Bidaiari

‘Naturaz Blai’ kanpaina berria, Araialdean

‘Naturaz Blai’ kanpaina berria abiarazi du Aiarako Kuadrillak, egun Laudio, Amurrio, Aiara, Artziniega eta Okondo udalerriek osatzen dutena. Araialdea leku aproposa omen da deskonektatu eta aske ibiltzeko.

 

Kanpaina berriaren kartela.
Kanpaina berriaren kartela. (Aiarako Kuadrilla)

Aiarako Kuadrillak ‘Naturaz Blai’ Aste Santuko kanpaina berria abiarazi du. Helburua du bidaiariak Aiaraldea bisitatzera gonbidatzea, deskonektatu eta aske ibiltzeko helmuga egokia omen delako. Antolatzaileen esanetan, «Aiaraldeak denetarik dauka deskonektatu eta Aste Santu lasai batez gozatzeko, bere naturari, inguru ederrari, historia duten herriei, gastronomia goxoari eta bere Arabako Txakolin preziatuari esker».

Aiaraldeak eskaintzen dituen aukera ugariak azaltzen dituzte: «Bertako udalerriak eta historia bisitatu, bertako txakolindegiak eta gaztandegiak ezagutu, bertako natura ederra ikusi, esperientziak bizitzera ausartu, gastronomia bikaina eta, jakina, Arabako Txakolinaz gozatuz, presarik gabeko egun zoragarriak “dastatzeko”». 

Eskualdea Arabako ipar-mendebaldean dago, Nerbioi ibaiaren goi-arroan, eta komunikazio bikaina du Gasteiz eta Bilbo hiriburuekin. Horrela, ingurune natural eder honen lasaitasuna, kultura eta ondare zabala uztar daitezke eskualde irisgarri eta hurbil honetan.

Aiaraldea: Naturaz Blai

Bere inguruneari esker naturaren gardentasuna gozatzeko leku «idilikoa» da, paisaia menditsuz eta “berdez” eta Nerbioiko Jauzia bezalako leku zoragarriez inguratuta; 222 metro baino gehiagoko ur-jauzi magikoa du, penintsula osoko garaiena eta Europako bigarrena. Delikako haitzartean sartzen dena erorikoaren beste ikuspegi berezia lortuko du.

Bisita merezi duen beste leku ikusgarria Gorobel mendilerroa da; bertatik panoramika ikusgarriaz goza daiteke. Gainera, leku paregabea da sai zuria, belatz handia edo sai arrea bezalako hegaztiak ikusteko.

Familia-planak aire zabalean

Bestalde, familia-planak gustuko dituztenek hainbat ibilbide aurkituko dituzte eskualdean familiako txikiekin egiteko. Goikomendi eta Kuxkumendi, Maroñoko Urtegia eta Garrastatxu haurrentzako zailtasunik gabeko ibilbideak dira.

Haurrentzako planak, dena dela, asko eta askotarikoak dira, esaterako ‘Robleda de los Sueños’ bisitatzea, non 25 margolarik bertako haritzen azalean egindako lanaz goza daitekeen. Leku maitagarria, inspiratzailea eta artez betea. Nerbioiko Parke Lineala ere ezagutzea merezi du. Laudio eta Amurrio lotzen ditu 8 kilometrotan eta oinez edo bizikletaz egin daiteke.

Horrez gain, Aiaraldeak aisialdirako eta turismo aktiborako eskaintza zabala eskaintzen du: zaldiz ibiltzeko ibilbideak, errepideak eta bidexkak, birding-aren praktika, mendi-ibiliak, globo hegaldiak, parapentea, amildegien jaitsiera...

Ondare eta kultura

Eskualdeko museo-eskaintza ere zabala eta askotarikoa da, eta bisitaria beste garai batzuetara eramaten du; aldi berean, bere udalerrien historia erakusten die eta eskualdeko berezko artea eta tradizioak ematen ditu ezagutzera. Euskal tradizioak ezagutzeko museoak dira, esaterako Amurrioko Likorearen Museoa, Artziniega Museoa eta Museo Sakratua edo Santxotena Museo-Tailerra.

Arabako Txakolina

Zalantzarik gabe, bisitariak ezinbestean dastatu beharko luke Aiaraldeako erreferente gastronomikoa: Arabako Txakolina. Aukera ona da familia-upategietara joatea eta txakolina egiteko prozesua bertatik bertara ezagutzea. 

Jakina, gaztaren mundu zoragarrian murgiltzeko aukera ere eskaintzen dute gaztandegiek, bertako instalazioak bisitatuz, gazta egiteari buruzko azalpenak jasoz eta bertako produktu goxoak dastatuz.