BIdaiari

La Encartada Fabrika-Museoan, Vicente Porto Paúl gudariaren manta ikusgai

Egunotan eta ekainera arte, Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoak pieza berezia du ikusgai Bilduma programaren barruan: Vicente Porto Paúl gudariaren manta. Jatorrizko artzain manta, azkenean, gudari manta bihurtu zen.

Erakusketaren irudi  bat.
Erakusketaren irudi bat. (Bizkaia.eus)

Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoak Bilduma programaren barruan, lau hilean behin, bildumako pieza, elementu edo objektu bati eskainitako erakusketa txiki monografiko bat eskaintzen du, haren funtzioa, ezaugarriak eta garrantzia ezagutzera emateko. Egunotan eta ekainera arte, museoa bisitatzen dutenek esanahi historiko handiko pieza bat ikusi ahal izango dute: Vicente Porto Paúl gudariaren manta.

Dena dela, joan aurretik erreserbak egin behar dira. Mezu bai bidaliz laencartada@bizkaia.eus helbidera edo 94 94 680 07 telefonora deituz.

La Encartada Fabrika Museoak aukera ematen du antzinako fabrika bat ezagutzeko, duela 100 urte baino gehiago sortu zena egoera berean bisitatzeko. XIX. mendeko fabrika hau museo da 2007az geroztik. Harrezkero, bisitariak gonbidatzen ditu industria-iraultzaren hasierara bidaia berezia egitera.

Museoak berak zehazten duenez, ehun urtean zehar artikulu asko sortu ziren fabrikan. Haren ehundegietatik txalupak, galtzerdiak, txanoak... atera ziren, bai eta erakusketa txiki honek erakusten dituen bezalako mantak ere. Artilezko piezak, ehundura lodi eta hauskaitzekoak, zeini aplikatzen bazitzaien bilbea eta irazkia bateratzen dituen erdiko batanatua, muturrak fleku solteetan errematatuta. Emaitza berokirako oinarrizko artikulu bat zen, eta manta gisa duen erabileraz gainera, kapote moduan ere erabil zitekeen euriaren eta haizearen kontra. Lurrean bertan bizi eta funtzio anitzeko aplikazio-elementu bat behar zutenentzat, zuten erabilgarritasunagatik, artzain-mantak deitu zieten, baina beste erabilera batzuetarako ere baliatu zituzten. Adibidez, infanteriako soldaduek 1960ko hamarkadara arte izandako gatazka militar ia guztietan erabili zituzten.

Artzain manta, gudari manta

Museoan ikusgai dagoen artzain-manta edo gudari-manta Vicente Porto Paúlena izan zen. 1936ko Gerra Zibilaren testuinguruan armada milizianoaren batailoietako bateko gudaria izan zen, zehazki, EAE/ANV 1 Olabarrikoa.

1936an herri-armada mantaz hornitzeko, hainbat enpresa erabili zituzten mantak ekoizteko, besteak beste, La Encartada SA. Oinarrizko manta horiek aukeratu zituzten, artzain-manta gisa ezagunak, eta oraindik fabrikan kontserbatzen diren Ninet ehungailu katalanetan egin ziren.

Memoria irazki eta bilbearekin

Artzain-manta gisa egina, Vicente Porto Paúl gudariaren ekipamendu militarrerako baliatu zen. Gerra amaitutakoan, Vicenterekin batera etxera bueltan joan zen, eta hainbat hamarkadatan lisatzeko oinarri gisa erabili zuten. 2007an, Vicenteren familiak museoari eman zion dohaintzan. Museoan, orain, hura fabrikatu zuten pertsonen eta makinen memoria gisa ageri da, baina bai eta gerra-agertokian lagundu zion gizonaren lekukotza gisa ere. Manta bat, ondare industrial eta beliko baten ikur eta eredu gisa, baina, batez ere, bizitza-ikurra.