkizuna bermatzeko gunea ere bada», gaineratu du.

Bestalde, Gasteizko Udaleko Ingurumeneko zinegotzi Borja Rodriguezek esan du aurtengo edizioak «naturaren edertasun liluragarrira» gerturatuko dituela ikus-entzuleak.

Gainera, egungo krisi ekosoziala egituratzen duten hainbat gairi buruzko hausnarketa eragingo duela aipatu du, hala nola «elikaduraren gaia eta ikuspegi agroekologikoa, gure baso eta itsasoen egoera, baliabideak bereizketarik gabe erauzteak bizitzan eta gizartean duen eragina, hainbat herrik naturarekin duten harremana, ekosistemen degradazioa eta abar».