Bidaiari

Laburbirak 35 herri zipriztinduko ditu euskal zinemaz

Laburbira euskarazko film laburren zirkuituak 35 herri zipriztinduko ditu aurten zinemaz. 8 lanez osatutako bilduma eskainiko du apirilaren 12tik maiatzaren 12ra arte. Bergaran abiatuko da eta bukatu, berriz, Markina-Xemeinen.

Zortzi film labur eskainiko ditu Laburbirak 35 herritan.
Zortzi film labur eskainiko ditu Laburbirak 35 herritan. (irudienea)

Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen duen Laburbira euskarazko film laburren zirkuitu ibiltariaren 21. aldiak apirilaren 12an hasiko du bere ibilbidea, Bergaran, eta maiatzaren 12an amaituko du, Markina-Xemeinen. Orotara, 35 herritan ikusi ahal izango da zortzi filmek osatutako bilduma.

Zortzi lan

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, bilduma osatzen duten zortzi film laburretako asko ibilbide oparoa egindakoak dira dagoeneko mundu zabaleko zinema jaialdietan. Hain zuzen, honako hauek dira ikusiko diren zortzi lanak: ‘Dena asmatuta dago’ (Jone Arriola), ‘Katalinaren zoria’ (Guillermo Ordas), ‘Erro’ (Amaia Lejarreta), ‘Babesa’ (Ander Iruretagoyena), ‘Mundu berri bat’ (Mikel Alvarez), ‘Zirrara’ (Ane Cuesta), ‘Talkak’ (Ilune Diaz eta Jordi Nuet) eta ‘Betizu buru’ (Kim Maiteny Munoa) dira

«Gaur egungo euskal zinemagintzaren erakusgarri aparta da Laburbiraren XXI. edizioko film labur sorta. Eta edukiz zein estiloz denetariko lanez osatua dagoenez, euskal sortzaileen lanetaz gozatzeko aukera eskainiko die herritarrei», esan dute antolatzaildeek.

Gainera, eta urtero bezala, aurtengoan ere hainbat zuzendarirekin solasaldiak egiteko aukera izango da zenbait emanalditan. Laburbiraren aurtengo edizioari buruzko informazio osoa weborrian aurki daiteke.

Beraz, zinema zaleek aitzakia egokia dute bai Euskal Herriko zenbait herri bisitatzeko bai egungo euskal zinemagintzaz gozatzeko.