Bidaiari

Mexikoko fisikariak piramide baten bila dabiltza Chichen Itzako Kukulcan gazteluan

Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoko eta Chicago State Universityko fisikariak piramide baten bila ari dira Kukulkaneko Gazteluaren barruan, Mexikoko hegoaldeko Chichen Itza arkeologia-gunean, izpi kosmikoek sortutako muoien bidez.

Kukulkan piramidea Chichen Itza arkeologia-gunean.
Kukulkan piramidea Chichen Itza arkeologia-gunean. (Getty Images)

Arturo Alejandro Menchaca Rocha UNAMeko Fisika Institutuko ikertzaileak esan duenez, «helburua azpiegituraren barne-dentsitatearen patroiaren irudi bat ateratzea da, erradiografia baten antzekoa»; izan ere, arkeologoek uste dute azpian piramide txikiago bat aurki daitezkeela.

Azken bi urteetan ari dira lanean Chicago State University-ko Edmundo García-Solisek sortutako nazioarteko proiektuan, 1931n aurkitutako azpiegituraren azpian zer dagoen jakiteko. «Une honetan, Estatu Batuetan detektagailu baten zatiak eraikitzen ari dira eta Mexikon, berriz, zuloa aurkitzeko euskarriak», zehaztu du.

Mexikon muoi metodoa aplikatzen aitzindari izan denak onartu du ez dakitela zer aurkituko duten Kukulkaneko Tenpluaren erradiografia egitean, «baina, emaitza edozein dela ere, aurkikuntza baliotsua izango da». Teknika Egiptoko piramideetan erabili zen lehen aldiz, eta orain Mexikon, «herrialde gutxik dituztelako piramideak», gehitu du.

Kukulkanen hilobiaren bila

Menchacak adierazi du espero dutela bilatzen ari diren piramidearen barruan egotea Kukulkan-Quetzalcoatlen hilobia, baina «erantzun hori arkeologoek» emango dutela onartu du. «Iruditzen zait gaztelua zeremonia eta sakrifizioetarako sortu zela, baina norbait baldin badago hor lurperatuta, datorren urtean jakingo dugu», adierazi du.

Gune Arkeologikoak Hobetzeko Programaren zuzendari Francisco Perez Ruiz arkeologoaren hitzetan, berriz, «agian, ezkutatutako kameraren bat aurkituko dute gazteluaren azpiegituraren azpian», 2007an munduko mirari berrietako bat izendatu zutenaren azpian, alegia.

Zenbait ikertzaileren ustez, maia-tolteka eraikinaren barrualdea Palenqueko “Las Inscripciones’ piramidearen antzekoa da. «Han aurkitu zuten Pakalen hilobia eta Gazteluan Kukulkan-Quetzalcóatlen aztarnak aurkituko dituzte».