Bidaiari

Otxarkoaga eta Txurdinaga auzoak bisitatzeko aitzakia aproposa: magia

Otxarkoaga eta Txurdinagako Magia Topaketak hasiko dira maiatzaren 3an. Aurten, 20 urte betetzen dituenez, argazki erakusketa bat ere antolatu dute, topaketen bilakaera eta ibilbidea erakusten duena.

Magia izango da topeketen ardatza.
Magia izango da topeketen ardatza. (Getty Images)

Maiatzaren 3an abiatuko dira Bilboko Udalak urtero antolatzen dituen ‘Magiaren Topaketak’. Aurten, gainera, edizio berezia izango da, 20 urte beteko dituelako egitasmoak. Horregatik antolatu dute argazki erakusketa, non aurreko edizioetako ibilbidea erakutsiko den. Maiatzaren 4tik aurrera bisitatu ahal izango da hilabete osoan zehar Otxarkoagako Udaltegian, 08:30etatik 21:00etara.

Maiatzean, Otxarkoaga–Txurdinaga 3. barrutiak magia ardatz duten 11 hitzordu hartuko ditu. Maiatzaren 3an, 19:00etan, ‘Euskal Magoak on Stage’ gala eskainiko da, euskaraz, eta Xabi Linazasoro, Tor- Txoborro, Marsel magoa, Eriz magoa, Asier Kidam eta Imanol Ituiño magoen partaidetzarekin.

‘Munduko Izarrak’

Maiatzaren 4an, ‘Munduko Izarrak’ galaren txanda izango da. Ekitaldi hori gaztelaniaz egingo da eta ordu berean Murphy, Gisell, Arkadio eta Solange Kardinaly mago multisarituek hartuko dute parte.

Ohi baino pixka bat beranduago, maiatzaren 10ean, 19:30etik aurrera, Jaque Magoaren emanaldia programatu da, gaztelerazko ‘Puro imposible’ ikuskizunarekin.

Maiatzaren 14an Imanol Ituiñok ‘Magia parrastan’ ikuskizuna aurkeztuko du euskaraz, 18:00etan, Otxarkoagako Udal Liburutegiarekin elkarlanean. Gainera, Enrique Echezarrak eta David Blancok ‘Magos y psíquicos. Paranormalaren eta ilusionismoaren arteko muga’ eskainiko du, maiatzaren 9an, 19:00etan.

Ondoren, maiatzaren 24tik 26ra bitarteko asteburuan zehar, magia kalera aterako da eta oso emanaldi bereziak eskainiko dira Txurdinagako Jardines de Garai plazan. Horrela, maiatzaren 24an, ostirala, Hodei Magoak ‘Wonder’ ilusio handiko ikuskizuna eskainiko du euskaraz.

Larunbatean, hilak 25, formatu handiko hiru emanaldi izango dira, guztiak gaztelaniaz. 13:00etan Mad Martinen txanda izango da, umorea eta magia uztartzen dituen ‘Chan-Tún, el mago argen-chino’ lanarekin. Jon Zabal mentalistak ‘Nexo. Kabaret psikikoa’, 18:30etatik aurrera, eta jardunaldiari amaiera emateko, Teto Magoak ’Rock `N 'Magic’ eskainiko du 21:30ean, keinu eta magia jokoekin.

Azkenik, edizio berezi honi amaiera emateko, igandean, hilak 26, 13:00etan, Yurgen et Florette bikote frantziarrak ‘Enchanté’ aurkeztuko du.